Nagore Belastegi

‘Xabier Lete. Poema eta abesti guztiak’, egilearen hitzen «alabantzan» egindako bilduma

Hiru liburukietan zehar Xabier Leteren lanak bildu nahi izan dituzte, euskal kulturari egindako ekarpena balioan jarriz eta transmisiorako baliagarria izango den tresna bat sortuz. Bertan jasotzen dira bere lan esanguratsuenak zein ezezagunak, eta horiei buruzko aipamen argiak egiten dira.

Xabier Leteren poemak eta kantak  biltzen dituen liburuaren aurkezpena.
Xabier Leteren poemak eta kantak biltzen dituen liburuaren aurkezpena. (Pamiela)

Euskal kulturaren erreferentea den Xabier Leteri aitortza egin nahi izan diote bere poemak eta abestiak biltzen dituen liburu bilduma sortuz. ‘Xabier Lete. Poema eta abesti guztiak’ lana elkarlanaren fruitua da. Gipuzkoako Aldundiak sutatuta, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalaparta argitaletxeen zein Euskal Editoreen Elkartearen laguntzarekin, Alex Gurrutxaga eta Lourdes Otaegi ikerlariak arduratu dira ahalik eta informazio gehien biltzeaz eta antolatzeaz.

Kutxa batetan doazen hiru liburukietan banatuta, 1.000 orrialde baino gehiago osatu dituzte guztira. «Bilduma hau Leteren poesiaren alabantzan egina da, omenaldi bat», aipatu du Otaegik. Berak balioan jarri du egile hilen funtsa gordetzeaz arduratzen den Aldundiaren lana, hori ondo egin delako posible delako orain lan guzti horiek aztertzea. «Ezinbestekoak diren artxiboak katalogatu eta gure eskura jarri dituzte», aipatu du.

Era berean, azaldu du liburu hau «aurrez egindako ikerketa askoren batura» ere badela. Izan ere, guzti horiek lan hau erraztu dute, eta horiei eskertzeko moduan, mamia 100 orrialdetako hitzaurrean txertatu dute. Egileek argi utzi nahi izan dute publiko orokorrari zuzendutako lana dela; ez da adituentzako zerbait, serio egindako lana den arren. «Transmisiorako beharrezkoak dira edizio argituak», eta honek aukera ematen du Leteren figura «ezagutu, dastatu eta disfrutatzeko».

Edukia

Lehen liburukian hitzaurrea eta Leteren lehen hiru liburuak jaso dituzte. Bigarren liburukia da obrarik beteena eta helduena, Otaegiren ustez. Bertan dago ‘Egunsentiaren esku izoztuak’ testua. Hirugarrena, berriz, bitxiena da. «Edizioan zehar argibideak ematea izan da gure lana. Leteren ibilbideak mende erdia hartzen du. Lehen bi tomoetan lan argitaratuak daude eta hirugarrenak balio erantsia ematen dio bildumari. Bertan daude sakabanatutako poemak –liburu ezagunetan ez daudenak, ineditoak, itzulitakoak eta aldizkarietan argitaratutakoak–», azpimarratu du Gurrutxagak.

Hala, azken atala poema eta abestiez osatuta dago, ezin delako Lete partzialki ulertu. «Ezin da Lete poeta ulertu, Lete abeslaria ulertu gabe. Eta alderantziz», aipatu du ikerlariak. Testu batzuk oso ezagunak dira eta beste batzuk oso gutxi. Ez dute zirriborro moduan idatzitako testurik sartu, osorik zeudenak bakarrik. Horien baitan kokatzen dira bi poema sorta, 1967-1968 urtekoak, argitaratzeko prest zeudenak. Saiatu dira testuak kronologikoki antolatzen eta iturriak zehazten.

Kontutan izanik plagioaren itzalak Leteren lanak zipriztindu duela, kontu handia izan dute duten informazio guztia txertatuz. Itzulpenak direnean, jatorrizkoa zein den adierazi dute, edo doinua nondik datorren badakite ere, hura aipatu dute. «Abestiekin zaila da jakitea ohikoa zelako bata besteari pasatzea. Batek letra egiten zuen, beste batek moldaketa... normala zen kantari frantsesen doinuak erabiltzea. Saiatu gara dakigun guztia zehazten», kontatu du Gurrutxagak.

Hitzaurrea

Hitzaurreari dagokionez, azalpenak eman nahi izan dituzte «luzea» delako, baina hala egitea beharrezko ikusi dute. «Uste dugu ibilbide biografiko eta bibliografikoari buruz ohar asko eman behar genituela. Leteren obra eraikia dago euforia zein iluntasun momentuez; bere kontrakoa eta kontrakoaren kontrakoa izan zen, eta hori azaltzen luzatu gara», esan du Gurrutxagak.

Otaegiren hitzetan, «badago Lete bat jendeak ezagutzen duena, eta beste bat barnekoia, espiritualtasunean sartu zena. Nahi genuen jendeak hori ezagutzea. Gure hipotesia da jardunaren jardunez iritsi zela tonu orekatu eta neurtura, bere azken liburuan, ‘Egunsentiaren esku izoztuak’-en. Eta hori publikoak baloratzea nahi dugu».

Xabier Mendiguren editorea egitasmoan parte hartu duten argitaletxeen izenean mintzatu da: «Adin batetik gorako euskaldun ia guztiek Leteren garrantziaren kontzientzia argia dute, baina 40 urtetik behera asko apaltzen da miresmen hori, bere garaian ez zutelako ezagutu, eta ezagutzen ez dena ezin delako maitatu».

«Herri biziak behar ditu mitoak, heroiak, erreferentzia partekatuak, eta Xabier Lete mito horietako bat da, gai sakonenak hurbil egiteko dohaina eta karisma izugarria izan zuena», gehitu du Mendigurenek. Lete itsasargi batekin konparatu du, «baina faroak argia ematen jarraitzeko baliabideak behar ditu». Sortu berri duten bildumak Leteren figura mantendu eta zabaltzeko xedea du.