Xabier Izaga
Elkarrizketa
Miren Azkarate Badiola
«Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak» liburuaren egilea

«Erbesteratuen haurrok hitz egiten ikasterako isilik egoten ere bagenekien»

Iheslarien eta deportatuen familietako haurren oinazeen eta ilusioen testigantza zuzena jaso eta «Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak» liburua idatzi du Miren Azkarate Badiola donostiarrak. GARAren eskutik argitaratua, dagoeneko salgai dago NAIZ Dendan. Ikusezinak ziren, baina baziren. Badira.

Miren Azkarate Badiola.
Miren Azkarate Badiola. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Arantza pertsonal txiki batetik abiatuta, “Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak” liburua idatzi du Miren Azkarate Badiolak (1984, Donostia), gurasoen erbeste edo deportazio herrialdean jaio, hazi edo hura ezagutu zuten haur eta gazteen lekukotasunak bilduta, haien ahotsa, berea tartean, lehen aldiz plazaratuz. Maletadun haur eta nerabe ikusezinak, baina bazirenak. Badirenak.

Azkarate kazetaria da eta hainbat euskal hedabidetan lan egin du. Gaur egun liburuzaina da eta “Gaur8”n eta Antxeta Irratian kolaboratzen du.

Kazetaria zara eta kazetari lana egin duzu zenbait lekukotasun bilduz, zeurea ere sartuta. Zergatik aukeratu duzu formatu hori?  

Ez nuen aukeratu. Banekien testigantzak jaso behar nituela eta gero forma eman, baina lehenago informazioa bildu. [Hitzaurrearen egile] Lander Garrorekin hitz egin nuen, laguna baita eta maletadun haurra izan baitzen, nire asmoa komentatzeko, eta esan zidan kazetaritza estilo zurrunean egin beharrean gai ikusten ninduela zerbait literarioagoa egiteko; orduan, saiatu naiz erdibideko zerbait egiten; baina, bai, kazetari lana dago atzean. Hasieran ez neukan nire zatia sartzeko asmorik, baina [Jokin Urain] Kixkurrek eta Fermin [Munarriz] argitaletxekoak esan zidaten idatzi behar nuela, eta juxtu egiten ari nintzela itzuli zen aita. Zirkuluaren itxiera izan zen.  

Lander Garrok dioenez, kazetaritza kontaketa baino gehiago da. «Ez da neutrala eta ez du neutrala izan nahi», dio, barrutik kontatua eta elkarrizketatuekiko konplizitatea sumatzen dela. Barrenak husteko beharra al zenuen?

Ez, ez du neutrala izan nahi. Denek ireki didate etxea eta bihotza, eta eskertu behar diet hori, ez baita erraza, min asko dago. Baina ez da minaren kontaketa bakarrik, barre asko egin dugu, sentimendu asko berdinak dira, istorio asko berdin bizi izan ditugu, eta horrek izugarrizko harremana eta lotura sortu du gure artean.

Eta bai, oso barrutik idatzita dago, barrenak hitz egiten du liburu honetan. Hau arantza txiki batetik hasi zen, arantza pertsonal batetik; izenburuak dioen bezala, ikusezin sentitzen nintzen. Ez bigarren mailako, baina bai ikusezin, bai jendartean bai ezker abertzale barruan, eta pertsonala politikoa ere badela dioen esaldi feminista hori sinesten dutenetariko bat naiz; orduan, biak batu zaizkit. Kontu pertsonal batetik sortu zen, baina era berean kontakizunaren bataila horretan ere hutsune bat betetzera datorrela uste dut. Iheslarien eta deportatuen seme-alabei buruz ez da inoiz hitz egin. Eta hemen gaude.

Izan ere, iheslarien eta deportatuen egoera ezezagun samarra da.

Gure gurasoak silueta beltz bat izan dira, ama edo aita, edo biak, eta ez da ikusi silueta horren atzean bazegoela pertsona bat, eta haren atzean familia bat, seme-alabak, bikotekide bat, anai-arrebak, ama bat… nik uste dut silueta beltz horrek erraztu duela beraien eta gure ikusezintasuna.

