Iraitz Mateo

Memoria-guneak Estatuaren biktimak aitortzeko, hiru adibide Donostiarako

Estatuaren bortxa ezkutuan egon da zenbait urtez, eta are gehiago bortxa hori praktikatutako leku zehatzak. Estatuaren biktimei ahotsa eta lekua eman nahian memoria-guneak sortzen dabiltza munduan zehar.

 Domingos Abrantes, Santi Bereciartua eta Pilar Garaialde, Donostian Egiari Zorrek antolatutako saioan.
Domingos Abrantes, Santi Bereciartua eta Pilar Garaialde, Donostian Egiari Zorrek antolatutako saioan. (Aitor Karasatorre | Foku)

Ekainean onartu zen Espainiako Kongresuan Memoria Demokratikoaren Legea, Estatu-bortxarekin lotutako eraikinak biktimen memoria gune bilakatzea dakarren legea. Euskal Herriaren kasuan, Ezkabako gotorlekua eta Donostiako ‘La Cumbre’ Jauregia liratezke memoria-gune bilakatu beharreko bi espazio. Azken honen kasuan, eskumenak Udalak izango ditu aurki, eta testuinguru honetan Egiari Zor fundazioak eta Mikel Zabalza Herri Ekimenak elkarlanean mahai ingurua egin dute asteazken honetan Donostiako Okendu kultur etxean. Hiru esperientzia bildu dira mahai bueltan: Argentinatik etorritako Santi Bereciartua, GGEEko idazkaria eta Maiatzeko Plazaren amamak-en ordezkaria; Irlandatik Maeve McLaughlin ‘The Museum of Free Derryko’ ordezkaria; eta, Portugaldik Domingos Abrantes, Lisboako ‘Museu Nacional Resistencia e Liberdadeko’ kidea.

Guztiek azpimarratu dute egian eta justizian oinarritutako gizarte bat eraikitzeko, ezinbestekoa dela memoriari eta biktimen ahotsari bide ematea. Mahai gainean jarritako hiru esperientziek antzekotasun batzuk izan arren, ezberdinak dira, eta herrialdearen zein herrialdearen egoera soziopolitiko eta historiaren arabera moldatu beharrekoak direla esan dute. Gizarte zibilak paper esanguratsu bat jokatu behar duenaren ideiarekin bat datoz hirurak eta baita Axun Lasa ere, Joxean Lasaren arreba.

‘La Cumbre’ jauregian torturatu zituen GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala, 1989an jauregi horretan bertan bildu izan zen Espainiako Justizia Ministroa bere aholkulari taldearekin, aurrez bertan gertatutakoa ezkutuan mantenduz. Eta 2014ean Lasa eta Zabala filmaren grabaketarako, jauregi barruan zenbait eszena grabatzeko baimena eskatu bazuten ere, Madrileko Gobernuak ezezkoa eman zien.

Axun Lasa, La Cumbreri buruz: «Nahiko nuke jauregi horren esannahia aldatzea, guretzat etxea izatea; Estatuaren biktima garenok ez dugu etxerik izan»

 

Zentzu horretan, Axun Lasak aitortu du oraindik jauregiaren izenak beldurra ematen diola, baina pentsatzen duela joango dela: «Nahi nuke jauregi horren esanahia aldatzea, guretzat etxea izatea; Estatuaren biktima garenok ez dugu etxerik izan, eta nahi nuke espazio bat zeinetan irri eta negar egiten dugun». Jarraian, etorkizunera begira belaunaldi berriei ikusi eta entzun beharreko istorioa jasotzen duela azaldu du.

Etorkizuneko gizartea ere izan dute nazioartetik etorritako hizlariek hizketagai, eta bakegintzan memoriak eta kasu honetan memoria-guneek bete dezaketen «ezinbesteko» papera.

Portugalen faxismoa argitara

Abrantesek azaldu du Portugaleko kasua; Peniche hirian dagoen museoa aurkeztu du. Baina adibide zehatzera joan aurretik, Portugalen horrelako museo edo memoria-guneak sortzeko erabilitako filosofia azpimarratu du: «Gure ondorengoei gogorarazi nahi diegu askatasuna irabazi egiten dela, eta herri honek faxismoari aurre egiteagatik lortu duela askatasuna. Ezkutatzen ahalegindu arren, faxismoa Portugalen existitu dela azaldu nahi dugu, eta bide horretan biktimei eta torturatuei ahotsa eman». Bertako ikastetxe guztiek egiten dituzte bisitak, eta «lanketa pedagogiko handia» egiten dela goraipatu du.

Portugalen faxismoa agintea egon zen bitartean Estatu bortxa jaso zutenen omenez egin zuten museoa Penichen, eta ez zuten hutsetik sortu, tokiak berak esanahi handia baitu: bertako kartzela bihurtu zuten museo. Garaiko «sinbolorik beltzena» zen espetxe hori portugaldarraren arabera, eta bertatik 2.600 preso inguru pasa ziren handik, hamar bat urtetan zehar. Espetxeko egiturak zeuden bezala mantentzea lortu zuten, eta preso bakoitzaren izen abizenak eta irudiak jasotzea barruan; poliziaren artxibategia ere museoa kudeatzen zuen taldearen esku utzi zuen estatuak, eta horrekin, bestela lortzea ezinezkoak izango liratekeen testigantza eta datuak lortu zituzten.

