Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Ione Zuloaga Muxika
Historialaria

«Berandu da, baina horrek ez du esan nahi ez dugunik gertatutakoa jaso behar»

Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea, historia garaikidean espezializatua. Gipuzkoan errepresioa eta giza eskubideen urraketak jasan zituzten emakumeei buruzko doktoretza ari da egiten azkoitiarra (1995).

Ione Zuloaga, Aranzadiren Donostiako egoitzan.
Ione Zuloaga, Aranzadiren Donostiako egoitzan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Herriz herri osatzen ari diren memoria historikoa josteko lanean ari da Aranzadin historialari gaztea. Kasu askotan, hamarkada luzeetako isiltasuna historialariaren aurrean hausten du testigantza ematera gerturatzen den herritarrak. Izan ere, 1936ko gerrako hobietan ezkutatuta dago historiaren parte bat. Etxe askotan hamarkada luzez izan den isiltasunak mututu du beste bat. Lur azpitik ateratzen diren hezurrek kontatzen ez dutena topatzea da historialariaren lana, dokumentuekin eta testigantzekin historia osatzea.

Zein lan egiten ari zarete uneotan Aranzadin?

Lehenik eta behin, talde bat garela nabarmendu behar dut eta Aranzadiren oinarrietako bat hori dela, talde lanean aritzea. Gure taldean, adibidez, zazpi lagun ari gara hainbat herritako ikerketak egiten. Hainbat udalekin hitzarmenak ditugu sinatuak. 1931tik, Errepublika aldarrikatu zenetik, 1945-1959 bitartera arte eta 1959tik gaur egunera arte izandako errepresioa eta giza eskubideen urraketak jasotzen ari gara herri horietan gertatu zena jasotzeko. Ni orain Zestoako eta Zegamako ikerketak egiten ari naiz. Bai eta Gipuzkoako emakumeek 1936-1945 artean jasandako errepresioa ikertzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.

2000tik ari da Aranzadi 1936ko hobiekin lanean. Lurraren azpikoa lurraren gainera ekartzen. Baina hezurrek bakarrik ezin dute dena kontatu. Zuen lana kontaketa osatzen saiatzea da?

Hobi komun batean fusilatu bat edo errepresaliatu bat agertzen denean, pertsona horrek hezurren bidez hitz egiten du, baina puntu bateraino. Guk, nolabait, hobi horretan dagoen pertsonaren historia aztertzen dugu; artxiboetara joan, dokumentazioa aztertu, testigantzak jaso... Pertsona asko etortzen dira Aranzadira eta beste kasu batzuetan guk deitzen diegu. Finean, dokumentuek ez dute guztia esaten eta osaketa horretan testigantzak garrantzitsuak dira.

Hamarkadetako isiltasuna hausten duten testigantzak.

Gerraren eta diktaduraren isiltasun bat egon da duela hamarkada batzuk arte eta bigarren isiltasun bat ere egon da duela 10-15 urtera arte: emakume errepresaliatuen historiaren ingurukoa. Herrikako proiektuak hasi zirenean, memoria kolektiboan lehen lerroan egon zen historia gudariena izan zen, kartzelan egon ziren gudariena, erbestera joan behar izan zutenena... gizonezko borrokalariaren irudia nagusitu zela esan daiteke.

Emakumea protagonista izan zen Bigarren Errepublikan zehar, gerran zehar eta diktaduran zehar. Ezin dugu ahaztu Bigarren Errepublikan, Hego Euskal Herrian emakumeak, gizonezkoak bezala, antolatuta zeudela politikoki. Hor ditugu Emakume Abertzale Batza, anarkistak, komunistak, sozialistak eta emakume errepublikanoak. Herri guztietan daukagu horien presentzia eta herrika joaten garen heinean, bertako historia aztertzean, garbi ikusten dugu emakumeen presentzia. Beti esan izan da atzeguardiara mugatu zela emakumea, baina gaur egun esan dezakegu Hego Euskal Herrian berrehun bat emakume miliziano fronteko lehen lerroan aritu zirela.

Egia da Hego Euskal Herrian emakume gehienak atzealde horretan ibili zirela, baina atzeguardiako lan horretan lubakietako lana ere egon zen -lubakiak egiten jardun zuten-, erizain bezala ere aritu ziren... Atzealdean egoera oso desberdinak kudeatu behar izan zituzten. Gerra batean batak zein besteak dauka garrantzia, lehen lerroak zein bigarrengoak. Kontua da memoria historikoa eraikitzen hasi garenean lehen unean gizonezkoen papera bakarrik hartu dela kontuan eta orain ari da begirada hori zabaltzen.