Ez dut inongo momentutan konparaziorik egin nahi presoen egoerarekin, e? Hala ere, denak zaku berean sartu dira eta egoera desberdina da. Egia da iheslarien eta deportatuen kasuan zailtasun juridikoak ere egon direla, ezin esatea non dagoen, eta horregatik erabaki zen denak bateratuko zituen silueta beltz hori agertzea, baina horrek, era berean, kalte egin du, azkenean ikusezin egin direlako.

Klandestinitatea dela-eta, inori kalterik ez egiteko erabaki zen, ordea, ezta?

Bai, hala erabaki zen bere garaian, baina begira zenbat kostatu zen banderatxoetan ‘iheslari’ hitza jartzea, eta gaur-gaurkoz oraindik ez dago ‘deportatu’ hitza; ‘iheslari’ hitzaren barruan denak sartzen omen dira, baina ez da berdina, ez juridikoki, ez familiaren egoerari dagokionez… Nik askotan bileretan-eta entzun dut denak daudela hitz berean sartuta, ‘presoak’ hitzean, eta nik esaten nuen orduan ‘iheslariak’ esateko, horrela presoak ere hor daudela ulertzen dela.

«Kontu pertsonal batetik sortu zen liburua, baina kontakizunaren bataila horretan ere hutsune bat betetzera datorrela uste dut»

 

Familien egoera are ezezagunagoa da. Emakumeak...

Hori da. Emakumeena, gure amena, beste liburu bat da. Haien ikusezintasuna izan da… ez dakit hitzik dagoen. Gure amek dena eta gehiago egin dute; gu hezi, gizonen ondoan egon, gerraren parte izan… dena, eta hori guztia herriarenganako eta familiarenganako maitasunik handienarekin. Ni kartzelatik atera nintzenean, nire amari eta bera bezalakoei eskaini nien txapela, zeren borroka ez zen hain urruti iritsiko haiengatik izan ez balitz. Eta ez zaie inoiz aitortu.

Eta zuek, motxiladun ez baina ume maletadunak zineten.

Bai, maletaren irudia erabiltzen dut gurea ez delako asteburuko motxila. Gu, bidaiatzen dugunean, motxila bat baino gehiagorekin goaz, maleta handiak eramaten ditugu, hilabete baterako, batzuetan hirurako. Eta historia honetan, non gelditzen gara gu?

Txikitatik izan duzue «desberdinak» zineten kontzientzia, presoen haurrek bezala, baina horien aldean ere «desberdinak» zineten kontzientzia zenuten?

Desberdinak ginela bai, nire aita ez zegoen eta hori ikastolan jakina zen, baina gure kasuan beste gauza bat gehitzen zen, gezurra, edo egia osoa ez kontatzea. Nik gogoratzen dut aitak Kubara alde egin zuenean eta ikastolako lehen egunean galdetu zigutenean gure gurasoek zertan lan egiten zuten, nire anaiak erantzun zuela gauza bat eta nik beste bat, eta irakasleak amari deitu ziola, ea zer gertatzen zen. Nire anaiak oso ondo esaten du liburuan hitz egiten ikasi genuenerako isilik egoten ere jakin genuela. Esaldi horrek asko esaten du.

Beraz, ondo gaztetatik ikasi zenuten gurasoen klandestinitatea babesten.

