Jon Ormazabal

Aretxabaletak amaitutzat emango du bere ibilbide profesionala eta Aspek Exposito fitxatu du

Markinarrak urriaren 22an agur ekitaldi bat izango du Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta astigartarrak bere profesional mailako lehendabiziko partida Promozio mailako Lau eta Erdikoan jokatuko du, Beotibarren, 8an.

Andoni Aretxabaleta, Markinan ateratako argazki batean.
Andoni Aretxabaleta, Markinan ateratako argazki batean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Esku pilotako profesionalen koadroak bi aldaketa izango ditu urrian zehar, gaur bertan jakitera eman dutenez, Andoni Aretxabaletak bere ibilbideari amaiera emango diolako urriaren 22an Bilbon eta aste batzuk lehenago, urriaren 8an, profesionaletara saltoa emango baitu Hodei Expositok Tolosan, bi urterako kontratua sinatu eta gero.

Markina-Xemeingo atzelariari dagokionean, 11 urteko ibilbide bat itxiko du, 18 urte zituela, 2011ko uztailaren 11n bere herriko Unian egin baitzuen debuta, denera 396 partida jokatuta. Kirol alorrean, 20114an jokatutako Binakako finala izango du bere gailurra, –8 aldiz aritu da Binakakoan– baina hortik harago, bere naturaltasunagatik eta frontoietan eta handik kanpo beti jarri izan duen giro onagatik asko botako dugu faltan.

Agurrerako bi arrazoi nagusi batu dira, alde batetik, Baikorekin zuen kontratua amaitzeko zorian da eta enpresak ez zeukan hitzarmen hori luzatzeko asmo handirik eta bestalde, duela gutxi entrenamendu batean ezker eskuko laugarren hatzean hartutako kolpeak lesio zahar bat berragerrarazi dio. Aretxabaletari duela hiru urte hatzean ezarritako inplantea hautsi zaio eta berriro pasa behar du ebakuntza gelatik. Bi faktore hauek bere ibilbide profesionalari amaiera ematera bultzatu dute. Tamalez, ezin izango du zuriz jantzita agur esan, 14an egingo diote ebakuntza, baina ziurrenik izango da markinarra pilotan berriz ere jokatzen ikusteko aukerarik, osatutakoan ez baitu gerrikoa eskegitzeko inolako asmorik.

Enpresako orrialdean eskegitako bideo batean, horrela azaldu du erabakia Andoni Aretxabaletak. «Bideo honen bidez adierazi nahi dut nire pilotari profesional ibilbidea hemen amaituko dela, hatzamarreko lesio larri xamar bat egin dut eta ezingo dut gehiago pilotan jokatu eta amiera  txarra den arren, 18 urterekin debutatu nuen ia 12 urteko  kirol ibilbidea izan da, momentu on asko bizi izan ditut, lagun pilo asko egin ditut, onak gainera eta bizitza  osorako  gordeko ditudan bizipena nahiz eta arantza batzuk hor geratzen diren, hainbeste lesio, Aimarrekin jokatutako  final hori , baina  lehen mailako partida asko jokatzeko aukera izan dut eta nahiko urtetan eta horrekin geratzen naiz  eta hemendik  aurrera frontoietara gerturatuko naiz eta elkar ikusiko dugu».

Zuzenean lehiatzera

Profesionaletan lur hartzeko denborarik gabe helduko zaio Hodei Exposito aurrelari astigartarrari lehen txapelketa, asteartean Bilbon aurkeztuko duten Promozio mailako Lau eta Erdikoa izango baita Asperen elastikoa soinean duela jokatuko duen lehen partida. Bi urterako kontratua sinatu du 23 urteko aurrelari indartsuak Eibarko enpresarekin eta Tolosako Beotibarren jokatuko du bere lehen partida hori. Ez da hil edo biziko partida bat izango, bigarren mailako kaiolakoa ligaxka batekin hasiko delako. 

Asperen web orrialdean egindako adierazpenetan, Expositok bere umetako ametsetako bat beteko duela esan du. «Umetan amets egiten duzu profesionaletan jokatzearekin eta Asperekin Tolosan debuta egin ahal izatea amets handi bat betetzea da». Profesionaletan hasiberriak diren guztiei gertatzen zaien moduan, Astigarragakoak oso argi ditu zeintzuk diren bere helburuak. «Jendeak goza dezala nire jokoarekin eta, pertsonalki, Aspek eman didan aukera honekin gozatu nahi nuke».

Gipuzkoarra oso aurrelari indartsu eta oldarkorra da, kantxan ikuskizuna ematen duena bere eskuin bizi horrekin. Tanto asko egin eta dezente galtzen duen horietakoa, baina azken hilabeteetan aurrerapauso handia eman omen du bigarren alor horretan eta Aspeko teknikariekin zenbait urtez entrenatzen aritu ostean, orain ikusi dute jauzia emateko prest dela. Azken urteetan debut bakoitzak agur bat ekarri ohi du berarekin eta kasu honetan Victor Esteban izan liteke profesionaletako lekua gal dezakeena.

 

Hodei Exposito

 

Mastersaren azken txanpa

Sanmateotako geldialdiaren ostean, asteburu honetan emango zaio amaiera udako feria nagusiekin jokatu den Caixabank Mastersari. Iruñeako Nafarroa Arena izango da azken txanpa honen egoitza eta ostiral honetan bertan gauez jokatuko den lehen jaialdia jasoko du eraikin erraldoiak. Bi finalerdi jokatuko dira gauetako hamarretatik aurrera, lehenengoan Ezkurdia-Mariezkurrenak, lehen faseko bikoterik onenak, Jaka-Zabaletaren aurka jokatuko dute eta bigarrengoan Altuna III.a-Imazek Irribarria-Albisuren aurka. Garaileak igandean itzuliko dira Nafarroa Arenara finala jokatzera.