Naiz

80ko hamarkada gai nagusitzat izango duten Bilboko Aratusteen programazioa aurkeztu dute

Bilbok joan den mendeko 80ko hamarkadari eskainiko dio inauterien aurtengo edizioa, jaietako batzorde mistoak ostiral honetan aurkezpenean iragarri duenez. Aratuste Zapatuko Mozorro Lehiaketa bi txandatan banatuko da, banakakoa eguerdian eta arratsaldean taldekakoa.

Bilboko 2023ko Aratusteen programazioaren aurkezpena.
Bilboko 2023ko Aratusteen programazioaren aurkezpena. (BILBOKO JAI BATZORDE MISTOA)

Aratusteen programazioa aurkeztu du gaur Bilboko Jai Batzorde mistoak, Itsasmuseum-en egindako prentsaurrekoan. Batzordearen izenean mintzatu dira Batzordearen Lehendakari Itziar Urtasun zinegotzia eta Ioritz Varona Bilboko Konpartsen Federazioko ordezkaria. 80ko urteak aukeratu dituzte gaitzat, zabal hartuta «nork bere gustuko pertsonaia, filma, arropa eta gaia aukeratuta, bere erara irudika dezala», zehaztu dutenez.

Aurtengo aldaketarik esanguratsuenak hauek dira: Aratuste Zapatuko Mozorro Lehiaketa bi txandatan banatuko dela, banakakoak eguerdian eta arratsaldean taldekakoak; indaba eta torrada lehiaketa gastronomikoak Aratuste Igandera igaroko direla eta, Zabalgune Plazan egon ohi zen txikigunea aurten Plaza Barrira eramango dela.

Aratusteen ikonoak diren Farolin eta Zaranbolas pertsonaien rola indartu nahi du aurten Jai Batzordeak, Aratuste Ostegunean egongo den iazko eta aurtengoen arteko maskara-trukea zein ostiraleko atxiloketa eta ostean Plaza Barrian izango den epaiketa nabarmenduz. Aurten rol horietan ibiliko diren Ylenia Baglieto eta Lander Otaolarekin «barre algara ugari egingo ditugula» ziurtatu dute eledunek.

Gure arbasoentzat aratusteek zuten esanahi magikoa gogorarazi dute Jai Batzordeko: «Zarataka eta makil kolpeka, Lurra esnarazteko deia egiten zuten gure arbasoek, oraindik neguan egonda, baina itxaropentsu, aratusteen ostean kimuak agertu, udaberrian loratu eta, azkenik, udan uzta etorriko zelako esperantzarekin. Aste honetan entzun dira Zubietan eta Iturenen joaldunen hotsak, eta bihar makilek astinduko dituzte gure hiriko baldosak, Santa Ageda bezperan. Guztiaren azpian dago aintzinakoen mezu bera, lurrari eta eguzkiaren zikloari lotua».

«Bizitza pizteko jai aproposak dira aratusteak, kaotikoak, irreberenteak eta ezarritakoa hankaz gora jartzen dutenak. Gaur aurkezten dugun aratuste programazioarekin saiatu gara neguaren hotzak astintzen eta animoak biziberritzen. Hori bai, beti gogoan edukita elkarrenganako errespetua oinarrizkoa eta ukaezina dela, eta errespetu horren falta inoiz ezin izango dela ezkutatu ezelako mozorroren azpian», nabarmendu dute.

Programazioa

Kopla Txikien VIII. Lehiaketarekin abiatuko ditugu aratuste-ekitaldiak, otsailaren 11n, Kafe Antzokian. Kopla zirikatzaile eta umoretsu ugari entzungo dira eta, ondoren, Akatz eta Amaika Rude Sound taldeen kontzertua izango dugu.

Hurrengo astean, osteguneko kalejirak hasiera emango dio Aratusteen ikonoak diren Farolin eta Zaranbolasen parte-hartzeari. Horrela, Arriagatik abiatuko da osteguneko segizioa, 18.30ean, eta Plaza Barrian maskara trukea egingo dute, iazko eta aurtengo Farolinek eta Zaranbolasek. Ostiralean izango da bi pertsonaien atxiloketa Arriagan, eta osteko epaiketa, berriro Plaza Barrian.

Horrekin egun handiari emango zaio paso: Aratuste Zapatuari. Aurten bi atal handitan banatu da mozorro lehiaketa: banakakoak eta taldeak, jende guztiaren parte-hartzea bermatze aldera. Horrela, banakako lehiaketa (izena gorabehera, hiru kide arteko taldeak dira) zapatu eguerdian izango da, 12.30etik aurrera. Taldekako lehiaketa, beste urte batzuetan legez, 17.00etan abiatuko da Kale Nagusitik, eta sariak Plaza Barrian banatuko dira, 20.00etan.

Aurtengo Aratuste Zapatuaren beste berritasun bat umeentzako ekintzei dagokie, Zabalgunean egoten zen txikigunea aurten Plaza Barrira eramango baita. Bertan, mota askotako jolas eta jarduerak izango dituzte goiz osoan zehar. Gainerakoan, ohi bezala, gargantua, gaiteroak, erraldoiak, fanfarriak, baserritarren merkatua, kontzertua, erromeria, zirkua eta beste hainbat gozagarri izango dira larunbatean.

Eta programazioaren azken aldaketa garrantzitsua igandekoa da, egun horretara eraman baitute lehiaketa gastronomikoak. Horrela, Aratusteetako indaba eta torrada lehiaketak aldi berean izango dira.

Programazioa PDF moduan jaitsi daiteke hemendik.