NAIZ

Lakuak ‘Arabako mahastiak’ etiketa babestu du eta kontrako neurrien bila dabil DOC Rioja

Lakuak espainiar Nekazaritza Ministerioaren erabakiaren zain egongo zela iragarria bazuen ere, proiektuarekin bat egiten duten upeltegiek ‘Arabako Mahastiak’ jatorrizko deitura pean merkaturatu ahal izango dituzte ardoak espainiar Estatuan. DOC Riojak neurri legeak aztertuko dituela erantzun du.

Guardiako mahasti bat. (Juanan RUIZ | FOKU)
Guardiako mahasti bat. (Juanan RUIZ | FOKU)

EAEko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) astearte honetan argitaratu du Arantza Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko urriaren 7ko Agindua, ‘Arabako Mahastiak/Viñedos de Alava’ jatorrizko deitura babestua onartu eta «babes nazional iragankorra» ematen duena.

Aldi baterako baimena da, ABRAk uztailean izapidetu zuen eskaerari erantzuteko. Izan ere, azken erabakia Europako Batasunari dagokio eta, aurka eginez gero, elkarte horrek marka hori kendu beharko du. Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua eta Errioxako Gobernua etiketa honen aurkakoak dira.

Errioxako Jatorri Deitura Kalifikatuaren (DOC) Kontseilu Arautzailearen osoko bilkurak, hain zuzen, ostiral honetan aztertuko ditu 'Arabako Mahastiak' babes nazional iragankorraren emakidaren aurkako legezko neurriak.

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren 2021eko martxoaren 10eko ebazpenaren bidez, ‘Arabako Mahastiak/Viñedos de Álava’ Jatorrizko Deitura Babestua babesteko eta inskribatzeko eskaeraren aldeko erabakia hartu zen. Ebazpen hori 2021eko martxoaren 25eko EHAAn argitaratu zen.

Ebazpen hori, gainerako espedientearekin batera, espainiar Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriora bidali zen, babesteko eta inskribatzeko eskaera Europako Batzordeari helarazteko. 2022ko maiatzaren 13an berretsi zuen harrera.

Astearte honetako EHAAn jasotakoaren arabera, europar erakundearen araudiak, mahastizaintza eta ardogintza sektoreko jatorri-deiturak, adierazpen geografikoak eta termino tradizionalak babesteko eskaerei, aurkakotza prozedurari, erabilera murrizketei, baldintza agiriko aldaketei, babesa ezerezteari eta etiketei eta aurkezpenari dagokienez, hau ezartzen du: «Estatu kideek babesa eman ahal izango diote izen bati, modu iragankorrean eta maila nazionalean soilik, babes eskaera Batzordeari bidali zaion egunetik aurrera».

Horrela, ‘Arabako Mahastiak/Viñedos de Alava’ Jatorrizko Deitura Babestua onartzen da eta, Europako Batzordeak inskripzioari buruzko erabakia hartu arte, «babes nazional» iragankorra ematen zaio ‘Arabako Mahastiak/Viñedos de Alava’ Jatorri Deitura Babestuari. «Babes nazional» hori Europako Batzordera bidalitako baldintza agiriko zehaztapenak betetzen dituzten ardoak merkaturatzeko bakarrik erabili ahal izango da.

Gainera, Lakuako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuaren aginduaren bidez, baimena ematen zaio Hazi Fundazioari jatorrizko deiturako produktuak kontrolatzeko eta ziurtatzeko lanak egiteko.

Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak (ABRA) proposatutako zuzendaritza batzorde batek beteko ditu, behin-behinean, Babestutako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen eginkizunak etiketak eta horien erregistroak kudeatzeko, harik eta arautegia eta horrek dituen organoen eraketa onartu arte.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita (urriaren 19a); bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Marka berri horrek Errioxako Gobernua eta Errioxako JDKren Kontseilu Arautzailea aurrez aurre jarri ditu, eta prozesu bat hasi du inskribatutako mahastien esklusibotasuna blindatzeko. Horrek eragotzi egingo luke ‘Arabako mahastiak’ izenekoan bildu nahi diren upeltegiak JDKaren babespean egotea. Errioxako PPk dagoeneko eskatu dio bertako Aldundiari errekurtsoa jartzeko.