Penichen bertako kartzela bihurtu zuten museo; bertatik 2.600 preso inguru pasa ziren hamar urtetan zehar

«Espetxeak ere borroka eremuak dira, preso sartu gintuztenean gu damutzea nahi zuten, baina duintasunari eusten jakin genuen», azaldu du Abrantesek, eta espetxearen zati bakoitzean zer gertatzen zen, egon ziren hilketak eta torturak jaso zituzten. Penicheko hiri osora zabaldu nahi izan dute ordea memoria, izan ere, herria bera ere «elkartasunezko herri bat» izan dela gogoratu du, garaian presoak bisitatzen zituzten familiei laguntzeagatik bertako herritarrak ere mehatxatuak izan zirelako. Eta egun, museo barruan faxismoa zer zen, erantzuleak nortzuk ziren eta zer egiten zuten azaltzen badute ere, herrian zehar herritarrei aitortza egiten diete, «loturik ulertzen ditut nik».

Derryn biktimen senideak lehen lerroan

Ipar Irlandako «igande odoltsuari» lotuta, ikerketa publiko bat jarri zen abian 1999an, 1972an akabatu zituzten 14 herritarren kasua ikertzeko. Eta proiektu hark eman zion bide Derryn museo bat eraikitzeari. Museoak hiru helburu nagusi dituela azaldu du Mc Laughlinek: «Batetik, errokonozitu gabeko errelato bat kontatzen dugu; bestetik, ate berriak irekitzen ditugu munduan zehar gure esperientziatik ikasteko, eta hirugarrenik aktibo bat da gure herriaren bakegintzan». Ipar irlandako herritarrak «egiarekiko sarbidea» izateak «batzen» dituela azaldu du.

Derryko museoan «gertatu zena kontatzen du lekuak berak, oraindik paretetan bala zuloak daudelako»

Museoari dagokionean, lekua bera ere historikoa dela azpimarratu du: «Gertatu zena kontatzen du lekuak berak, oraindik paretetan bala zuloak daude». Errelatoa kontatzeko ikuspuntuari ere garrantzia berezia ematen diote, «kaltetuenen» ikuspegitik kontatzen dute historia, eta horretarako ezinbestekoak dira bertako langileak, biktimen senitartekoak baitira museoko gidariak, «horrek inpaktu handi bat sortzen du, egia humanoa ikusarazten laguntzen dizu».

Egun, museoa bera eraldaldaketa sozialerako «aktiboa» dela adierazi du irlandarrak. Izan ere, museo bat izatetik harago, hezkuntzan ere paper garrantzitsua jokatzen duela azaldu du, baita zenbait elkarrizketa «ez-eroso bezain interesgarri» sortzeko lekua ere. Eta batez ere, egunero bakea lantzen dela azpimarratu du, «bakea egunero landu behar delako».

Argentinan «museo pedagogikoak»

Bereciartuak horrelako memoria ekimenetan gizarte zibilak eta biktimek zein biktimen senideek duten garrantzia jarri du mahai gainean. Argentinan, legeak dituzte memoria-guneak erregulatzeko, eta baita memoriari lotuta dauden politika publikoetarako printzipioak ere, bere arabera «ezinbestekoak».

800 atxilotze etxe klandestino dituzte identifikatuta eta horietako 40 jada museoak dira. Rosario herriko museoa ezagutzen du berak gehien, eta lekuan bertan jazotako gertakariez gain, mundu osoko genozidioen berri ere ematen du museoak. Bere arabera, ez aurreko bi adibideetan bezain «gordin», ikastetxeekin lan egitera eta ikerketara bideratuta baitago gehiago, baita artearen bidez gertatutakoa errepresentatzeko toki izatera ere.

Bereciartuak, Argentinatik: «Diskurtso batekin lotuta egon behar dute memoria-gune hauek, eta entzungo zaituen norbait behar dute, gure kasuan gazteak»

Oso modu ezberdinetakoak izan daitezke memoria-guneak Bereciartuaren ustez, baina funtsezko zerbait bete behar dute denek: «Diskurtso batekin lotuta egon behar dute, esateko mezu bat behar da, eta entzungo zaituen norbait, gure kasuan gazteei bideratuta dago».

Bestetik, garrantzitsua iruditzen zaio beraiek darabilten printzipioa partekatzea, «biktima bakoitzak zer egin zuen ez da galdetzen, biktima mota asko daudelako. Guk Estatuaren errepresioa jaso duten biktima guztiei egin diegu lekua eta fokua zeren alde borrokan zeuden azpimarratzean jarri dugu, nolako mundua nahi zuten eta ez zehazki zer egin zuten».