Mikel Aginagalde

Indylan, Europako hizkuntza gutxituak ikasteko «app» berria

IndyLan (Mobile Virtual Learning for Indigenous Languages) hezkuntza-tresna berria da, Europako hizkuntza mehatxatu batzuk ikasteko eta horiei buruz gehiago jakiteko. Proiektua Eskoziako Heriot Watt unibertsitatean sortu zuten 2019an eta Getxoko Moviendote elkarteak euskarazko atala garatu du.

Aplikazioak 4.000 hiztegi gai baino gehiago ditu (bai terminoak, bai esamoldeak), 100 kategoriatan sailkatuta dago eta erabilera modu ezberdinak ditu.
Aplikazioak 4.000 hiztegi gai baino gehiago ditu (bai terminoak, bai esamoldeak), 100 kategoriatan sailkatuta dago eta erabilera modu ezberdinak ditu. (NAIZ)

Aplikazioaren sortzaileen xede nagusia da arriskuan dauden hizkuntza gutxituak ikasten eta biziberritzen laguntzea, hizkuntza horiek bizirik eta garrantzitsuak izaten jarrai dezaten egungo gizarte eta ekonomia aldakorrean. IndyLan aplikazioak ingeles-, gaztelania-, norvegiera-, suediera- eta finlandiera-hiztunei gaelikoa, eskoziera, kornubiera, euskara, galiziera eta samiera ikasten laguntzen die. Hizkuntza ikasteko aplikazio guztiak bezala, IndyLan beste hizkuntza batzuen osagarria da.

iOS eta Android sistema operatiboekin deskargatu eta erabil daitekeen aplikazioak 4.000 hiztegi gai baino gehiago ditu (bai terminoak, bai esamoldeak), 100 kategoriatan sailkatuta dago eta erabilera-modu ezberdinak ditu, besteak beste: hiztegia, esaldiak, elkarrizketak, gramatika, ulermena eta kultura.

Hizkuntza gutxituetako hiztegia ikasteko modu bat baino gehiago erabil daiteke. Artikulu gehienak ilustratuak dira, ulerterrazak izan daitezen. Gainera, audioak ere entzun daitezke hiztegi, esaldi, elkarrizketa eta gainontzeko trebetasunak lantzeko. Aplikazioak kultura fitxa bat ere badu, testuak, musika eta irudiak dituena. Bertan, erabiltzaileek aukera dute arriskuan dauden hizkuntzak hitz egiten dituzten pertsonen ondarea eta kultura hobeto ezagutzeko.

Nabarmentzekoak diren ezaugarrien artean, esan beharra dago IndyLanen hizkuntzak ez direla hiztunengandik bereizten. Aplikazioaren sortzaileen xedea da, batetik, arriskuan dauden hizkuntzak ikasten eta biziberritzen laguntzea, eta bestetik, hizkuntza horiei merezi duten garrantzia ematea.

Arestian aipatu bezala, Edinburgoko Heriot-Watt Unibertsitatean sortu zuten aplikazioa, bertako greziar jatorriko irakasle Katerina Strani izan zelarik proiektuaren aitzindaria. Strani Europar Batasunak finantzatutako “Move Languages” izeneko proiektuan ari zen lanean, eta aplikazio bat sortua zuen etorkin iritsi berriei eta errefuxiatuei Europako herrialdeetako hizkuntzak eta kulturak ikasten laguntzeko.

Komunitateekin elkarlana

Haren arabera, «etorkin eta errefuxiatu batzuek zioten lekuan lekuko hizkuntzak ikasi nahi zituztela, eta hala, IndyLanen ideia bururatu zitzaigun». Heriot Watt unibertsitatearekin batera eta eskoziar dialektoei laguntzeko saiakeran ziharduela, Europako hizkuntza gutxitu eta mehatxatu batzuetako erakundeetako ordezkariengana jo zuen.

Hain zuzen ere, Suedia iparraldeko, Norvegiako eta Finlandiako sami herria ordezkatzen duen Sami Kontseiluaren, Erresuma Batuko hego-mendebaldeko kornubiera hiztunak ordezkatzen dituen Cornwall Kontseiluaren, eta arestian aipaturiko Moviendote elkartearen babesa eta laguntza jaso zituen Katerina Stranik. Berehala hasi ziren elkarlanean IndyLan aplikazioa sortzeko zereginean.

Komunitateekin elkarlana

Stranik kontatzen duenez, hizkuntzak ikasteko aplikazioak egon bazeuden IndyLand baino lehen, baina aplikazio horiek hiztegia eta gramatika soilik irakats zitzaketen bitartean, IndyLan proiektuarentzat garrantzitsua zen hizkuntza gutxituetako kulturetan ere zentratzea; horiek hobeto ezagutu, babestu eta kontserbatzeko.

Orain hiru urte proiektua egia bihurtu zen, eta gaur egun tresna zinez erabilgarria da hizkuntza gutxitu bat ikasteko hautua egiten duen edonorentzat. Alde horretatik, Strani oso harro sentitzen da proiektu hori lagungarria izaten ari delako gizabanako eta hizkuntza gutxituetako komunitateentzat; hein handi batean, hizkuntzak ikasteko baliabide lagungarriak eskaintzen dizkielako.
I

ndyLanen balioa gorabehera, esan beharra dago egun finantzaketarik gabe geratu dela. Izan ere, Erresuma Batuko unibertsitate batek hasitako proiektu bat izanik, EBk aurretik jaso zuen finantzaketa jada ez dauka eskuragarri, Brexita dela eta. Hizkuntza ikasteko ikuspegi paneuroparra, Erresuma Batuko hizkuntza gutxituak barne, jada ez dago EBren esku.