Jon Ormazabal

Aspek zuhaitza astindu du, Baikok iazko apustuak sendotu nahi izan ditu

Play offean aldaketak izan ditu aurtengo txapelketak, ligaxkan hirugarren eta laugarren postuetan sailkatutako bikoteek bi aukera izango dituzte finalerdietan sartzeko. 

Iruñeko Baluarten aurkeztu dute aurtengo Binakakoa.
Iruñeko Baluarten aurkeztu dute aurtengo Binakakoa. (Jagoba MANTEROLA /FOKU)

Ostiral honetan hasiko da Azkoitian aurtengo Binakakoa, lehia orekatu bati begira baino, enpresa bakoitzak bere beharren arabera antolatu duten txapelketa. Azken sei txapelak errenkadan irabazi ostean, Aspek zuhaitza astindu eta aurpegi berrien alde egin duen bitartean, Elordi eta Peio Etxeberriak azken hilabeteetako lan onaren saria jaso dute eta Zabaleta eta Rezustarekin jokatuko dute –Irribarria eta Elezkano kanpoan utziz–. Altuna-Tolosa eta Ezkurdia-Martija, 2020ko txapeldunek osatuko dute Eibarkoen zerrenda.

Baikon, ordea, nabaria da emaitza beharra eta konbinazioek ez dirudite erabat orekatuak. Hala, Laso-Imaz, iazko azpi txapeldunek elkarrekin jokatuko dute eta Peña-Mariezkurrenak ere, goiko postuetan egoteko bikoa dirudi. Urrutikoetxea-Albisu esperientzia handiko bikotea da eta Jaka-Aranguren da zalantza gehien sor ditzakeen bikotea, batez ere lizartzarrak bere joko mailarik onena berreskuratzen ez badu.

Aldaketa lehiaketa sisteman

Lehiaketa sistemari dagokionean, hein handi batean azken urteetako bera errepikatuko da, nahiz eta pilotarien eskakizunei men eginda, aldaketa bat sartu duten play off sisteman. Hirugarren eta laugarren postuetan sailkatutakoei nolabaiteko sari bat eman asmoz, ligaxka postu hauetan amaitzen duten bikoek aukera bikoitz bat izango dute finalerdietan sartzeko. Lehenengo euren artean kanporaketa bat jokatuko dute eta irabazleak zuzenean lortuko du finalerdietarako txartela. Galtzaileek, euren aldetik, bigarren aukera bat izango dute, bosgarren eta seigarren postuetan sailkatutako bikoteen arteko irabazlearen aurka jokatuta. Enpresen asmoa kanporaketa hauek astebukaera batean jokatzea litzateke baina oraindik ez dago dena erabakita.

Finala lehen aldiz Nafarroa Arenan jokatuko da apirilaren 2an EPEL-ek Nafarroako Gobernuarekin sinatutako akordioaren baitan. Nolabait esateko, zirkulu bat ixtea suposatzen du honek, Binakako honekin hiru txapel handiak Iruñean jokatuko baitira, aurretik kaiolako bi eta Buruz Burukoa bertan jokatu baitituzte. Akordio honen baitan, baita ere, azken urteetan bezala, Masterseko finalerdiak eta finala Nafarroa Arenan jokatuko dira 2023an.

Binakako txapelketa

Altuna-Tolosa
Ezkurdia -Martija
Elordi-Zabaleta
P. Etxeberria-Rezusta

Laso-Imaz
Peña-Mariezkurrena
Jaka-Aranguren
Urruti-Albisu