Asier Aiestaran

Peña eta Mariezkurrena freskoago iritsi dira Tolosako partida erabaki duen azken zatira

Bikote gazteak Urrutikoetxea-Albisu bikote beteranoak baino hobeto eutsi dio fisikoki asko gogortu den Beotibarreko neurketari. Gorriak 14-12 aurretik ziren baina 15-22 galdu dute 1-10eko azken partzial baten ondoren.

Peña pilota astintzen, atzean Mariezkurrena eta Albisu begira dituela.
Peña pilota astintzen, atzean Mariezkurrena eta Albisu begira dituela. (Jon URBE | FOKU)

Jon Ander Peñak eta Jon Mariezkurrenak 15-22 menderatu dituzte Mikel Urrutikoetxea eta Jon Ander Albisu Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu den Binakako Txapelketako partidan. Neurketa oso parekatua izan da, asko gogortu dena, eta azken txanpara freskoago iritsi dira irabazleak.

Peña eta Mariezkurrena oso faborito irten dira apostuetan. Berriozarreko atzelariak egin duen uda aparta ikusita, txapelaren borrokan egoteko bikotea dela esan liteke, baina gaur lan asko egin behar izan dute garaipena lortzeko. Urrutikoetxea eta Albisu beteranoek zalantza gehiago sortzen zuten arren, oso gogotsu irten dira kantxara, bizi jokatzen eta itxura oso ona ematen, eta hasieratik neurketa oso parekatua ikusi dugu.

Piloteoan gehiagotan agindu arren, lehen zatian Jon Ander Peñak denetik izan du, egindako tantoak bai baina galdutakoak ere dezente. Eta gorriak aldiz oso zuzen jokatzen ekin diote demari. Berdinketak izan dira 3an, 6an, 7an, 8an, 9an eta 11an, lehen etenaldi luzera 11-12ko emaitzarekin iristeko.

Atsedenalditik bueltan ere, urdinek agintzen jarraitu dute piloteoan, eta Jon Ander Albisuri lana pilatzen joan zaio. Kantxan asko ibili behar izan du aurrera eta atzera, gehienetan oso txukun defendituz gainera, baina lehenago edo beranduago nekea agertuko zela pentsatzekoa zen. Gorriek erronkari ongi eutsi diote 14-12kora arte, baina emaitza horrekin apostuek urdinen alde jarraitzeak zerbait esan nahi zuen.

Eta hortik aurrera neurketa apurtu egin da. Ez horrenbeste jokoan, oraindik tanto gogor dezente jokatu dituztelako lau protagonistek, baina bai markagailuan, tantoak bata bestearen atzetik urdinen alde erortzen joan direlako. Aipatutako 14-12ko horretatik azken 15-22kora arte partziala 1-10ekoa izan da, adierazgarria benetan.

«Lasai hasi naiz. Banekien partida asko gogortuko zela eta lehen tantoetan pilota ez galtzera joan naiz, seguru jokatzera. Gero beraiek behera egin dute eta ni aldiz oso fresko iritsi naiz bigarren zatira, eta uste dut hor egon dela gakoa», onartu du Jon Mariezkurrenak neurketa amaieran, 23 urte bakarrik izan arren sekulako esperientzia erakutsiz.

Jon Ander Peña ere pozik agertu da: «Erdialdera arte huts batzuk egin ditut, baina hortik aurrera Jonek sekulako maila erakutsi du eta nik ere gehiago asmatu dut. Beraiek behera egin dute fisikoki eta hori baliatu ahal izan dugu».

Binakako Txapelketaren lehen jardunaldia datorren asteazkenean amaituko da Eibarren, San Andres egunez, Altuna-Tolosa eta Elordi-Zabaletaren arteko partidarekin. Hori bai, Jokin Altunak eskuina minduta du eta ez dago argi jokatzerik izango duen.

Pilotakadak: 628. Partidaren iraupena: 65 minutu ta 35 segundo. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-3, 6-3, 6-6, 7-6, 7-7, 8-7, 8-9, 11-9, 11-12, 14-12, 14-17, 15-17 eta 15-22. Sakez: 1 Urrutikoetxeak eta 2 Peña II.ak. Jokoan egindakoak: 6 Urrutikoetxeak, 3 Albisuk, 13 Peña II.ak eta 2 Mariezkurrena II.ak. Galdutakoak: 2 Urrutikoetxeak, 4 Albisuk, 4 Peña II.ak eta batere ez Mariezkurrena II.ak. Gertaerak: Binakako Txapelketaren lehen jardunaldiko partida Tolosako Beotibar pilotalekuan. Sarrea apala. Hasierako apostuak 60/100. Lehen sakea, gorri.