NAIZ

Hamar eguneko haurtxo bat erreskatatu dute Turkian, hondakinen azpian 90 ordu igaro ondoren

Erreskate lanek jarraitzen dute Turkia, Siria eta Kurdistanen lurrikarak gertatu eta egun batzuetara. Tenperatura baxuak izan arren, erreskate taldeek jendea ateratzen jarraitzen dute hondakinetatik; Hatayn hamar eguneko haurtxo bat bizirik atzeman dute.

Hatay probintzian burututako erreskate baten irudia.
Hatay probintzian burututako erreskate baten irudia. (Yasin AKGUL | AFP)

Turkiako erreskate taldeek 10 eguneko haurtxo bat eta haren ama hondakinen azpitik ateratzea lortu dute Hatay probintzian, asteleheneko lurrikara gertatu eta 90 ordura.

Yagiz txikia eta haren ama Istanbuleko adituek erreskatatu dituzte Hatayko Samandad barrutian, Ekrem Imamoglu hiriko alkateak Twitter-en esan duenez. Yagizek ia bizitza erdia hondakin artean igaro du, eta berehala laguntza medikoa jaso du, bi pertsona manta termiko batekin berotzen saiatzen ziren bitartean. Erreskatatzaileek ama ere eraman dute ospitale batera, zorabiatu baina kontziente, AFAD larrialdietako agentziaren irudien arabera.

Bizirik erreskatatutako azken pertsona 31 urteko siriar errefuxiatu bat izan da. Suhiltzaileek Kahramanmaras probintziako eraikin batetik atera dute, lurrikarak gertatu eta 108 ordura. 31 urteko gazteak bizirik iraun duen arren, bere zazpi senide hil dira lurrikararen ondorioz. Turkian bakarrik, 19.388 lagun hil dira sismoagatik.

Melda gaztea ere hondakinetatik atera da bizirik

Bost orduko lanaren ondoren, erreskatatzaileek Melda Adtas bizirik ateratzea lortu dute Turkiako sismoaren hondakinetatik. 16 urteko neska horma baten azpian harrapatuta zegoen putzu sakon moduko batean.

Gaztearekin harremanetan egoteko lanean isilik ari zirela, erreskatatzaileek oztopoak banan-banan kendu dituzte Meldarengana iritsi arte, eta kontu handiz atera dute. Melda zegoen eraikinean beste hiru bizilagun ere erreskatatu ahal izan dira.

Larrialdi zerbitzuek ama bat eta hamar urteko semea ere bizirik ateratzea lortu dute Diyarbakirko hiri kurduan, suntsitutako eraikin baten hondakinetan harrapatuta 101 ordu egin ondoren.

Mevlana Halit Mahallesi barrutian eroritako eraikin baten hondakinak erretiratu ondoren, bilaketa eta erreskate taldeek Sebahat Varli (32 urte) eta haren seme Serhat (10 urte) aurkitu dituzte, Anatolia Turkiako estatu agentziak jakinarazi duenez.