NAIZ
Baiona

Baionako notario baten bulegoa blokeatu dute Bidarraiko nekazal lur baten salmenta gelditzeko

Bidarrain 17 hektarea nekazari lurren salmenta salatu dute ostegun honetan Lurzaindiak eta ELBk Baionan. Tramitea egiten ari den notarioaren bulegoa blokeatu dute eta honek hitz eman du erretiratuko dela hurrengo astean saltzailea, herriko auzapeza, Lurzaindia eta ELB ez badira ados jartzen.

Baionako notario baten bulegoa okupatu duten ELB eta Lurzaindiako ordezkariak.
Baionako notario baten bulegoa okupatu duten ELB eta Lurzaindiako ordezkariak. (MEDIABASK)

Bidarraiko 17 hektarea nekazari lurren salmentaren tramitea egiten ari den notarioaren bulegoa okupatu dute 50 ekintzailek, urtarrilaren 12 honetan Baionan. Laborantzarekin inolako harremanik ez duen eroslea dela salatu dute ekintza antolatu duten Lurzaindiak eta ELB sindikatuak. Notarioak baieztatu du saltzailea, Bidarraiko auzapeza, ELB eta Lurzaindia ez badira ados ematen aferatik erretiratuko dela.  

Ekintza «lorpena» dela baieztatu dute Lurzaindiak eta ELB laborantza sindikatuak. Notarioak erabakia hartu du Bidarraiko, Urruñako eta Makeako auzapezak eta ekintza antolatu duten eragileen ordezkariak ikusi eta gero.

Notarioak eta bere bulegoan izan diren ekintzaileek elkarrekin egindako idatzi bat igorri diote saltzaileari, erosleari eta bien arteko tramitea egin duen agentziari.

Hurrengo astean bere bulegoan bertan bilkura egitea onartu du notarioak, ekintzaileek proposatuta.

‘Jabego hutsa’ eskubidea

Salmenta ‘jabego hutsa’ eskubidearen erabilera ez egokia eginez gauzatu dela salatu dute bi eragileek, eta salmenta eskubide horren «abusua» izan dela. Eskubide hori horrela erabiltzea «espekulazioa» dela baieztatu dute. Izan ere, Safer erakunde publikoak laborantza lurrak babesteko lur horiek erosteko duen lehentasun eskubidea ezin izan du baliatu, salmenta ‘jabego hutsa’ baliatuz egin delako.