
Super Amara Bera Berak etxeko lanak egin ditu, eta nagusitasunez irabazi dio Gurpea Beti-Onak Azparreni Gascako derbian (33-19). Pronostiko guztiak bete dira gaur, eta Donostiako taldeak ez du aurkaririk izan, une oro joan baita aurretik markagailuan.
Partidak emoziorako tarterik utzi ez badu ere, giro polita izan da Gascan. Harmailak nahiko beteta egon dira euskal derbiak zer ematen zuen ikusteko. Nafarroatik hainbat zale hurbildu dira Donostiara haien taldea animatzeko asmoz.
Gaurko garaipenaren ondoren, Bera Berak sailkapeneko lehen postuan finkatuta jarraitzen du, bigarrenari bederatzi puntuko aldea ateratzen diola, nahiz eta lehen postu horrek ez dion bermatzen ligako txapelduna izatea, –sasoi honetan lehiaketak berritasun bat du: ligako onenen artean kanporaketak jokatuko direla txapelduna nor den erabakitzeko–.
Atarrabiako taldeak ahal duena egin du, eta saiatu da markagailua apaintzen nola edo hala, baina Bera Bera bezalako talde baten aurka ez da lan erraza. Beti-Onakek sailkapeneko beheko postuetan jarraitzen du, zulotik atera ezinik, salbazioa lau puntuetara duela, –ligako azken lau sailkatuek ere kanporaketak jokatuko dituzte erabakitzeko zein talde jaitsiko diren mailaz–.
Imanol Alvarezek jokalari guztiei minutuak emateko aukera izan du, eta seikote paretsuak atera ditu zelaira. Alde batetik, Arrojeria, Arcos eta Gavilan, besteak beste, eta beste aldetik, Menendez, Etxeberria eta Karsten. Hasieran partida nahiko motel hasi bada ere, segituan lortu du Donostiako taldeak aldea handitzea markagailuan, 4-2tik 8-2ra pasata.
Lehen zatiko 10. minutuan Lyndie Tchaptchet Beti-Onakeko jokalaririk erabakigarrienak min hartu du orkatilan, eta zelaia utzi behar izan du –nahiz eta gero bigarren zatian zenbait minutu jokatu–.
Zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, Bera Berak jada fitxatu du pibota datorren sasoirako. Gaur, ordea, ezin izan du bere partidarik onena egin datorren denboraldian bere etxea izango den lekuan.
Tchaptcheten faltan, Loverak eta Sansek eman dute aurpegia Beti-Onaken, lehenak hiru gol eskuratuta, eta bigarrenak lau.
Bigarren zatian Bera Berak biziago jokatu du
Lehen zatia 16-6 amaitu da, eta bigarrenak ez du kolorerik izan. Bera Berak beste martxa bat eman dio partidari eta biziago jokatu du; baloia azkarrago mugituz, eta kontraeraso azkarrak eginez. Hala, partidako partzial hoberena egin du 25-14tik 31-14ra pasata, sei tanto jarraian eginez.
Denbora horretan Maitane Etxeberria, Paula Arcos eta Esther Arrojeria bikain aritu dira, jaurtiketa ederrak sareratu baitituzte aurkariaren atera. Arcos izan da berriro ere gol gehien eskuratu dituena, seirekin, eta Etxeberria izan da bigarrena bostekin.
Bigarren zati amaieran, Beti-Onakek ahalegin bat egin du markagailua apaintzeko, eta hiru tanto jarraian egitea lortu du –neurketa osoan lehen aldiz– 31-15etik 31-18ra pasata.
Zuazok galdu egin du
Zuazo arnasa hartu ezinik dabil, eta Sporting La Rioja ligako azken sailkatuaren aurka ere ezin izan du irabazi Barakaldon (20-24). Hala, Errioxako taldeak aldea murriztu dio sailkapenean, eta orain puntu bat atzetik da.
PARTIDAKO FITXA:
33 - Super Amara Bera Bera: Arrojeria (3), Fernandes (2), Marie Louis (1), Laura Hernandez (1), Malena Calvo (2), Maitane Etxeberria (5), Karsten (3), Loidi (3), Arcos (6), Erauskin (2), Gavilan (4), Polonio (1).
19 - Gurpea Beti-Onak Azparren: Retegi (1), De Uriarte (1), Ainhoa Garcia (1), Tchaptchet (1), Eider Hernandez (1), Lucia Zamora (1), Montilla (3), Sans (4), Paula Garcia (2), Lovera (3), Jose Cesar (1).
Epaileak: Adrian Valdes eta Francisco Fernandez. Txartel horia atera diote Bera Berako Gavilani.
Partzialak bost minuturo: 3-1, 4-2, 7-2, 11-4, 15-5, 16-6 (atsedenaldia), 18-7, 21-10, 22-12, 27-14, 31-15 (amaiera).
Vers un doublement des buralistes à la frontière entre la Navarre et le Pays Basque Nord

EH Bildu le pisa los talones al PNV en Gipuzkoa: se sitúa a solo 1,3 puntos

EH Bildu y Contigo Navarra crecen, los bloques se mantienen y Vox entra

Sebas Gurtubai y Zigor Blanco recuperan la libertad tras casi 20 años de cárcel

Brevet : Pap Ndiaye autorise le passage de l'épreuve de sciences en basque

El espéculo abre un diálogo entre tecnología y feminismo

«El relato oficial romantiza demasiado el fenómeno del chabolismo en Bilbao»

«Espezialista guztiek gauza bera esaten dizutenean, erabakia ez da zaila, asimilatzea da zaila»
