NAIZ

Esteban Salinas txiletarra Bidasoara itzuliko da eta bere anaia Rodrigorekin elkartuko da

Bidasoa Irunek Esteban Salinas fitxatu du datozen bi denboraldietarako. Granollersen hiru denboraldi eman ostean, txiletarra Artalekura itzuliko da. Bere anaia Rodrigok berriki luzatu du hitzarmena klub gipuzkoarrarekin eta beraz, bi anaiek bat egingo dute.

Esteban Salinas, Bidasoa Irungo elastikoarekin, 2019-2020 denboraldian.
Esteban Salinas, Bidasoa Irungo elastikoarekin, 2019-2020 denboraldian. (Jon URBE | FOKU)

Esteban Salinas pibotea fitxatu du Bidasoa Irunek eta beraz, txiletarrak bere bigarren egonaldia hasiko du Artalekun. Azken hiru urteak Granollersen eman ditu eta bertan jokatu dituen 77 partidatan 313 gol sartu ditu, Asobal ligako pibote onenen artean dagoela erakutsiz. Irunen emandako lehen bi denboraldietan ere lan txukuna egin zuen.

Klubak argitaratu duen bideoan, Bidasoa Irunera itzultzearekin «pozik» agertzen da txiletarra. Bertan, gainera, bere anaia Rodrigorekin elkartuko da berriro ere.

Suedia eta Polonian jokatzen ari den Munduko txapelketan lehiatu du berriki, Rodrigorekin batera, eta bertan 23 gol egin ditu 7 partidetan. Txile kontsolamenduko torneoko finalera iritsi zen baina porrota jaso zuen azken partidan, Tunisiaren aurka.

30 urteko piboteak esperientzia handia dauka Asobalen. 2014ean egin zuen debuta MMT Seguros Zamora taldearekin. Urtebete beranduago Benidorm taldeak fitxatu zuen eta bertan hiru denboraldi eman zituen, maila txukunean. Arrazoi nahikoa izan zen Bidasoa Irunek fitxatzeko, 2018an, eta taldeko jokalari nabarmenduetako bat bilakatu zen.

EHF Champions League txapelketan debuta egin zuen Irungo taldearekin eta Bidasoaren aro berriko lehen txapeldunordetza lortu zeneko taldean garrantzia izan zuen jokalaria izan zen. Gipuzkoan emandako bi denboralditan, ligako 48 partida jokatu eta 128 gol sartu zituen; Europan, 12 partidatan 34 egin zituen.

Munduko txapelketak eragindako atsedenaldia ondo probestu du Bidasoa-Irunek, Julen Aginagalde kirol zuzendari dela. Irundarraren azken denboraldia da kirolari moduan eta beraz, Salinasen itzulerak hori ere erantzuten du. Izan ere, Aginagalde gabe eta momentuz berritu gabe jarraitzen duen Ugarterekin zer pasako denaren zain, pibote postua indartu beharrean zegoen Bidasoa.

Azken asteetan, Pedro Pacheco brasildarra fitxatu du eta Iñaki Cavero, Dariel Garcia, Matheus Da Silva eta Rodrigo Salinasen hitzarmenak berritu ditu.