Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Maletak, motxilak, ihesaldiak eta gatazkaren min ezkutuak

Miren Azkarateren ‘Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak’ (GARA) hotz uzten ez zaituen liburua da. Euskal gatazkan jartzen du fokoa, ikusezinak izan diren kaltetu handienetan: haurrak. ‘Zaldi berdea’ (Ataramiñe) liburuaren azalean ere haur bat, Jose Mari Sagardui Moja ‘Gatza’-ren alaba.

Miren Azkarate kazetaria, ‘Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak’ (GARA) liburuaren egilea.
Miren Azkarate kazetaria, ‘Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak’ (GARA) liburuaren egilea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Egon naiz Azokan erosle bezala eta kazetari bezala, baina sekula ez standaren atzean. Eta ari naiz aluzinatzen ikusirik zein harrera izaten ari den liburua». Miren Azkarate kazetaria GARAren erakusmahaian ari da egun hauetan ‘Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak’ sinatzen.

«Denak eskerrik asko, eta mota honetako gauzak esaten: ‘Bazen garaia gai hau norbaitek tratatzeko’, ‘ze garrantzitsua gure erretratua guk geuk egitea’ eta ‘zuetaz ez zuen inork hitz egin’. Denak dira eskertzak, piropoak eta hunkidura. Askok liburua erostean aipatzen didate: ‘Nire ilobarentzat da, zu bezalakoa iheslari baten alaba da’».

Miren Azkarate bera ere Kuban erbestean urte asko eman zituen iheslari baten alaba delako. Bizipen horiek eskutatu beharrean, liburu honetan testigantza literario hunkigarri eta argigarri bat josteko erabili du. «Ez da objektiboa, oso subjektiboa da, gure bizipenak direlako», argitu digu.

Venezuela, Mexiko, Hendaia, Kuba, Cabo Verde eta Suitzan gurasoak izan dituzten ‘maletadun haurren’ bizipenak jaso ditu Azkaratek. Baina zenbat haurri buruz ari gara hitz egiten? «Ez dago zentso bat, baina kalkulatzen da 2.500 iheslari politiko egon dela Euskal Herrian azken 40 urteetan. Emaiozu media bat bakoitzak 2 seme-alaba izan dituela, zeren batzuk zero baina beste batzuk 3 eta 5 izan dituzte, eta kalkulatu ezazu 5.000 bagarela, izan garela eta garela. Zeren hau ez da bukatu. ez da 80 hamarkadan geratu zen zeozer. Ez, hau gaur gaurkoz dago eta Europako bihotzean dago, Suitzan».

Zentzu batean liburuaren bihotzean erreibindikazio bat dago: iheslari politikoen seme-alabek jasan behar izan dituzten egoerak gatazkaren memoria kolektiboan txertatzeko beharra. Beti ezkutuan izan direlako, segurtasun kontuengatik edo, baina horrek bakardade handia dakar.

«Ni ez naiz motxiladun haurren kolektiboan sentitzen eta horregatik sortu nuen maletadun haurrena, zeren gu maleta batekin ibili gara. Ez gara asteburuetan ibili, gurea beti izan da hilabetetik gorako bisitaldi bat. Beti maleta batekin, motxila guri motz gelditzen zitzaigun»., dio

Ihesean zaldi batean

Jose Mari Sagardui Moja ‘Gatza’ preso ohiaren alaba motxiladun haur bat izan zen. ‘Zaldi berdea’ (Ataramiñe), bere lehen liburuarekin dago Sagardui Azokan. Ia 31 urte kartzelan pasa ondoren, euskal preso ohi honek bizi izandako sentsazioak islatu nahi izan ditu paperean, baita askatasun gosea ere. Presoen eginbeharra ihes egitea da, esaten ohi da: «Burua leihoan neukan beti, kalea ikusteko, askatasunaren beharra zen erabatekoa. Inoiz ez dut kendu burutik».

 Hiru hamarkadatan hainbat aldiz saiatu zen ihes egiten. Horietako bat 1993ko martxoaren 6an, Granadako kartzelako harresiaren parean hankak eta besoak apurtuta, kartzeleroek eta guardia zibilek jipoituta amaitu zuenean. Haren berri ematea erabaki zuen; gainera, egun horren zazpigarren urteurrenean alaba jaio zitzaion eta Gatza ‘zaldi berdea’ bihurtu zen. ‘Zaldi berdea’ baitzen bisitetan erabiltzen zuten mantatxo berdea. Horrekin jolasten zen alabarekin.

Alaba oso present dago liburuan, baita portadan ere. «Gure alaba izan da, beste hainbeste haur bezala, motxiladun haur bat, bidaia asko egindakoa. Kartzelan nengoenean, hurbilen izan nauena Jaen izan da. Jaio berritan Langraitzen ikusi nuen bi-hiru astez, baina gero milaka kilometroko bidaiak egin behar izan zituen. Lau hilabetekin hasi zen bidaiatzen».

Liburuan aurkituko duguna, Xabier Izagak epilogoan dioen bezala, «kontakizun trinkoa» da: «Adjektibo bakar batera ibiltzekotan, gordina esan beharko genuke», dio.