NAIZ

Arkaitzerrekan lau elementutan ezohiko mailak topatu ostean kontrola eskatu du Usurbilgo Udalak

Joan den astean isuri bat egon zen Arkaitzerrekan, eta Usurbilgo Udalak laginak hartu zituen. Behin-behineko emaitzak eskuetan, lau elementutan gutxienez ezohiko mailak jaso direla jakinarazi du, 2020ko maiatzeko isurian baino handiagoak. «Gardentasun eta kontrol mekanismoak» eskatu ditu.

Arkaitzerreka ezohiko apar eta kolorearekin ikusi zuela abisatu zuen herritar batek uztailaren 13an, eta Usurbilgo Udalak laginak hartu zituen.
Arkaitzerreka ezohiko apar eta kolorearekin ikusi zuela abisatu zuen herritar batek uztailaren 13an, eta Usurbilgo Udalak laginak hartu zituen. (USURBILGO UDALA)

Erraustegiaren aurkako mugimenduak Aitzerreka berriro kutsatuta zegoela salatu zuen joan den astean, eta horren ondotik Usurbilgo Udalak laginak hartu zituen errekan. Zenbait konposaturen emaitzak jasotzea falta da oraindik, baina behin-behineko emaitzak kezkatzeko modukoak dira, ezohiko maila oso altuak topatu direlako kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa).

Uztailaren 13an, herritar batek abisua pasatu zuen, erreka ezohikoa den egoera batean topatu ostean, ezohiko apar eta kolorearekin. Horren ondotik, Donostiako eta Usurbilgo udaltzainak bertaratu ziren. Udalak laginak hartu zituen, eta ostiral honetan jaso ditu emaitzak. URAk ere hartu zituen laginak.

2020ko lagineko amonioaren bikoitza

Usurbilgo Udalak nabarmendu duenez, 2020ko maiatzean beste isurketa bat izan zen, eta orduan ere laginak hartu eta aztertu zituzten. Orduko hartan, amonio kontzentrazio oso altua topatu zen (62 miligramo/litroko), eta lehengo asteko laginak ia bikoiztu egin du kopuru hori (117 miligramo/litroko).

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak esan duenez, lehen unetik pentsatu da isuriaren jatorria errauste plantan dagoela. «Hipotesi hau hala den edo ez baieztatu edo gezurtatzea beste batzuei dagokie: GHK-k eta diputazioak azalpenak eman behar dituzte. Izan ere, inguruan ez dago beste jarduera industrialik halako kutsatze maila eragin dezakeenik. Datuak oso kezkagarriak dira: 2020ko maiatzeko isurketak ehunka arrain hil zituen, eta ordukoekin alderatuz, oraingo kopuruak handiagoak dira».

2020ko laginen emaitzak. (USURBILGO UDALA)

2022ko laginen emaitzak. (USURBILGO UDALA)

GHK eta Ura agentziari helaraziko dizkiete datuak

Gardentasun eta kontrol mekanismoak eskatu ditu Usurbilgo alkateak: «Azalpenak nahi ditugu: isurketa zerk eragin duen jakin nahi dugu. Zer gertatu den jakin behar dugu konponbideak bilatu ahal izateko. Zein ondorio izan ditzakete halako isurketek gure osasunean eta ingurumenean? Zein neurri hartuko dituzte arduradunek berriro halakorik ez gertatzeko? Herritarron informatuta egoteko eskubidea aldarrikatzen dugu».

Jakinarazi duenez, eskumenak dituzten beste erakundeei helaraziko dizkiete bildutako datuak, besteak beste, GHK eta Ura agentziari, baita Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen Sailari ere.

GuraSOSek iragan astean jakinarazi zuenez, Fiskaltzaren esku gelditu zen Arkaitzerrekaren kutsatze hau. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, berriz, isuria errauste plantatik etorria dela baztertu zuen «hainbat froga» egin ondotik.