NAIZ

Majida Maayouf atletak errekor berria ezarri du Uliako krosean

Gimnastica de Ulia klubak antolatutako lasterketa aitzindarian errekor berria ezarri du Majida Maayoufek. Marokoarrak, aspalditik Euskal Herrian bizi dena, ez du huts egin Donostiako txapelketan eta irabazi ez ezik, marka berria ezarri du (31:38). Gizonezkoetan Ilias Fifa gailendu da (28:30).

Majida Maayouf garaipena ospatzen.
Majida Maayouf garaipena ospatzen. (Maialen ANDRES | FOKU)

Pasa den asteburuan, Ortuellan egin zen krosean aise irabazi zuen Majida Maayouf atletak, Euskal Federazioko maillotarekin. Espainiako txapelketarako ez zion balio garaipenak –espainiar nazionalitaterik ez baitu– baina inor baino gehiago izan zen lasterketan. Hartara, igande honetan lehiatzen zen Uliako kroserako ere faboritotzat zeukaten adituek eta marokoarrak –Marokoko maratoiko txapeldunak– ez du huts egin.

Lasterketa irabazi ez ezik, marka berria ezarri du Gimnastica de Ulia klubak antolatzen duen lasterketa aitzindariak. Europako kros zaharrena da honakoa eta egungo marka, Majida Maayoufek igande honetan ezarritakoa, 31:38koa da, emakumezkoen kategorian.

Nagusi izan da egun Assic markaren babesa daukan atleta –duela gutxira arte, Atletismo Santutxu klubean aritu izan da– baina ederki sufritu behar izan du garaipena eskuratzeko. Bigarren sailkatu Paula Herrero Aguirre apenas 6 segundora helmugaratu baita eta aurreko astean Espainiako txapeldun izendatu zen Joselin Break osatu du podiuma, 32:33 denborarekin.

Hainbesteko esfortzua egin du garaipena eskuratzeko, helmugaratu bezain laster osasun-langileen laguntza behar izan duela errekuperatzeko.

Majida Maayouf, lasterketan eginiko esfortzutik errekuperatzen. (Maialen ANDRES/FOKU)

Gizonezkoetan ere jatorri marokoarra daukan Illias Fifa gailendu da, 28:30 minutuko denborarekin. Helmuga kilometro erdira zeukala erasotu du Fifak, Aferdi eta Javi Guerra atzean utziz, eta 2018an Carlos Mayok ezarritako marka ontzeko zorian egon da (28:15).