Iraitz Mateo
Oiartzun

Elkartasun geltokia izango da Etxeraten urtarrileko bertso saioa

Urtarrilaren zortzian egingo da Etxeraten bertso saioa Oiartzunen. Euskal presoen eta deportatuen egoera fase berri batean dagoen arren, beharrezkoak dira elkartasunezko ekimenak. Aurten, Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak egongo dira kantuan, urtero antolatu ohi den oholtza gainean.

Nagore Mujika Etxerateko koordinatzailea eta Igor Ibarguren Oiartzungo bertso saioaren antolatzailea.
Nagore Mujika Etxerateko koordinatzailea eta Igor Ibarguren Oiartzungo bertso saioaren antolatzailea. (Jon Urbe | FOKU)

«Geltoki batera heldu gara, baina ez helmugara», azaldu du Nagore Mujika Etxerateko koordinatzaileak, euskal preso eta deportatuen egoeraren inguruan galdetutakoan, presoen %90 baino gehiago Euskal Herrian dagoen arren, helmuga guztiak etxean egotea dela adieraziz. Geltoki bakoitzean herritarren elkartasuna beharrezkoa da Igor Ibargurenentzat, eta Oiartzunen izaten den bertso saioak ekarpena egin nahi duela aitortu du. Talde antolatzaileko kidea da bera.

Senideek azken hiru hamarkadetan «zama handia» jasan dutela kontatu du Mujikak, gastu eta bidaia pila bat zenbatu daitezkeela, nahiz eta guztia ezin den kuantifikatu. «Batzuetan kuantifikatzen ahal diren gauzak errazago ikusarazten dira, baina beste gauza batzuk ezin dira kuantifikatu, eta horiek dira askotan garrantzitsuenak izan direnak senideontzat. Jasotako presioa, bidaiak nola bizi izan ditugun... Kolektibo oso zaurgarria da gurea». Urruntzeek haurrengan, jende nagusiarengan, zein gaixorik egon den jendearengan eragin handia dutela azpimarratu du.

Bide horretan, ordea, herri ekimen eta elkartasun keinu asko eta anitzak topatu dituzte. «Edozein elkartasun keinu, lan boluntario zein anonimo oso garrantzitsuak dira. Horietako bat da Oiartzunen antolatzen den bertso saioa». Aurten 26. edizioa egingo da, eta berezia izango da. Izan ere, batetik, pandemiaren eraginez bertan behera geratu zen iazkoa; eta, bestetik, Bertsolari Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak izango dira kantuan, Amaia Agirre gai-jartzailearen esanetan: Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.

Sostengua eta bozgorailua

Memoria ariketa azkar bat egin behar izan du Ibargurenek, aurtengoa zenbatgarren edizioa den gogoratzeko. «28 aldiz antolatu dugu presoen alde, baina bi aldiz bertan behera geratu da; pasatu den urtean pandemiaren eraginez eta lehenago beste bat. Esango nuke 26. edizioa izango dela hau». Nondik eta nora hasi ziren antolatzen galdetuta, herriko bertso munduko jendearen ideia izan zela aitortu du Ibargurenek. Hasieran, bertsoaren bidez aldarrikapen edo adierazpen zehatz batzuk mahaigaineratzea zuten asmoa, eta horrela egin ziren euskararen aldeko ‘Argia’ bertso saioak. Baina euskal presoen egoera zela eta, aldaketa bat eman eta presoen aldeko saioa antolatzen hasi ziren: «Sostengu ekonomikoa behar zen batez ere, eta horretarako antolatu zen». Gerora, ordea, helburu ekonomikoa izateaz gain, helburu politikoa ere erantsi zioten: bozgorailua izatearena.

Mujikak elkartasun ekimen ezberdinak egitearen garrantzia nabarmendu du, alor eta jendarte ahalik zabalenetara iristeko: «Beharrezkoa da kultur adierazpenean ere, eta kasu honetan bertsolaritzan, gure senideek pairatzen duten egoera gizarteratzeko plaza izatea». Dena den, Mujikak sostengu ekonomikoa ere premiazkoa dela adierazi du.

Lehen egiten ziren elkartasunezko ekintza batzuk desagertzen edo gutxitzen joan direla aditzera eman du oiartzuarrak. Hori gertatzen ari dela baieztatu du Mujikak, eta erantsi du, aldi berean, asistentzia juridikorako zein osasun baliabideetarako gero eta beharrezkoagoa dela ekarpen ekonomikoa egitea. Premia horiek asetzeko sortu zuten Kinkea zozketa, esate baterako, urtero-urtero diru iturria izaten ari dena.

Bertso munduak laguntzeko prestutasuna

Azken hiru hamarkadatan testuinguru eta fase ezberdinetan kokatu da euskal preso eta iheslarien auzia. Hala ere, Ibargurenek kontatzen du beti sumatu izan duela talde antolatzaileak laguntza eta eskertza: «Beti izan dugu bertso munduko jendearen laguntza, beti baiezkoak jaso ditugu bertsolarien aldetik, eta ahal izan duten guztietan etorri dira». Aitortu du, baita ere, kalitatezko bertso saioa antolatzen ahalegintzen dela lan taldea, «puntako produktu bat sortu nahi dugu bertsozalearentzat, eta mundu horretara hurbildu gaia».