Atzeguardia esaten denean, batzuetan ulertzen da emakumeak etxean geratu zirela familia zaintzen. Eta ez da horrela. Emakumeak fabriketan lanean aritu ziren, erizain bezala aritu ziren, frontean, propagandan ere lana egin zuten... Egoera anitzak eta desberdinak izan ziren eta emakumeak gerra horren parte ere izan ziren.

Isiltasunak errealitate asko estali ditu. Sufrimendu latzaren ondorengo isiltasun kontzientea izan da?

Nik uste dut baietz, isiltasuna kontzientea izan dela. Isiltasuna eta beldurra, biak egon dira presente. Kontuan izan behar dugu berrogei urtetan diktadurak jarraitu egin zuela eta errepresaliak ez zirela gelditu. Jende askok, kartzelaren ondoren, deserriratzea jasan zuen, ezin herrira sartu. Familia asko, mehatxatuak. Jendeak kontatzen digu denda askotara inspektorea joaten zela eta isun ekonomikoa ezartzen ziela ideologia politiko jakin bateko jendearen dendak zirelako, ez estraperloan ekarritako produktuak zituztelako. Euskaraz hitz egiteagatik zigor gogorrak jasaten zituzten haurrek. Gerra amaitu eta bakerik ez zen egon, errepresaliek jarraitu egin zuten eta isiltasun kontziente hori horren guztiaren ondorio da.

Testigantzak eman dizkiguten askok kontatzen digute gurasoek etengabe esaten zietela, «kalean ez hitz egin gehiegi», «ez sartu iskanbiletan», «ez sartu eztabaidetan». Etxe askotan politikaz hitz egin behar bazuten, leiho guztiak ixten zituzten, tonu baxuan hitz egiten zuten, inork ez entzuteko moduan... Beldur handia zegoen, errepresioaren beldurra.

Ikara, isiltasuna eta ondorengo belaunaldiak babesteko beharra, ezta?

Gerran zehar eta diktaduraren lehen urteetan sekulako basakeriak ikusi zituzten herritar horiek. Eta konturatu ziren hautu politiko batengatik heriotza, kartzela, zigor gogorrak... etor zitezkeela. Segur aski beren begiekin hori guztia ikusi izanak ekarri zuen, beldurragatik kasu batzuetan, babes kontziente bat eraikitzeko beharra.

Testigantzak jasotzen ari zareten historialarien aurrean hausten da askotan hamarkadetako isiltasun hori.

Bai, askotan. Buruan daukat Isabel Etxeberria Gorritiren kasua. 105 urte zituela jaso genuen bere testigantza, 2020. urtean. 102 urte zituela elkarrizketa bat eman zuen egunkari batean, baina aurretik sekula ez zuen argitara eman bere bizitzaren istorioa. 2020an Llançàra (Girona) bertara joan ginen eta bera elkarrizketatzeko aukera izan genuen.

Bera irakasle ibili zen hainbat herritan eta denetatik depuratua izan zen, kanporatua. Lehenengo Arabako Quintanillan ibili zen irakasle eta gerraren ondorioz, Donostiara etorri behar izan zuen. Bertan zerbitzu soziala egitera behartu zuten, ‘Seccion Femenina’-k emakumeentzat egiten zuen ikastaro moduko bat. Donostiatik ere kanporatu zuten eta Getarian eman zioten postua, eta 1937-1939 bitartean bertan aritu zen lanean. Gerra amaituta, soldadu frankista bat iritsi zen Getariara eta hari eman zioten irakasle postua. Eta Isabel berriz kanporatu zuten, Gabiriara orduan. Gabirian 1943ra arte egon zen. Urte hartan frankistek oposizio moduko batzuk atera zituzten irakasleentzat. Isabel Etxeberriak Irakasle-ikasketak Bigarren Errepublikan egin zituen. Ikasketak garai hartan egin zituzten guztiak zerrendan azkenak jarri zituzten eta lehen postuetan jarri zituzten ideologia frankista zutenak. Postuak bete egin ziren.

