NAIZ

Jon Ander Urrestiren ‘Eucalyptus’ proiektuak irabazi du bosgarren Sormen Beka

Jon Ander Urresti aktore bermeotarrak irabazi du Durangoko Azokako bosgarren Sormen Beka. Eukaliptoak ditu protagonista proiektuak.

Ostegun honetan jakinarazi dute sormen bekaren irabazlearen izena.
Ostegun honetan jakinarazi dute sormen bekaren irabazlearen izena. (GEREDIAGA ELKARTEA)

Jon Ander Urrestiren proiektua aukeratu dute Durangoko Azokaren antolatzaileek. Urrestik azaldu duenez, antzezlan berri honen helburua eukaliptoaren errelatoa kontatzea izango da. «Zerbaitek esaten dit baduela zer esan gutaz. Azken finean gure paisaiaren parte da. Eta hau bilatzeko bide eta forma eszenikoa erabiliko da, antzerkitik eta dantzatik gertu kokatu nahi dudan poetika batean», adierazi du. Aktoreak Durangoko Udalak babestutako 15.000 euroko diru-laguntza jaso du, eta urtebeteko epea izango du proiektua gauzatzeko, hau da, hurrengo urteko Azokara arte.

Eukaliptoak ditu protagonista. «Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi da, zalantzak sortu, nire ustez hau baita artearen funtzioa. Gure inguruarekin erlazionatzeko dugun moduak gure izaeraz, gure garaiaz, gure joerez eta gatazkez hitz egiten duelako», azaldu du.

Bermeotarrak azaldu duenez, «periferiako gai eta zalantzak plazan jarri nahi ditut, euren garrantzia politiko eta urgentziaz hausnartzeko asmoz. Beti ere hurbilketa garaikide batekin».

Epaimahaiaren hitzetan, «proiektuak lehenengo kolpean ezustea, ezinegona eta harridura sortu zigun. Eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin harilkatu ditu egileak gogoeta berean monokultiboa, faxismoa, eta egun gure jendarteak kolpatzen dituzten kezka sozialak eta erronkak. Hain zuzen ere, planteamenduak guregan sortu duen mugimendu hori publikoarengan ere sor lezakeelakoan gaude. Funtsean, gaiaren originaltasunak arrastoa utzi digu: eukaliptusari emandako balio metaforiko aberatsak, eta bertatik abiatuta gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratzeko testuinguru berezia sortzeko gaitasunak».

Epaihamaia honako kideek osatu dute: Oier Guillan aktorea, Leire Vargas idazlea, Jon Maya dantzaria, Arantza Arrazola Durangoko San Agustin Kulturguneko zuzendaria, Aurelie Pousset Hendaiako kultur programatzailea eta Gerediaga elkarteko kide Asun Elorriaga idazkari lanetan. Nabarmendu dutenez, proiektu honek «Jon Ander Urrestik sortzaile gisa izan dezakeen bilakaeran pausu bat gehiago izan daitekeela iruditu zaigu, ahots eszeniko propio baten bila».

Jon Ander Urresti (1992, Bermeo) Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolan graduatua da eta hainbat antzerki-taldetan ibili da aktore lanetan. ‘Tribiz, baserri galdue’ gradu amaierako lana antzezlan bihurtu zuen, eta bertan bere familiaren baserri eroriaren inguruko kontakizunak bildu zituen. Horman Poster kolektiboko kide da eta ‘Antigone edo ezetzaren beharra’ antzezlanarekin 2022ko Donostia Saria irabazi zuten.

Gaur egun, Artedrama eta Axutek ekoiztutako ‘Hondamendia’ antzezlanean buru-belarri dabil. Azken hilabeteetan, bere baserriko korta sormen eszenikoak egiteko espazio bihurtu du.