Oiartzunen urtero ospatzen den saio berezia garrantzitsua izaten da herriarentzat, aparta zaleentzat, baina baita bertsolarientzat ere. «Saio aurreko momentua iristen da, eta han ikusten dituzu bertsolariak kontzentratuta, tentsioan... Plaza berezia da beraientzat ere, edo hala esango nuke nik behintzat». Beste plazetatik ezberdina da akaso gaien aldetik, baina baita plazaren dimentsioagatik ere. Orain arteko saioetara 1.500 ikus-entzule joan izan dira. Ibargurenek aitortu du lau urtean behin finalistekin egindako saio honek izaten duela arrakasta gehien.

Protagonista nagusiak kantuan aritzen diren zortzi bertsolariak badira ere, Ibargurenek behin baino gehiagotan azpimarratu du gai-jartzailearen lana. Udaren bueltan biltzen hasten da talde antolatzailea; bertsolariak proposatzen dituzte lehendabizi, eta udazkena ailegatzearekin batera hauek lotzen joaten dira (aurtengoa berezia izan da, Txapelketa Nagusia dagoen urtean finalistek kantatzen baitute). Gai-jartzailearekin saioa hurbildu ahala ekartzen dira: «Etxeratek duen ikuspegia azaltzen zaio, lehen esan bezala bozgorailua ere izan nahi duelako saioak. Hartara, Etxeraten ikuspegitik lantzea interesgarriak diren zenbait gai sartzen saiatzen gara».

Barrukoen zein kanpokoen arteko zubi

Bertsogintzara presoen eta iheslarien gaia gerturatzea, eta, alderantziz, auzi hau gertutik bizi dutenengana bertsoa hurbiltzea ere badira helburuak. Espetxe barruan zein kanpoan daudenen arteko zubiak eraikitzeko bidea izan daiteke. Urte bakoitzeko saioa da berezia eta bakana, baina antolatzaileak gogoratzen du 2016ko edizioak zubiak eraikitze lanean bestelako ekarpen bat egin zuela.

«Bertsolariei guk deitu ohi diegu. Baina urte hartan desberdin egin genuen. Lehenago antolatzen hasi ginen helburu bat geneukalako: presoak, errefuxiatuak, senideak edo epaiketaren zain zegoen batek gutun idatzi baten bidez bertsolari bakoitzari kantatzeko eskatzea». Prozesua luzeagoa izan bazen ere, sortutako «harremanak politak» izan zirela adierazi du, binkulo pertsonalak sortzea ere lortu zutelako. Azken batean, bertsolariak eta presoak (edo senideek) zuzeneko harremana izan zutela gaineratu du.

Saioa antolatzearen eta egitearen zubigintza horretan, ziega kanpokoak eta barnekoak elkartzeaz gain, Euskal Herria ere elkartzen da. Izan ere, lan taldearen anbizioa Euskal Herri mailako saioa osatzea da: «Lehenago Oiartzungo bertso saioa bezala saldu izan dugu. Momentu honetan bigarren plano batean jarri dugu herriaren izena; non den azpimarratu beharrean, Etxeraten bertso saioa izatea nahi dugu». Aitortu du inguruko jendea hurbiltzeaz gain, beste herri batzuetako zaleak ere etortzen direla, baduela toki bat askoren agendan. Hori entzundakoan, Mujikak aipatu du, erdi txantxetan baina benetako asmoz, Bizkaitik autoak antolatzen dabiltzala.

Borondatezko lana

Bederatzi protagonista igotzen dira fokupera urtero antolatzen den saioan. Baina atzetik dagoen bolondresen lanik gabe ezinezkoa litzateke, ez legoke urtarrileko bertso saiorik, ezta bestelako elkartasunezko ekimenik ere. Antolakuntzako lan talde iraunkor bat badago ere, egunean bertan 30 bat lagun elkartzen direla kontatu du Ibargurenek. Saioa baino lehen oholtza prestatu behar da, aulkiak jarri, txartelak jaso... Aurretik ere, lana badagoela azaldu du: tabernetan sarrerak salgai jarri, kartelak itsatsi edo saioa zabaldu, besteak beste. «Harrera ona egiten dute herritarrek, bakoitzak bere arlotik. Jende askok egiten du ekarpena».

Mujika ere iritzi berekoa da. Bakoitzak ahal duen neurrian, baina guztien artean lan eginez, presoen eta iheslarien etxeratzea posible dela esan du, eta bide horretan «elkartasun keinu oro eskertzekoa» dela. «Azkenean guk eskatzen duguna da eskubideak errespetatzea. Dagokiguna eskatzen dugu, ez gehiago eta ez gutxiago».

Urtarrilaren 8a

Urtarrilaren zazpiaren biharamuna da zortzia; Sarek Bilbon antolatutako mobilizazioaren ondoren iritsiko dira doinu errimatuak Oiartzunera. Aldarrikapenerako eta elkartasunerako bi formatu oso ezberdin dituzten ekimenak dira. Mujikaren iritziz, biak dira oso garrantzitsuak, eta azken helmugara iristeko beharrezkoak diren ekimen guztiak egiten jarraituko dutela berretsi du. Aldi berean, dei egiten die herritarrei gabonen bueltan antolatutako deialdietan parte hartzeko eta urtarrilaren bederatzitik aurrera ere lanean jarraitzeko. «Geltoki berri eta hobe batean gaude, baina helmuga etxea bihurtu behar dugu».