Isabel Etxeberriak kontatu zigunez, eskatzen zuen bakarra lan egin behar zuen herriak itsasoa izatea zen eta Llançàn, Gironan, aukeratu zuen lanpostua. Badira antzeko kasuak Euskal Herrian. Errepublikaren hezkuntza erreformaren baitan ikasi zuten irakasleek ere majo sufritu zuten gerra amaitu ondoren. Haietako batzuk kartzelatu, fusilatu… egin zituzten.

(Andoni CANELLADA / FOKU)

Hamarkadetako isiltasuna hausten denean, zer?

Askotariko egoerak ikusi ditugu. Batzuek familian inoiz hitz egin gabekoak kontatzen dizkigute. Beste batzuek familian bakarrik aipatu dituzte; familiatik kanpoko norbaitekin kontu horiei buruz ari diren lehen aldia da. Negarra, urduritasuna, kamera aurrean ezartzeko zailtasuna... egoera ugari ikusi ditugu.

Norbere kontuak dira, baina sumatzen da min kolektibo bat. Eta isiltasunaren atzean hitz egiteko beldurra dagoela esango nuke, horiek kontatuz gero zerbait pasatuko zaien beldurra. Ondorioen beldur direlako isildu dira eta isiltzen dira.

Kasu askotan hirugarren belaunaldia da galderak egiten hasi dena, jakin-mina azaldu duena. Garrantzitsua da gertatu zena jakitea, ezta?

Bai, oso garrantzitsua. Nik beraiei beti egiten diedan galdera honako hau da: «Zuentzat garrantzitsua da gaur egungo gazteek beren aitona-amonekin eta birraitona-birramonekin zer gertatu zen jakitea?». Nire ustez, oso garrantzitsua da gertatutako hori bere osotasunean jakitea. Finean, horregatik gaude gaur egun gauden puntuan. Egia historiko hori jakiteak erreparazioa eta justizia egiteko bidea ematen du. Historialarion lana egia historiko hori jakitea da; nola izan zen, zer gertatu zen... Hainbeste jenderen sufrikarioa, isiltasuna eta beldurra samurtzeko materiala egiten dugu. Eta erakunde publikoentzat lagungarria da hori guztia erreparazioaren bidean. Pertsona batek ulertzen duenean zer gertatu zen eta zergatik, lasaitasuna sentitzen du, burmuinak patxada hartzen du. Mina ematen du, noski, baina zer gertatu zen jakiteak lasaitasuna ematen diela sumatzen dugu.

Tamalez, testigantza asko galdu dira, ahots asko itzali. Hutsunedun historia izango da.

Bai, baina historia osoa dago hutsunez beteta. Historia osoa behin ere ez dugu jakingo. Isabel Etxeberriarena salbuespena da, normalean hirugarren belaunaldia da etortzen zaiguna; ilobak, bilobak, birbilobak... Belaunaldi horiek isiltasuna jasan dute, baina beldurrik gabeko isiltasuna. Beldur gabeko egoera horretatik dator, seguruenik, jakin-mina, ‘zergatik’ horiek erantzuteko beharra. Beren historian hutsune bat dute eta hori bete nahi dute. Jakin-mina da motibazio handiena.

Normalean gertaerak ez dira gertatu eta berehala ikertzen. Gertatuak denboran pausatzen direnean hasten dira galderak...

Historialari bezala esango nizuke gauzak gertatu eta berehala ikertu beharko liratekeela, baina normalean ez da horrela egiten, denbora bat pasatzen da tartean. Baina denbora hori luzeegia izan dela uste dut, testigantza asko eta asko galdu ditugu, gaur egun oso baliagarriak liratekeenak historia hori guztia berreskuratzeko.

Herri askotan, familia askotan, pentsatu zen isiltasuna zela aukera onena, elkarrekin bizitzen segitzeko modua zela isilik egotea.

Nire ustez, ez du horrela izan behar. Eta ikusi da isiltasuna ez dela biderik onena. Diktadura amaitu ostean, «hau amaitu da» esan eta aurrera segitzeko saiakera egin zen. Baina hobietan hainbeste jende dagoenean, zure aitona edo amona oso modu injustuan kartzelan egon denean, hainbeste sufrimendu egon denean... hori kontatu egin behar dela uste dut.

Isilik egonagatik, ikara transmititu da. Gogoan dut testigantza eman zigun pertsona batek nola kontatu zigun amak egunero eskolako motxilan dirua sartzen ziola, «badaezpada, gerra bazetorren ere». Haurra zenean ez zuen ulertzen zergatik, baina gerora ulertu zituen hainbat gauza, nahiz eta etxean isiltasuna izan.

