NAIZ

Igokearen aurkako deskalabrua ahaztuta, Kanaria Handia baino ez du orain buruan Bilbao Basketek

Bizkaitarrek larunbat hontan Miribillan jokatzen dute Jaka Lakovicen taldearen aurka, 18.00etan hasita. ACB Ligako laugarren postuan dago Kanariar Irletako taldea, bigarrenarekin berdinduta, 7-2 balantzearekin. Azken bi neurketak jokatu ezinik geratu eta gero, Hakanson jokatzeko moduan egongo da.

Nikola Radicevicek asteazkeneko partida ahaztu eta aurrera jotzea dela deritzo biderik onena.
Nikola Radicevicek asteazkeneko partida ahaztu eta aurrera jotzea dela deritzo biderik onena. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Astean zehar Igokearen aurka partida bat jokatu dugu, baina orain ez daukagu astirik orduan jazo zena ikasteko. Gure hurbileneko helburua Kanaria Handia gainditzea da». Jaume Ponsarnauk, ostiral hontan esandakoari jaramon eginez gero, ez ei du ikasgairik atera talde bosniarraren aurka jasotako zaplaztekotik, baina, hala baldin bada, gaizki behar dute beltzezko gizonek larunbat arratsaldean Miribillan, 18.00etan hasiko den neurketan.

«Partidak okertzen zaizkigunean ere irmo mantentzen ikasi behar dugu», adierazi zuen asteazken gauean, baina itxura denez, 48 ordu baino gutxiagotan Txapeldunen Ligan jasandako disgustua irentsi du Tarregako entrenatzaileak, eta orain Kanaria Handia du begien bistan eta besterik ez atzean.

Hobe du, bai, Bilbao Basketek aurrean zein izango duen begien bistan izatea, ACB Ligako laugarrena baita uneotan Jaka Lakovicek zuzentzen duen taldea, bigarrenarekin berdinduta, 7-2 balantzearekin. «Talda aparta da», aitortu du Ponsarnauk berak. «Talde sendoa eraiki du, orekatua eta arrakalarik gabea, eta horren aurka gure bertsiorik onena atera beharko dugu».

Taldea osatu da azkenean

Bertsiorik onena atera ahal izateko, ahal bezainbeste jokalari erabili beharko ditu Jaume Ponsarnauk. Horietako bat Ludde Hakanson izango da ziurrenik. Suediarrak ezin izan du jokatu Bilbao Basketen azken bi neurketetan eta, Zaragozaren aurka bere faltarik antzeman ez bazen ere, asteazkenekoa beste kontu bat izan zen.

«Zalantzarik gabe aurrerapauso bat eman du egunotan. Egia da Niko –Radicevic– oraindik ez dagoela lehiaketak eskatzen duen erritmora erabat eginda eta, beraz, oso ondo letorkiguke Luddek minutu batzuk jokatzerik balu. Bera bueltan izatea bikaina litzateke guretzat, ezinbesteko jokalaria baita taldearentzat», aitortu du, nolanahi, beltzezko gizonen entrenatzaileak.

Nikola Radicevicek, aldiz, oroimenean iltzatuta dauka eguazteneko neurketa: «Energiarik gabe, defentsarik gabe... partida txarra jokatu genuen. Baina alferrik da horretan pentsatzea. Orain berriz ere talde osoa jokatzeko moduan dugu eta horrek begirada Kanaria Handian zentratzera eraman behar gaitu», adierazi du antolatzaile serbiarrak. «Denak jokatzeko moduan gaudenez gero, pauso bat aurrera emateko momentua da», gaineratu du.

Kanaria Handia aurkari oso gaiztoa da Bilbao Basketentzat, betidanik lanak eman baitizkio talde bizkaitarrari. Alabaina, joan den abenduaren 19an 95-80 nagusitu ziren beltzezko gizonak. Egun hartan Damien Inglis pibot frantsesa bilbotarrekin zen; aurten, Kanaria Handiarekin. Bizkaitarrek mailari eusteko oso lagungarria izan zen iaz Inglis. Zapatu arratsaldean, berriz, beste kontu bat izango da.

Inglis ez da Bilbao Basketen noiz edo noiz denbora bat pasa eta egun Kanaria Handian dabilen bakarra. Oliver Stevic beteranoa Fotis Katsikarisen garaian hantxe ibili zen, beltzezko gizonen artean, behin behineko kontratuarekin izanda ere.

Jaka Lakovicen kasua apur bat ezberdina da. Veljko Mrsicekin batera etorri zen esloveniarra 2017/18 denboraldian, bigarren entrenatzaile postuan, bere garairik onenean Euroligako antolatzaile onenetakoa izan eta gero, hala Panathinaikosekin nola Bartzelonarekin edo Esloveniako selekzioarekin.

Erretiratu berria zen Lakovic, Barça B taldearekin jokalari eta entrenatzaile laguntzaile postuetan 2016/17 denboraldia eman eta gero. Mrsicekin etorri zen esloveniarra Bilbora Carles Duran bota eta gero. Alabaina, 2017/18 denboraldia amaitzeko lau jardunaldiren faltan Veljko Mrsic berak kargua laga zuen, Bilbao basket LEB Ligara erortzeko zorian zegoela. Mirari bat behar zuen talde bizkaitarrak eta, tira, ez zuen miraririk ekarri Lakovicen lanak.

Bilbotik Alemaniara egin zuen jauzi Jaka Lakovicek eta Ratiopharm Ulm taldearekin hazi da entrenatzaile postuan 2019 eta 2022 urteen artean, ACB Ligara itzultzeko abagunea iritsi zaion arte. Baita aprobetxatu ere! Beraz, Bilbao Basketek Igokearen aurkako partida ahaztutzat jotzen badu, izan dadila Kanaria Handiaren aurkako dema ederki prestatu duelako. Galtzak bete lan izango ditu, bestela.