NAIZ

Zegama-Aizkorrik mugak gainditzen jarraitzen du: 13.830 lasterkarik eman dute izena

Azken edizioan baino 1.266 lagunek eman dute izena, jatorri aldetik ere aniztasuna inoiz baino handiagoa da eta emakumeen kopurua handitu egin da. Dortsal guztien zozketa otsailaren 24an egingo dute.

Zegama-Aizkorriko emakumezkoen izen-ematea igo egin da.
Zegama-Aizkorriko emakumezkoen izen-ematea igo egin da. (Gorka RUBIO | FOKU)

Covid-aren pandemiak dena geldiarazi zuen, eta baita Zegama-Aizkorri mendi maratoia ere. Bi urteko geldialdia ostean, iaz itzuli zen Euskal Herrian –eta mundu mailan– dagoen mendi lasterketa kutunenetarikoa eta markak hautsiz iritsi zen Kilian Jornet eta Nienke Brinkmanen errekorrekin. Bada, datorren otsailaren 24an egingo den dortsalen zozketan, lasterkari kopuru benetan handia egongo da adi. Lasterketa, berriz, maiatzaren 14an izango da, goizeko 9.00etatik aurrera.

Osteguneko 23.59etan amaitu zen aurrez izena emateko epea eta datuak beriziki bereizgarriak dira. Inoiz baino aurre izen-emate gehiago ditu mendi maratoiak, 13.830, 2020an baino 1.266 lagun gehiago. Konparaketak eginez, Western States probak 7.169 izen-emate izan zituen 2022an, eta UTMBk, 4.486.

Biel Rafols probak bere twitterreko kontuan aipatzen zituen 15.000 lasterkariak ez ditu gainditu, baina gertu ibili da eta gainera beste faktore bat aipatu behar da. Izan ere, jatorri aldetik aniztasuna inoiz baino handiagoa da.

Izena eman duten gehienek espainiar nazionalitatea dute (12.174), eta segidan ondorengo estatuak nabarmentzen dira: Estatu frantsesa (504), Portugal (300), Italia (201), Argentina (70), Britania Handia (63), Suitza (50), Polonia (44) eta Amerikako Estatu Batuak (36).

Emakumezkoen izen-ematea ere igo egin da. 1.250ek eman dute izena (%9), 2020ko datua handituz (1.032, %8,20).  Beste lasterketa batzuekin alderatuz ez da datu aipagarria, emakumeen izen-ematea %10-15 artekoa izaten baita, baina 200 gehiago izan dira Zegama-Aizkorri parte hartzeko nahia adierazi dutenak.

Adin tarteari dagokionez, 35-44 urte artekoak dira gehienak (5.965), 45-54 urte artekoak hurrena (3.851) eta 25-34 urte artekoak gero (3.063).  Gazteen kopurua ere nabarmentzekoa da (18-24 urte artean 412), baita urteetan aurrera doazena ere: 55-64 urteen artean 497k eman dute izena, eta adin horretatik gora 42k.

Lehen aipatu bezala, dortsal guztien zozketa otsailaren 24an egingo dute. 225 plaza zozketatuko dira izena eman duten 13.830 lasterkarien artean. Lasterketan parte hartuko duten 500eko zifrara iristeko antolatzaileek beste faktore batzuk erabiliko dituzte: 125 denborarik onenentzako (gizonak eta emakumeak) eta beste 150 konpromisoetarako (Golden Trail World Series 2023an parte hartzen dutenentzat, adibidez).

Maiatzaren 12an korrituko den Kilometro Bertikala eta Junior lasterketako izena emateko epea hilaren 30ean amaituko da. Ibilbide bertikalerako 150 plaza zozketatuko dira eta juniorrentzat 100 plaza egongo dira era zuzenean.