Asier Robles

Gutxienez 1.400 euroko soldata eta 1.260 euroko pentsioa aldarrikatu du Karta Sozialak

Azaroaren 19an deitutako manifestazioetan parte hartzeko deia egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Bilbon eta Iruñean egindako agerraldietan. Gutxienez 1.400 euroko soldata eta 1.260 euroko pentsioa aldarrikatu dute.

Euskal Herriko Eskubi Sozialen Kartaren elkarretaratzea Ireuñean.
Euskal Herriko Eskubi Sozialen Kartaren elkarretaratzea Ireuñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzeak egin ditu ostegun honetan Bilbon eta Iruñean ‘Diru sarrera duinen alde, pobretzeari STOP condiciones de vida dignas!’ lelopean pobrezia arriskuan 103.000 pertsona gehiago daudela salatzeko eta azaroaren 19an deituak diren manifestazioetan parte hartzeko deia egiteko.

Bertan ordezkariek salatu dute «elite ekonomikoen mesedetan langileei lapurreta egiten ari zaiela» eta biztanleriaren pobretze prozesua azkartzen ari dela. Haien datuen arabera, 2021ean Euskal Herrian 103.000 pertsona gehiago zeuden pobretze arriskuan 2008an baino, hau da, %44 gehiago. Gainera, bilakaera goranzkoa dela ohartarazi dute.

«Joera estrukturala da. Garestitzen ari da bizitza eta eros-ahalmenaren galerari aurre egiteko prestazio sozialak ez dira nahikoak, okerrera doaz, zerbitzu publikoen gainbehera areagotzen den neurri berean», esan dute ELAko idazkari nagusiaren ondoko den Amaia Muñoak eta LABeko koordinatzaile orokorra den Garbiñe Aranburuk Bilboko agerraldian.

Euskal Herriko Eskubi Sozialen Kartaren elkarretaratzea Bilbon. (A.R.)

Lakuako Gobernuari Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) inguruko legea ez errespetatzea leporatu diote. Izan ere, DSBEak gutxieneko soldataren igoeren arabera handitu behar zela gogoratu dute, eta hori ez dela aplikatzen. Horren ondorioz, diru sarrera hori izan beharko lukeena baino ia 300€ txikiagoa dela salatu dute, eta bereziki emakumeak kaltetzen dituela, «soldata eta pentsio txikienak izaki».

«Erosahalmenaren galtzen ari da esparru guztietan; soldatetan, pentsioetan, administrazioko langileen soldatetan, prestazio sozialetan etab. Hori guztia gertatzen ari da Ibex 35-eko enpresen etekinak gora doazenean (2019an baino %83 gehiago irabazi dute 2021ean). Hori gertatzen ari da Gobernuen aldetik ez dagoelako borondate politikorik politika neoliberalak alboratzeko», salatu dute Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragile eta sindikatuek.

«Mobilizazioa da aldaketa bultzatzeko bidea»

Horren aurrean, gogoratu dute sektore ugari daudela une honetan borrokan lan, pentsio eta bizitza duinaren alde, zerbitzu publiko duinen alde eta aberastasunaren banaketa justua eskatuz, lantokietan zein kalean.

Mobilizazioa aldaketa bultzatzeko bidea dela baieztatu dute eta, horregatik, gizarteari dei egin diote azaroaren 19an Gasteiz, Donostia, Iruñea zein Bilboko mobilizazioetan parte hartzera, «bizi baldintza duinak eta prezioen kontrola ardatz hartuta, langileen mesedetan egingo diren politikak eskatzeko; langileei oinarrizko eskubide eta beharrizanak ziurtatuak izan daitezen eta pertsona guztientzat prestazio sozial nahikoa egon dadin; eta aberastasunaren bidezko banakaterako zerga-erreforma bultzatzeko».

Besteak beste, 1.400€-ko gutxieneko soldata eta 1.260€-ko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen du Karta Sozialak.