NAIZ

Lau eta Erdiko finalerako txartelak banatuko dira asteburu honetan

Asteburu honetan Lau eta Erdiko finalerdiak jokatuko dira (Altuna III.a-Elordi eta Ezkurdia-P. Etxeberria). Emakume Master Cupeko kaiolakoan final laurdenak jokatuko dira. Gizonezkoen futbolean, Europako postuetan jarraitzeko borrokatuko dute Athleticek, Realak eta Osasunak.

Aitor Elordi eta Jokin Altuna, Bilbon eginiko material aukeraketan.
Aitor Elordi eta Jokin Altuna, Bilbon eginiko material aukeraketan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Lau eta Erdikoa: finalerako txartelak banatuko dira

Asteburu honetan, Labriten eta Bilboko Bizkaian jarriko da arreta pelotazalean. Ekitaldi horietan, azaroaren 20an Miribillako kantxan jokatuko den lehen mailako Lau eta Erdiko finala definituko da. Emozioz betetako jardunaldia izango da, eta bertan egiaztatuko da Elordi eta Peio Etxeberria hautagaiek kaiolako ligaxkan forma eman dioten statu quoari egindako kolpea berresten duten, edo, bestela, Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia gai diren beste amaiera baterako sailkatzeko, eta 2018ko eta 2019ko finalak gogora ekartzeko, kasu horretan Nafarroan. Bi kasu horien konbinazioa ere gerta liteke.

Larunbatean, Labriten, bi lagun handik neurtuko dituzte indarrak. Harreman berezi hori ordubetez utzi beharko dute lehen txartela eskuratzeko. Peio Etxeberria une gozoan iristen da finalerdietara, txapelketan jokatu dituen partida guztiak irabazi baititu eta beste urrats bat eman nahi du Ezkurdiaren aurrean.

Bilbon, Aitor Elordik lehen finalean sartu nahi du Jokin Altunaren aurrean. Gipuzkoarrak zazpigarren urtez jarraian finalerako txartela eskuratzea bilatuko du, Aimar Olaizolak ere erdietsi ez duen lorpen bat. Mallabiakoa hodei batean iritsi da, Jaka, Ezkurdia eta Laso bezalako hiru txapeldun garaitu ondoren, eta pokerra bilatuko du amezketarraren aurrean, joko elektriko eta bertikalean.

Emakumeen kategorian, Usansolok eta Okondok hartuko dituzte Laboral Kutxako Lau eta Erdiko txapelketako final-laurdenak.

- Ezkurdia vs. P. Etxeberria, larunbatean, Labriten

- Altuna III.a vs. Elordi, igandean, Bilbon

Athletic: Europarako bidea Gironatik pasatzen da

Talde zuri-gorriak sailkapenaren goikaldean egonkortuta joan nahi du etenaldira. Denboraldiko helburu nagusia Europan jokatzeko sailkatzea da eta, horretarako, ezin du hutsik egin ostiral gauean Gironan (21.00). Garaipena erdiesten badu, Txapeldunen Ligako postuetan egingo du lo Athleticek. Vila-realen aurka lortutako garaipenak konfiantza berreskuratzeko balio izan dio, baina etxeko taldea ere berrindartuta iritsiko da norgehiagokara. Bernabeun berdinketa bat erdietsi zuten eta, jaitsiera postuetatik gertu egon arren, puntu gehiago merezi izan ditu. Girona talde gaztea da, joko alaia gustuko duena, bere entrenatzailea den Michelek bultzatuta. Vallecasen hezi eta hazitakoak, nortasun propioa dauka. Errotuta dago eta katalanez hitz egiten saiatzen da. Valverderentzar ere partida berezia izango da. Ligan norgehiagoka gehien zuzendu dituen bederatzigarren entrenatzailea bilakatuko da. Herrera, Muniain eta Dani Garcia lesionaturik daude.

- Girona vs. Athletic, ostiralean, 21.00etan

Athleticeko jokalariak Vila-realen aurka lortutako garaipena zaleekin ospatzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Reala: ligan bolada onaren bila

Zortzi partida erreskadan galdu gabe pilatu ostean –liga eta Europa Ligako partidetan–, Valladolid eta Betisen aurka bi porrot batu ditu elkarren segidan. Bolada eskas hori gelditu asmoz, eta hala, Europako postuetan sendo mantentzeko, Realak aurkari zail baten bisita jasoko du igande honetan, 16.15ean, Anoetan: Gattusoren Valentzia. Honek ere galdu egin zuen azken liga partida, Bartzelonaren aurka, Lewandowskik azken txanpan sartutako gol baten ondotik. Hamargarren sailkatu da talde valentziarra, 15 punturekin, txuri-urdinek baino zazpi gutxiago. Intentsitate handiko lehia espero da.