Bai. Konturatu gabe zama handi bat jarri ziguten. Gure inozentzian edo umearen xalotasun horretan, esaten baldin baziguten ‘hemen afaltzen gaudenotatik hiru hauek ez daude mahai honetan’, ez zeuden mahai hartan; asteburuan ezin genuen esan Hendaiara edo Iparraldera gindoazela. Hori dena guk momentu hartan normaltzat jotzen genuen, edo auto azpian begiratu behar izatea bonba bat jarrita geneukan ala ez, GALen garaian. ‘Normaltasun’ horretan bizi ginen eta heldua zarenean pentsatzen duzu horrek normaletik ez duela ezer. Bi urteko haur batek isilik egoten edo gezurrak esaten ikasi eta gero gezurrak esatea ez dagoela ondo esaten diotenean… Ni orain, ama naizela, haur txikiak ditudala, gure ama nola ibiltzen zen pentsatzen dut. Ze txapeldunak izan diren! Eta guztiaren gainetik irakatsi digute maitatzen gure odoleko familia eta gure odolekoa ez den familia, hor zeuden beste guztiak… eta gaur arte.


«Nik idatzi dut liburua, nik jarri dut izena, baina argi dut, eta hala esan nahi dut, liburu hau kolektiboa dela; hau da, ahots askok egin dugu»

 

Zure kartzelaldia aipatu baino ez duzu egin liburuan.

Nire bizitzako beste parte bat da, eta nire bizitza zeharkatu duten bizipenak jarri nahi nituen; kartzelaldia, aitarekiko telefono deiak, bera oraindik han zegoelako… baina liburuan fokua eta enfasia seme-alabengan jarri nahi nuen.

Askotariko egoerak bizi izan dituzuen maletadun haurrak agertzen zarete.

Bueno, hau lagin txiki-txiki bat da. Ez dut herrialde guztietakoak agertzea lortu, erradiografia oso zabal bat egiten saiatu naizen arren. Baina zoritxarrez asko gara, ehunka iheslariren eta deportaturen seme-alabak ez gara liburu batean sartzen. Hala ere, modu batera edo bestera denen ahotsak islatzea nahiko nuke. Gure gurasoak mundu zabalean barreiatuta daudela erakutsi nahi nuen, eta gu ere mundu guztian zehar bidaiatzen ibili garela. Orduan, hainbat herrialde agertzen dira, eta hemen jaioak eta gurasoei bisitan joan gatzaizkienak, ama aita zegoen herrialdekoa dutenak, Kuban bi gurasoak deportatuak izanda, bera han jaio eta hemen bizi dena; garai batean bi gurasoak iheslari zituztenak eta hainbat herrialdetan ibilitakoak; Suitzako kasua, Nekane Txapartegiren alabarena, 2000. urtetik hona jaioa delako hartu nuen; hau da, historia hau ez da 80ko hamarkadan jaio ginenona bakarrik, eta beste alde batetik, Europako bihotzeko herrialde bat delako egoera hori posible egiten duena.

Azken atalean, Susana Panisellok euskal herritarren erbestealdiaren eta deportazioaren ikuspegi historikoa eman du, XVIII. mendeko Sarako deportazioetatik hasita.  

Bai. Kixkur nire eskuineko eskua, ezkerra, nire begiak eta nire dena izan da, eta esan zidan ondo legokeela testuinguru politiko edo historiko bat deportazioa eta gure herri honetan erbestealdia zer izan den azaltzeko. Historia hori ez da ezaguna. Testuinguru hori idazten hasi eta konturatu nintzen informazio gehiena Susana Paniselloren tesitik atera nuela; beraz, deitu egin nion, ea parte hartu nahi zuen galdetu nion eta onartu zuen. Oso ondo laburbildu ditu aspaldidanik herri honek pairatu dituen erbestealdi eta deportazio garaiak. Nik idatzi dut liburua, baina argi dut, eta hala esan nahi dut, liburu hau kolektiboa dela; hau da, ahots askok egin dugu, eta horrela izatea nahi dut gainera.

 

IKUSEZINAK Erbesteratuen haurrak


Liburua salgai:
Dagoeneko, azaroaren 13a arte, Naiz Dendan: 17 euroan, harpidedunek bidalketa gasturik ordaindu gabe.
Azaroaren 19an eta 20an, kioskoetan: 17 euroan, GARA erostean. Bitartean Naiz Dendan ere egongo da eskuragarri 17 euroan (gehi bidalketa gastuak).