NAIZ
Dima

Dimako Udala izango da edozein proiekturen hizkuntza-inpaktuak ebaluatuko dituen lehena

Dimako Udalak aurrera atera nahi duen edozein plan edo proiekturi baiezkoa eman aurretik, hizkuntza-inpaktuei buruzko ebaluazioa gainditu beharko du aurrerantzean, ordenantza berriaren arabera.

Dima izan da ELE aplikatuz ordenantza bat onartzen lehena.
Dima izan da ELE aplikatuz ordenantza bat onartzen lehena. (DIMAKO UDALA)

Dimak UEMAk Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) aplitzatzeko zehaztutako metodologia jarraitzea erabaki du, horretan oinarritutako ordenantza onartu duen lehena izanik.

Herriak argi du udalek onartzen dituzten plan eta proiektuek eragin zuzena izan dezaketela hiztun komunitatean; «biztanle-kopurua edo herria bisitatzen dutenen kopurua handitu dezakete, herritarren ohiturak aldatu, edo herriko egoera soziolinguistikoan bestelako eraginak izan ditzakete», aipatu du.

Hala, onartu berri den ordenantzaren bidez, ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazioak egiten diren bezala, hizkuntza-inpaktuei buruzko ebaluazioak egiten hasiko dira edozein plan edo proiektu onartu aurretik.

«Gure eginkizuna ere bada udalean horrelako ordenantzak onartzea; ondorengoei ere gauzak ondo egiteko tresnak ematea, eta egingo denaren bermea izatea. Lana errazten du ordenantzak eta bideorri bat markat. Oso argi daukagu euskara zeharkako gaia dela. Lantalde txikia daukagu eta denok daukagu argi euskararen presentzia, erabilera eta sustapena denoi dagokigula», adierazi dute Dimako Udaleko ordezkariek.

Aurrerantzean, herriko plan eta proiektuei jarraipen sistematikoa egingo zaie, eta, horretarako, eragin linguistikoa ebaluatzeko batzordea izendatu dute, eta batzorde horren egitekoa zehaztu. Bertako hiri-antolamenduari eta turismoari lotutako planetan ELE aplikatzeaz gain, bestelako plan eta proiektuetan ebaluatu ahal izango da hizkuntza-inpaktua: besteak beste, merkataritzagune handiak eraikitzeko proiektuetan; etxebitzitzen eraikuntzarekin lotutako plan guztietan; aisialdiari lotutako plan eta proiektuetan; zein zerbitzu ekipamenduak eraikitzeko proiektuetan.

Herrian garatuko den plan edo proiekturen batek hizkuntzaren egoeran inpaktu negatiboa izango duela ondorioztatuz gero, hainbat neurri zuzentzaile edo aringarri aplikatu ahal izatea aurreikusten du ordenantzak.