- Reala vs. Valentzia, igandean, 16.15ean

Osasuna, sentsazioak berrestera

Asteon entrenatzailea kanporatu duen Celta bisitatuko du Osasunak (larunbata, 18.30ean). Orain arte Coudetek zuzendutako taldeak 11 puntu batu ditu 12 jardunaldi jokatuta. Hala, emaitzak hobetu asmoz, Vigoko klubak teknikaria botatzea hobetsi du eta bere ordez, Carlos Carvalha portugaldarra iritsi da. «Entrenatzaile berria, garaipena» esan ohi du lelo famatuak, bada gorritxoak hori saihesten saiatuko dira. Pasa den astean Valladoliden aurka garaipen borobila eskuratu ostean, sentsazioak berretsi nahiko dituzte Jagoba Arrasaterenek eta bide batez, Europako postuetan mantendu (zazpigarren postuan abiatuko du jardunaldia). Sergio Herrerak min hartuta jarraitzen du eta azkenean, Aitor Hernandez eta Juan Cruz deialdian sartu dira. Harrobiko taldeko Dario ere deitu du Arrasatek.

- Celta vs. Osasuna, larunbatean, 18.30ean

Asteko azken esfortzua

Aste barruan atzeratutako lehen jardunaldia berreskuratu ondoren, Liga F-ko taldeek azken esfortzu bat egin beharko dute nazioarteko geldialdiaren ondotik. Animo oso desberdinez ekingo diote euskal taldeek 8. jardunaldi honi.

Realak bolada onari eutsi nahi dio eta horretarako oso sendo dabilen aurkaria gainditu beharko du. Donostiarrek baino hiru puntu gehiago dituen Madrid CFF taldeak bisitatuko du Zubieta larunbatean (12.00) ustekabeko neurketa zuzena jokatzeko. Athleticek, berriz, berriro bidaiatu beharko du. Baliteke Iraia Iturregik Jone Amezaga eta Sara Ortega munduko txapeldunak bueltan izatea. Tenerifen lehen aldiz ospatutako garaipenaren bultzada, behintzat, izango dute zuri-gorriek larunbatean Valentzian (12.00) jokatzeko. Buñolen denboraldiko enegarren kolpea jaso ondoren, antzeko ssaria bilatuko du Alavesek. Amorratuta egongo omen den Granadillari igandean ekingo dion bisitan (12.00) saiatuko da.

- Reala vs. Madrid CFF, larunbatean, 12.00etan

- Valentzia vs. Athletic, larunbatean, 12.00etan

- Granadilla vs. Alaves, igandean, 12.00etan

Nerea Eizagirre Granadillaren aurkako partidan. (Jon URBE/FOKU)

Mendizorrotzan, lidergoa buruan

Azkenaldian ez da erraza izaten ari Alavesentzat puntuak batzea, ez behintzat liga hasieran bezainbeste. Gainera, aurkari indartsuak ere jo eta ke ari dira Bigarren Mailako lidergoarekin egin nahian. Burgosekin batera partekatzen du lehen postua Alavesek eta beraz, babazorroek garaipen bat beharko dute, gutxienez, lidertza partekatu horri eusteko. Horretarako, ostiral honetan, 21.00etan, Zaragoza garaitu beharko dute Mendizorrotzan. 14. sailkatua da Aragoiko taldea, erregulartasuna aurkitu ezinik, bi garaipen segidan kateatu ezinda baitabiltza. Azken jardunaldian 0-2 galdu zuen Andorraren aurka eta kanpoan jokaturiko azken partidan 0-2 gailendu zitzaion Teneriferi.

- Alaves vs. Zaragoza, ostiralean, 21.00etan

Eibarrek astea borobildu nahi du

Eibarrek, bere aldetik, astea borobildu nahi du, deboraldian lehen aldiz bi garaipen jarraian ospatu ondoren. Kontrako joerari ekin dion Las Palmas bisitatuko dute armaginek igandean (18.30). Aurreko partidetan bezela, aurkariarengan baino, etxean izan dezake Gaizka Garitanok oztoporik handiena, erizaindegia bete-beteta baitako. Azken lan-saioa egin behar dute eibartarrek oraindik baina, printzipioz, Rios Reina, Chema, Bautista, Rahmani eta Arbilla deialditik kanpo geratu beharko dira berriro ere.

