Khadem xakelaria: «Ez nengoen eroso, ez nintzen ni, eta beloa gehiago ez eramatea erabaki nuen»

Iragan abenduan xakeko Munduko Txapelketa jokatu ostean, Irango xakelaria Estatu espainolean dago. Khademek esan du jaioterria uzteko erabakia ez dela izan «arrazoi politikoengatik» baizik eta lekualdatzeko arrazoi nagusia bere semea izan dela. Txapelketetan Iran ordezkatzen jarraituko du.

Sara Khadem xakeko Munduko Txapelketako partida bat jokatzen
Sara Khadem xakeko Munduko Txapelketako partida bat jokatzen (Lennart OETES | FIDE)

«Nolabait ez nengoen eroso, ez nintzen ni, eta hijaba gehiago ez eramatea erabaki nuen», hori dio Sara Khadem Irango xakelariak Estatu espainolean egin dioten elkarrizketa batean. Iragan abenduan jokatu zuen xakeko Munduko Txapelketa Almatyn (Kazakhstan), eta hijabik gabe egin zuen. Txapelketak utzitako irudietako bat izan zen, Iranen emakumezkoek nahitaezkoa baitute beloa jantzita eramatea. Munduko Txapelketa ondotik ez da herrialdera itzuli, eta orain Estatu espainolean dago.

Han egotearen inguruan, 25 urteko xakelariak argi utzi du herrialdetik alde egiteko erabakia ez dela izan «arrazoi politikoengatik»: «Zurrumurruak entzun ditut asiloa lortzeko eta Espainiara joan ahal izateko egin dugula lekualdaketa. Argi utzi nahi dut ez genuela arrazoi politikorik erabili alde egiteko, ez genuelako behar». Aitzitik, Estatu espainolera lekualdatzeko arrazoi nagusia bere semea izan dela gaineratu du.

Joan den irailetik Iranen protestak ugariak izan dira beloa nahitaez erabiltzearen aurka, eta batzuek Khademen erabakia ikusi zuten protesten aldeko seinale moduan. Hori, baina, ez du berretsi munduko emakumezko xakelari onenen artean dagoenak, –17. postua du rankingean–.

Hori bai, nabarmendu du Munduko Txapelketa jokatu aurretik ere, inoiz ez dela izan hijaba eramatearen aldekoa, eta soilik kameraren aurrean jarri izan duela: «Txapelketaren batera joaten nintzen bakoitzean, ez nuen beloa jartzen atarira iritsi arte, eta soilik hura zeharkatzean estaltzen nuen ilea, Iran ordezkatzen ari nintzelako».

Munduko Txapelketan, baina, hori ez egitea erabaki zuen, «hautu pertsonal bat» izan zela gaineratuta, eta horregatik erantzun beharko baluke, adierazi du hark eman beharko lukeela aurpegia, eta ez bere familiak.

Khademen ustetan, Europan egoteak gauzak asko erraztuko dizkio, txapelketak jokatzeko Iranetik beti hegazkinak hartu behar zituelako. Hala ere, aitortu du oraindik ere Iran ordezkatzen duela nazioartean, eta, beraz, ez dakiela «alde handirik» egongo ote den.

Etorkizunera begira, Irango jokalariaren helburu nagusia da munduko hamar xakelari onen artean egotea. «Xakeko maisu handia izatetik oso gertu nago, arau bat eta hamar puntuko balorazioa besterik ez dut behar. Horrek esan nahi du agian txapelketa on bat nahikoa izango litzatekeela».

Iran xakearen potentzietako bat

Badago joera bat antzematen dena xakearen etorkizuna Asian dagoela, eta Iran da herrialdeetako bat. Hala ere, harrigarria da hori, jakinda Jomeiniren gobernuak xakean aritzea debekatu zuela iraultzaren ondotik. Horren harira, Khademek azpimarra jarri du belaunaldi gazte baten sorreran: «Hainbeste denboran xakean jokatzea debekatuta egon ondoren, belaunaldi gazte bat sortu zen, Alireza eta beste zenbait jokalarik osatzen zutena. Ez zuten gobernuaren edo federazioaren babesik jaso, baina xakea maite zuten. Eta uste dut horrek bihurtu zuela Iran xakearen potentzietako bat».

Khadem 8 urterekin hasi zen xakean jokatzen, eta 13 urterekin eskolara joateari utzi zion. Horren harira, Irango xakelariak nabarmendu du «dena zor» diela gurasoei: «Haien babesa izan dut uneoro. Inoiz ez naute estu hartu eskola serio har nezan, gustatzen zitzaidana egin behar nuela pentsatzen zutelako».