Erakundeen aldetik sumatzen da isiltasuna hausteko borondatea, ezta?

Bai, hobi komunen berreskurapenean 2000. urtean hasi zen Aranzadiko Antropologia departamendua. Handik gutxira, Eusko Jaurlaritzak bere babesa eman zuen hobi komunak ateratzeko. Eta Nafarroan ere bada borondatea eta nahia. Garrantzitsua da erakunde publikoak bide honetan abiatzea, haiek baitira mina errekonozitu behar dutenak eta biktima izan ziren haien senideak babestu eta erreparatu behar dituztenak. Gizarte oso batek onartzen ditu erakunde publikoak eta haiek zerbait egia dela esaten dutenean, gizarte osoarentzat da egia. Zilegitasuna ematen dio biktimen min horri.

Egunerokoan esaten da isiltasuna ez dela botika ona. Minei buruz hitz egitea osasuntsua dela. Eskala handiagora ekarrita, isiltasunaren gainean jositako jendartea da egungoa.

Isiltasunak kalte handia egin du, jende asko hil da ezer esan gabe. Familia askotan esan digute «nik ez nekien ezer, eta orain, ama edo aita hil denean, jakin dut aitona fusilatu egin zutela». Zergatik? Hainbat hipotesi egon daitezke; beldurragatik, babesagatik, egoera traumatiko bat azaleratu ezinagatik, ahazteko, berriz ere hura ez bizitzeko, aurrera egin ahal izateko...

Bizitza osoan isilik egon direnen kasu asko ezagutu ditugu. Familiak jakiten duenean, hasieran egonezin handia sortzen da eta, gero, jakin-mina. Isiltasuna hausten denean, hasierako astinduaren ondoren, jakiteko nahia sortzen da.

Hobietan eta artxiboetan saiatzen zarete erantzunak topatzen. Ez du bide erraza izan behar.

Guk ikertzen ditugun dokumentuen gehiengoa frankista da. Horiek deskodetu egin behar dira. Frankistek historia beren erara berridatzi zuten. Estatu kolpea beharrezkoa zela adierazi zuten, gizartea zalapartatuta zegoelako, eta beraiek ordena jartzera zetozela. 1934. urtera arte atzera egin zuten frankistek esateko Urriko Iraultzaren ondoren gauzak balantzaka hasi zirela eta horregatik eman zutela estatu kolpea, beharrezkoa zelako ordena berriz ezartzea. Hortik aurrera historia haiek idazten dute beren erara. Horren arabera, gizartea zalapartatu zutenak ez ziren frankistak izan, errepublikanoak, anarkistak, abertzaleak, komunistak, sozialistak... baizik. Historia beren erara eraiki zuten, hezkuntzan ere ideia horiek sartu zituzten, eta horko seme-alabek hautsi zuten gero isiltasuna. Horrek ere badu lotura. Haur horiek oso zanpatuak izan ziren hezkuntza frankista hartan. Adibidez, Saturrarango kartzelan preso zeuden emakumeen seme-alaba batzuk kartzelatik atera eta familia frankistetara eraman zituzten. Haur horiek familia frankisten oinarrietan hezi zituzten eta horietako batzuk gorrotatu egin zituzten beren amak.

Zenbat min.

Historialariek horiek jaso egiten ditugu eta objektibotasunez interpretatu. Nik ulertzen dut jende asko isildu izana. Hala ere, erabat osatu gabeko isiltasuna transmititzen da askotan. «Zuek ez dakizue zer den gosea», «ez zaudete gerrarako»... zerbait transmititzen da eta segur aski horregatik dauka jakin-mina hirugarren belaunaldiak, murmurio bat dagoelako, zerbait dagoelako. Agian, etxe askotan, sumatzen da ezkutatutako sufrimendu bat izan dutela aurreko belaunaldiek eta horrek galderak sortzen ditu.

Galderak erantzun beharreko garai hau garrantzitsua da.

Bai, oso garai garrantzitsua da. Egia historikoa berreskuratu ez duten familia guztiak animatu nahi nituzke berreskuratzen saiatzera, guregana gerturatu eta testigantza ematera; hau leku segurua da. Berandu da, baina berandu izateak ez du esan nahi ez dugunik gertatutakoa jaso behar.