- Las Palmas vs. Eibar, igandean, 18.30ean

ACB Liga: atsedenaldiaren aurretik, azkena

Datorren urteko gizonezkoen Munduko Txapelketarako FIBA Leihoen kontura, ACB Ligako azken jardunaldia izango da asteburu honetan, Euroligako taldeentzat izan ezik, tartean Baskonia.

Bilbao Basket izango da igande honetako 13:00etan aurpegia emango duen lehena –Euskal Herriko ordutegia–. Hezur gogorra izango du aurrean: Txus Vidorreta, Huertas eta Shermadiniren Lenovo Tenerife, hain zuzen ere, Real Madril eta Barçarekin batera lehen sailkapen-postua duen arerioa, 5-1eko balantzearekin.

Baskoniak, Maccabiren bisita beti tenkatua izan ondoren, igandean, 17:00etan, hasiera batean arerio xume bat izan daitekeena jasoko dute Zurbanon: Betis. Azken jardunaldian porrot zinez gogorra jaso zuen talde andaluziarrak. Unicaja de Malagaren aurka 106-60ko markagailuarekin galdu zuen eta horrek, sailkapeneko azken postura eraman zion.

- Lenovo vs. Bilbao Basket, igandean, 13.00etan

- Baskonia vs. Betis, igandean, 17.00etan

Endesa Liga: Top 8an mantentzea helburu

Denbora luzean, lehen aldiz, Endesa Ligako hiru euskal taldeak Top 8n daude. Lehen laurdena betetzera hurbiltzen ari da lehiaketa, eta postu horietan finkatzea ez da ezinezkoa hiru ordezkarientzat.

Lointek Gernika Bizkaia izango da jokalekura jauzi egingo duen lehena; larunbatean, 18:30ean, Malosten, Kanaria Handi baten aurrean. Anna Montañakoak bi porrotak kateatzetik datoz, Girona aurka ligan eta Reyer Veneziaren aurkakoa Eurocupen. Bi porrot horiek logikaren barruan sartzen dira bi talde horien mailan.

Bai IDK Euskotren bai Kutxabankek igande eguerdian jokatzen dute. 11:45etik aurrera, Josean Gascan jasoko du Murtziako Hozono Global Jairis de Estética goi-mailara igo berri den taldea. Ez dago jokalarien zerrenda ikusi beharrik, horietako asko esperientziekin, batzuk oso berriak euskal taldeetan. Belen Arrojo, Melisa Brcaninovic eta Lashann Higgs Gernikatik datoz; Erika de Souzak IDKn jokatu zuen eta Tamara Seda Araskitik dator; Rebeca Cotano, Lizarazu edo Bettencourt Ligako beste jokalari ezagun batzuei buruz ez hitz egiteagatik.

Kutxabank Araskik, onerako edo txarrerako, astean partida bat besterik ez du prestatzen, normalean. Oraindik ere La Fontetan lortutako garaipen handiaren oihartzunak berpizten dituzte, 49-67, eta, beraz, igandean, 12:15ean, Barçari egin behar dion bisitak ez du horrenbesteko beldurrik.

- Lointek Gernika vs. Kanaria Handia, larunbatean, 18.30ean

- IDK vs. Hozono Global Jairis de Estetica, igandean, 11.45ean

- Barça vs. Araski, igandean, 12.15ean

Roso Buch Barçaren aurkako partidan. (Oskar MATXIN/FOKU)

Asobal liga: Sailkapenaren behealdeko taldeak arerio

Bidasoa Irunek Cisne taldearen aurka jokatuko du ostiral honetan 21.30ean, Pontevedrako Kirol Jauregian. Ligan 13. sailkatuak dira galiziarrak, hiru partida irabazita (sei puntu). Puente Genilen aurka 34-32 galdu zuen aurreko jardunaldian bere bigarren porrota jarraian kateatu zuen. Gipuzkoarrek Anaitasunaren aurkako derbia irabazita sentsazioak berreskuratu zituzten baina indarrekin nola dabiltzan izan daiteke kezka handiena. Izan ere, asteartean Fuechse Berlinen etxean sekulako esfortzua egin zuen Cuetararen taldeak –azkenean ezin izan zuen ezustekoa eman– eta soilik bi egun deskantsatuta bidaiatu beharko dute Galiziara. Gainera, azken partidetan baja izan da Rodrigo Salinas.