ABRA, «pozik»

Arabako Errioxako Upeltegien Elkartea pozik agertu da lortutako bermearekin eta zehaztu du datorren urtera arte interesa duten upategiek ezingo dutela izen hori duen ardorik merkaturatu.

ABRAko zuzendari gerenteak, Ines Baigorrik, Efe agentziari azaldu dio «Babes Nazional Iragankorra» argitaratu dela astearte honetan eta, horren bidez, proiektu honekin bat egiten duten upeltegiek ‘Arabako Mahastiak-Viñedos de Alava’ Jatorrizko Deitura Babestuaren pean merkaturatu ahal izango dituzte beren saldak.

Mahats bilketa amaitu denez eta izendapen berri hau sortzeko prozesua hasi berri denez, ABRAk ziurtzat jotzen du datorren urtera arte etiketa berria ez dela merkaturatuko.

Errioxa Jatorri Izenaren Kontseilua ostiralean bilduko da

Errioxa Jatorri Izenaren Kontseilu Arautzaileak iragarri duenez, ostiralean egingo duen bilkuran aztertuko du zein neurri hartuko dituen. Lakuako Gobernuaren erabakiarekin bere «desadostasun osoa» azaldu du eta «auzitara jotzeko ekintza administratiboa» dela nabarmendu du.

Kontseilu Arautzaileko presidenteak eta zuzendari nagusiak, Fernando Ezquerrok eta José Luis Lapuentek, hurrenez hurren, honako hau iragarri dute prentsa-agerraldi batean: «Kontseiluaren eginbeharra, eta ia aho batez, osoko bilkurak esan digunez, 97 urtean zehar sortu den markaren balioa defendatzea da». Era berean, «Arabako Mahastiak sortzean, hainbaten aldetik nolabaiteko desleialtasuna dagoela ziurtatu dute.

Ezquerrok nabarmendu duenez, «ez digute erabakia jakinarazi, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez jakin dugu», eta, beraz, «geure burua defendatu behar dugu eta noranahi joan, babesten jarraitzeko».

Lapuentek gaineratu duenez, Lakuak eman duen urratsa «zuhurtziagabea» da, ez baitu itxaron Bruselara bidalita dagoen espedientea ebatzi arte.

Gauzak horrela, zuzendari nagusiak adierazi duenez, «espedientea eskatu dugu horren atzean zer dagoen ikusteko, eta tresna bati buruz hitz egiten duen elkarte sustatzailearen adierazpenen arinkeria deitoratzeko».

Gonzalez, Zupiria, EH Bildu, PSE

Bestetik, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek berretsi du bere Gobernuaren jarrera «borondate gehiago eta adostasun handiagoa batzen dituen Errioxa aterkipean egingo den Arabako Errioxako jatorrizko deitura bat sortzea» dela. Ildo beretik, Lakuako bozeramaile den Bingen Zupiriak azaldu duenez, administrazio prozedurak ez zion Urkulluren Exekutiboari «eskaera onartzea beste aukerarik uzten».

EH Bildu, aldiz, «oso pozik» agertu da. Eva Lopez Arroyabek «ibilbide luzea» izan dela ekarri du gogora eta erakundeei eskatu die «ekimen hau berdintasunez tratatzeko». «Eredu propio bat jaio da, lan egiteko beste forma bat», txalotu du.

Urkulluren Gobernuan EAJren kide den PSEren iritziz, ordea, Lakuako Gobernuak ‘Arabako Mahastiak’ izendapenari eman dion babesa «akats handia» da. Cristina Gonzalez alderdi horretako Arabako idazkari nagusiak eta Enplegu Sustapenerako eta Merkataritza eta Turismo foru diputatuak adierazi duenez, deitura horri behin behineko babesa ematea jakin gabe Bruselak zer erantzungo duen «ez da zentzuzko jokabidea».

«Nik beti esan izan dut Errioxa Jatorrizko Deituratik eta nazioartean ezagunak garen izendapenetik bereiztea akatsa dela», nabarmendu du.