NAIZ

Zubietako erraustegiko isuriak ingurumenaren aurkako delitu diren ikertzen ari da epaitegi bat

Zubietako erraustegian joan zen uztailean izan zen isuria ingurumenaren aurkako delitua den argitzeko aurretiazko eginbideak ireki ditu Donostiako epaitegi batek, GuraSOSek aditzera eman duenez.

Arkaitzerrekan uztailean izan zen isuriaren argazkia.
Arkaitzerrekan uztailean izan zen isuriaren argazkia. (EAM)

Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak aurretiazko eginbideak ireki ditu, Ingurumen Fiskaltzak eskatuta, Zubietako erraustegian izan diren isuriak ingurumenaren aurkako delitu izan diren argitzeko. 

GuraSOSek jakinarazi duenez, isuri horietan «pertsonen osasunerako eta ekosistemaren orekarako» arriskutsuak izan daitezkeen substantzia kutsatzaileak daude, eta horien jatorria erraustegiaren jardunean legoke. Hori ikertzeko eginbideak hasi ditu Donostiako epaitegiak.

Plataformak ohar batean gogora ekarri duenez, iazko uztailean, Arkaitzerrekako isuriaren ondoren, erraustegiaren gain-uren zein lurpekoetan kutsadura «biziki larria» zegoela salatu zuen, baita inguruko lurrena ere, «metal astunek, dioxinek, furanoek eta fenolek, besteak beste, eragindakoa». Gipuzkoako Aldundiko eta Lakuako Gobernuko agintariak «duela bi urtetik kutsadura horren jakitun» zirela zioen, baina hala eta guztiz ere GHK-k «behin eta berriz ukatu izan du egoera hori, harik eta 2022ko azaroaren 3an Hondakinen Partzuergoaren batzarrean aitortu zuen bazela ‘iragazi lixibiatu  gertakari bat, ingurugiroko eraginik gabea’».

GuraSOSen arabera, orain jakin da 5. Instrukzio Epaitegiak, fiskalaren salaketa idatzia aintzat hartuta, eskatutako ikerketa abian jarri duela.   

Arkaitzerrekako isuriaren ondoren, iazko irailean GuraSOSek agiri behiago eraman zituen epaitegira, tartean Idom ingenieritzak 2021ko azaroan landutako txostenak, bta SGS kontrol entitateak urte bereko abuztuan –biak GHKren aginduz– egindako ikerketen emaitzak. Horiekin batera Usurbilgo Udaltzaingoak errakastoan jasotako arrastoen azterketaren emaitzak bideratu zituen, «zeintzuetan  material kutsatzaileen presentzia berresten zen, alegia amonioa, kloruroak eta kobrea, nikela eta kromoa bezalako metal astunak». 

«Kontrol eza»

GuraSOSen arabera, epaitegiak orain ikertzea onartu duen Fiskaltzaren txostenean adierazten da GHKren aldetik badirela zoruaren zein lurrazpiko uren kalitatearen inguruko kontrol eza adierzten duten zantzuak, nahiz eta arriskua ezagutu, eta ez zela haien azterketa sakonik egin.

Honakoarekin, hiru dira dagoeneko Zubietako erraustegiarekin lotuta epaitegietan irekita dauden eginbideak.