NAIZ

Antigitanismoaren argazki latza erakutsi du lehen barometroak, aldatzeko gogoa ere bai

Lehenengo aldiz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek ijitoenganako dituzten pertzepzio eta jarrerei buruzko inkesta eta azterlan espezifikoak egin ditu Ikuspegik. Indize bat ere sortu du, eta zerotik ehunera, 54,36koa da irekitasun eta tolerantziaren puntuazioa. Bide luzea dago egiteko, beraz.

Ijitoen elkarteetako ordezkariek ere parte hartu dute txostenaren aurkezpenean.
Ijitoen elkarteetako ordezkariek ere parte hartu dute txostenaren aurkezpenean. (IREKIA)

Ijitoenganako pertzepzio eta jarrerei buruzko Ikuspegiren lehen barometroak baieztatu du antigitanismoa badela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, dezentekoa gainera. «Argazkia gogorra» da, baina jendartea egiturazko arazo horretaz kontziente dela ere erakusten du inkestak. Beatriz Artolazabal sailburuak nabarmendu duenez, herritar guztiek euskal ijitoekin partekatzen duten diskriminazioaren pertzepzio horrek ijitoak ordezkatzen dituzten kolektiboekin egiten den lana indartzeko balioko du. «Kontzientzia horri esker, badakigu lortuko dugula diskriminazio hori geldiaraztea».

‘Neurtu 2022: Ijitoekiko pertzepzioak eta jarrerak’ izena du Ikuspegiren txostenak. Ijito Herriaren Sustapen Integralerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluaren baitan aurkeztu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Hain zuzen ere, Kontseilua osatzen duten erakundeek aktiboki parte hartu dute ikerketa lan hau egiten. Ijitoen elkarteetako ordezkariak ere izan dira agerraldi publikoan, elkarlanaren erakusgarri.

Itun Sozialean lanean

«Antigitanismoaren aurkako borroka ez da ijitoen kontua soilik, guztioi, erakundeei, ijitoen herria ordezkatzen duten taldeei eta gainerako herritarrei dagokigu», esan du Artolazabalek.

Azpimarratu du beharrezkoa dela Antigitanismoaren aurkako Itun Soziala bultzatzea. Zuzentzen duen sailak konpromisoa hartu du aurten proiektu hori hasteko, baita Tratu Berdintasunerako eta Bereizkeriarik Ezerako Legearen Aurreproiektuari ekiteko ere. Aurreproiektu horren ardatzetako bat izango da antigitanismoa.

«Abiapuntu egokia», ezagutu eta aldatzeko

Gorka Moreno Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak azaldu duenez, ostegun honetan aurkeztutako ikerketa hau «abiapuntu egokia da ijitoekiko jarrerak hobeto ezagutzeko. Eremu horretako ikerketak urriak eta mugatuak dira, eta horrelako lanak ezinbestekoak dira diskriminazio egoerei aurre egiteko eta tratu berdintasuna sustatzeko».

Ikuspegiko zuzendariak, Julia Shershnevak, 2022an egindako lehen barometro honen datu batzuk aletu ditu. Agertu duenez, herritar gehienek aniztasunerantz jotzen dute, oro har, eta onartzen dute jendartean bereizkeria eragiten duten errealitateak daudela eta baztertzeko jarrera dutela.

Bizilekua eta lana

Jendarteak onartzen eta salatzen du batez ere ijitoenganako bereizkeria dagoela, bereziki etxebizitzan eta lanean. %40k baino gutxiagok adierazi dute ijito asko bizi diren auzo edo bloke berean bizitzea onartuko luketela; beste %40,9, berriz, hori saihesten saiatuko litzateke, eta %15,3k ekidin egingo luke harreman hori. Gainera, hamar pertsonatik lauk baino gehiagok onartzen dute ez lioketela etxea alokatuko ijito bati.

Lanean, hamar pertsonatik ia hiruk adierazi dute norbait kontratatu beharko balute, prestakuntza eta esperientzia bera izanda, ez luketela ijito bat kontratatuko edo saihestu egingo luketela, gutxienez.

Hezkuntza

Inkestan parte hartu duten hamar lagunetik bederatzik baino gehiagok adierazi dute ez dutela arazorik lan eta hezkuntza testuinguruan ijitoekin harremanak izateko, ijito horiek rol handiagoa (zuzendaritzakoa) edo berdina izanda ere (lankidea edo ikaskidea). Bizikidetzaren onarpen maila hori nabarmen jaisten da, ordea, seme-alabentzat ijitoen etniako adingabeko askok ikasten duten ikastetxe bat aukeratuko al luketen galdetzean. Hori saihesten saiatuko lirateke hamar pertsonatik lau.

Zeharkako diskriminazioari dagokionez, biztanleen %40k baino gehiagok adierazi du ijitoren bati buruzko iruzkin negatiboen edo zurrumurruen lekuko izan dela; %34k baino gehiagok txantxak, txisteak, imitazioak edo antzekoak ikusi ditu. Nabarmentzekoa da %21,1ek irainak ikusi dituela, %12,5ek mehatxuak eta %10,7k eraso fisikoak.

Ijitoenganako laguntasunaz eta haien tolerantzia pertsonalaz galdetzerakoan, balio ertainak edo txikiak ikusten dira. Hala, sinpatia-maila, 0tik 10era bitarteko eskalan, 5,79 puntukoa da batez beste; tolerantzia pertsonala, berriz, 6,65 puntukoa da 10etik, eta jendarteari oro har egotzitako tolerantzia 5,3 puntukoa da.

Indize sintetikoa

Lan horren guztiaren emaitza gisa, Ikuspegik indize sintetiko bat egin du, EAEko biztanleriak ijitoenganako duen jarrera laburbiltzen duena. Ijitoenganako irekieraren indize horrek (2022an sortua) honako hauek neurtzen ditu: irekiera maila, jarrera irekia edo ez hain irekia eta jendarteak ijitoenganako dituen jarrera toleranteak. 0 puntutik (jarrera itxiagoak eta onartezinagoak) 100 puntura (jarrera irekiagoak eta toleranteagoak) doa indizea.

Lehen urtean 54,36 puntu lortu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jendarteak. Indize honek aukera emango dio Ikuspegiri haren bilakaera ikusteko eta etorkizuneko aldaketak monitorizatzeko.