Maddi Txintxurreta

Miren Azkaratek maletadun haurren esanak jaso ditu ‘Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak’ liburuan

Lehenengo aldiz euskal iheslari eta deportatuen seme-alaben ahotsak jaso ditu Miren Azkarate kazetariak liburu batean. Ostegun honetan aurkeztu du Donostiako NAIZ Gunean ‘Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak’, GARAk argitaratutako lana.

Zapirain, Barcena, Azkarate eta Aldana anai-arrebak, liburuaren aurkezpenean.
Zapirain, Barcena, Azkarate eta Aldana anai-arrebak, liburuaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gurasoak espetxean preso dituzten motxiladun haurren egoera makurrak badu sonarik Euskal Herrian; aldiz, maletadun haurrek, gurasoetako bat –edo biak– erbestean dituztenen adin txikikoen testigantzak eta minak ez dira ezagutzera eman orain arte. Hutsuneari argia eman dio Miren Azkarate Badiola kazetariak, iheslari eta deportatuen zazpi seme-alabaren egoerak bildu eta GARArekin batean eman duen ‘Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak’ (Baigorri Argitaletxea, 2022) liburuan jaso baititu. Ostegun arratsaldean aurkeztu du lan berria Donostian, euskal iheslari eta deportatuen oinordekoekin eta erbesteratu ohi batzuekin batera.

1960ko hamarkadaz geroztik 2.500 pertsona inguruk egin dute deserrira eta, artean, 33 pertsona bizi dira Euskal Herritik kanpo: bost deportatu eta 24 iheslari. Maletadun haurra izan da Miren Azkarate bera ere: 33 urte eman ditu Kuban bere aitak, Agustin Azkaratek, harik eta iaz, kazetariak argitaratu berri duen liburuko testigantzak jasotzeko lanetan zela, Euskal Herrira itzuli zen arte. Berea da, hortaz, liburuak jasotzen dituen zortzi testigantzetako bat, eta hain zuzen, horregatik ekin zion Azkaratek ‘Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak’ idazteari. «Bizipen hauek sortu izan didaten arantza kendu nahian sortu zen proiektua da hau», esplikatu du NAIZ Gunean egin den aurkezpenean.

Baina pertsonala politikoa dela sinesten duela ere nabarmendu du idazleak eta, beraz, proiektu hau «hutsune politiko» bat betetzera ere badator, esan duenez: «Kontakizunaren bataila horretan ikusi nuen hutsune bat bazegoela. Gutaz, errefuxiatu eta deportatuen seme-alabetaz, ez da sekula hitz egin». Hortik dator izenburua, ‘Ikusezinak’, sentsazio hori konpartitzen baitute liburuan testigantza eman duten errefuxiatuen seme-alabek.

«Lagin txiki bat»

Iheslari edo deportatuen seme-alaben errealitatea «ahalik eta zabalen» kontatu du Miren Azkaratek, esan badu ere, «tamalez», zortziko taldea «lagin txiki bat» besterik ez dela, «ehunka» haur eta nerabe izan baitira egoera berdinean. Erradiografia anitz bat eskaintze aldera, helmuga herrialde ugari jaso ditu, Venezuela, Mexiko, Kuba, Cabo Verde, Suitza eta Euskal Herria eta egoera desberdinak idatzi. «Batzuk Euskal Herrian jaio gara eta bisitan joan gara herrialde jakin batera, edo herrialde jakin batean jaio eta bizi dira beste batzuk... gure errealitatea ez da bat eta bakarra», agertu du.

Ihintza eta Haitz Aldana, Maialen R. Barcena eta Aitziber Zapirain ere izan dira aurkezpenean. Iheslari edo deportatuen seme eta alabak dira guztiak. Ihintza eta Haitz Aldanaren aitak 1979an utzi zuen bere herria eta frankismotik ihesi egin zuen Lapurdira. 1981ean atxilotu zuten, «urtebeteko ahizpa besoetan zuela», Ihintzak esan duenez. Izan zen Marseillako espetxean eta deportatu zuten: Ekuadorrera lehenik, Panamara gero eta Venezuelan eman zituen azken 20 urteak. Hara egiten zuten bere hiru seme-alabek bisitan, urtean bi hilabetez hasieran, gero, sei urtean behin ere ez. 2014an zendu zen Venezuelan.

Elena Barcena eta Iñaki Rodriguezen alaba da Maialen R. Barcena. Bere gurasoek oso gaztetan egin zuten ihes Ipar Euskal Herrira, han espetxeratu egin zituzten, eta gero Cabo Verdera deportatu. Ihes egitea lortu zuten eta, hara-hona ibili ostean, Kuban topatu zuten babesa. «Bertan sortu nintzen ni, kubatarra naiz», adierazi du Barcenak. 18 urterekin Euskal Herrira etorri zen, baina etorrera ez zen pentsatu bezala izan: «Konturatu nintzen ez nengoela nire etxean, gurasoenean baizik».

Desberdina da Aitziber Zapirainek bizi zuen egoera. «Etxea bilakatu zen aitaren deportazioaren helmuga edo espetxea», laburtu du. 1987an egin zuen ihes, Polizia atzean zuelako. «Hendaia aldean ibili zen, atea irekitzen zionaren etxean», esan du Zapirainek. «GALen garaia gogortu zenean, jada ez zitzaion iheslari bati etxea hain erraz zabaltzen», gogoratu du. Etxera bueltatu zen, beraz, baina ez edozein modutan: sukaldean ezkutatutako zuloan sartu zen, beraz, bi errealitate bizi izan zituen Aitziberrek: «Bat etxean, aitarekin, eta bestea kalean, azaleratu gabe aita etxean zegoela. Gezur horretan bizi ginen».

Hain zuzen, «gezurra» izan da iheslari eta deportatuen seme-alabek nabarmendu duten aldagaietako bat. Anaiak liburuan idatzita utzi duen esaldi bat ekarri du Azkaratek aurkezpenera: «Hitz egitearekin batera ikasi genuen isilik egoten».