NAIZ

Baztandarren Biltzarra antolatzen zuen taldeak bestaren ardura utziko duela iragarri du

Baztango festarik ezagunena kolokan dago, hura antolatzeaz arduratzen den Baztandarren Biltzarra Elkarteko kideek ardura utziko dutela jakinarazi eta gero. Beste inor gidaritza hartzeko prest balego, laguntzeko borondatea adierazi dute.

Baztandarren Biltzarra Elkarteko kideek Elizondon egin dute agerraldia.
Baztandarren Biltzarra Elkarteko kideek Elizondon egin dute agerraldia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Elizondoko beren egoitzaren atarian astelehen honetan eskainitako prentsaurreko batean, Baztandarren Biltzarra Elkarteko kideek publiko egin dute bestaren ardura uzteko erabakia. Hala, inork ez badu gidaritza hartzen, aurten 60. edizioa duen festa kolokan geldituko da, desagertzeko arriskuan.

Urte hauetan guztietan jasotako laguntza «bihotzez» eskertu eta gero, azaldu dute denbora luzez beren esku hartu dutela bestaren ardura eta «zikloa ixteko tenorea dela» iritsi zaien sentsazioa dutela azpimarratu dute.

Laguntzeko prest

Nolanahi ere, argi utzi nahi izan dute elkartearen gidaritza beste talderen batek hartuko balu, beren laguntza izango duela: «Aholkuak emanez, bidelagun lana egiteko erabat prest gaude. Are gehiago, arras kontent paratuko gara norbaitek segida ematen badio hainbertze urtez gure artean egon den besta eder honi».

«Urte anitz izan dira, arras politak eta aberatsak. Berriz ere, eskerrak eman nahi dizkiegu, 60 urte hauetan, modu batean edo bertzean Elkarteari laguntza eman dioten guztiei. Gure euskarri izan dugun leloak biziarazi gaitu eta hori izan da gure oinarria. Beraz, ardura hau utzi arren, beti harro aldarrikatuko dugu: Baztanen eskuara barra-barra!», gaineratu dute.