Anaitasunak azken sailkatua den Cangasen bisita jasoko du larunbat honetan 19.00etan.  Galiziarrek soilik partida bat irabazi dute eta beste bat berdindu (3 puntu). Hiru partida erreskadan galduta iristen da Iruñeara. Iruindarrek, beraz, ez lukete arazo gehiegirik eduki behar garaipenaren bidera itzultzeko. Parekatua espero zen euskal derbian espero baino jipoi handiagoa jaso zuen Enrique Dominguezek zuzentzen duen taldeak, bigarren porrota jarraian kateatu. Egun, zortzigarren sailkatuak dira nafarrak, hiru garaipen eta berdinketa bat erdietsita (7 puntu).

- Cisne vs. Bidasoa Irun, ostiralean, 21.30ean

- Anaitasuna vs. Cangas, larunbatean, 19.00etan

Ohorezko Maila bueltan, puntu premia eta nazioarteko partidak

Ordizia eta Gernika lehiatzera itzuliko dira asteburu honetan. Garaipen premian daude bi taldeak sailkapenaren zuloan. Bizkaitarrek Cisnerosen kontra jokatuko dute igande eguerdian etxean eta goierriko taldeak Pozuelo bisitatuko du.

Jardunaldia Biarritzek irekiko du ostiral gauean Agileran, 21.00etatik aurrera. Aurillac taldea izango du aurrean, aurkari zuzena sailkapen nagusian. Puntu bat gehiago dauka Biarritzek eta selekzioek deitutako lau jokalari gabe aritu beharko da. Udazkeneko lagunarteko partidak jokatuko dira datozen asteetan eta Hego Hemisferioko taldeak Europan izango dira. Frantziar selekzioarekin ari den Maxime Lucuk Australiaren kontra jokatuko du eta Espainiako selekzioarekin dauden Kerman Aurrekoetxeak, Jon Zabalak, Bittor Aboitizek, Gorbei Allendek eta Julen Goiak Tongaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Bestalde, Avironek Clermont bisitatuko du larunbatean (17.00) eta Top 14ko liderra mendean hartu ostean puntuak pilatzen jarraituko nahiko dute. Emakumezkoen Ohorezko Mailan, berriz, Eibarrek ezin du hutsik egin igande eguerdian. Partida guztiak galdu ostean, lehen garaipena lortzea inoiz baino beharrezkoagoa dute Pozueloren kontra.

- Biarritz vs. Aurillac, ostiralean, 21.00etan

- Clermont vs. Aviron, larunbatean, 17.00etan

- Gernika vs. Cisneros, igandean, 12.00etan

- Pozuelo vs. Ordizia, igandean, 12.00etan

Donostiako Nazioarteko Krosa hipodromoan

Igande goizean, 10.00etatik 14.00etara, adin eta maila ezberdinetako lasterketak izango dira Donostiako hipodromoan antolatutako zirkuitoan. Horien artean, Euskadiko banakako eta klubetako txapelketak izango dira eta nazioarteko atletek ere parte hartuko dute maila nagusian. 12.30ean emakumezkoen lasterketa aterako da eta 13.15ean gizonezkoena. Antolakuntzatik ezagutarazi dutenez, emazkumezkoetan Meselu Berhe eta Zerfe Wondemagegn etiopiarrek parte hartuko dute. Isabel Barreiro asturiarra, Giovanni Selva italiarra eta Catarina Ribeiro portugaldarra dira beste faboritoetako batzuk. Gizonezkoen lasterketan, 20 urtez azpikoetan munduko txapeldunak izandako Reinold Kipkorir Cheruiyot keniarra eta Addisu Yihune etiopiarra dira izen nagusiak, Oreretan bizi den eta 2019an Behobia irabazi zuen Chakib Lachgar ahaztu gabe.

Erremontea: sailkapena estutzen hasi da Binakako txapelketan

Larunbat honetan, arratsaldeko 16.30etatik aurrera, erremonteko jaialdia egongo da Galarretan eta bertako estelarrean binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko partida bat jokatuko da Ansa-Juanenea, Segurola-Larrañagaren aurka. Gorriek garaipena behar dute atzean ez geratzeko. Lehenengo partidan ez zuten punturik batu eta beste porrot bat gogorra litzateke eta maldan gora jarriko litzateke txapelketa. Segurola eta Larrañagarentzako partida ez da hil ala bizikoa. Lau puntu dituzte, jokatutako partida irabazi eta gero.  

- Ansa II-Juanenea vs. Segurola Larrañaga, larunbatean, Galarretan