Iraitz Mateo

Errenteria eta Donostia batu ditu milaka laguneko giza kateak euskararen transmisioa irudikatuz

7.000 lagunetik gora elkartu dira Errenteria eta Donostia bitarte, euskara batua goratzeko giza katea osatuz. Euskaltzaindiak eta Ikastolen elkarteak elkarlanean egindako ekimena izan da.

Giza katea Errenteriako Lehendakari Agirre etorbidean
Giza katea Errenteriako Lehendakari Agirre etorbidean (Gorka Rubio | FOKU)

‘Batasunaren bidean’ izeneko giza katea osatu dute Errenteria eta Donostia bitartean Euskal Herriko 50 bat ikastoletako ikaslek. Euskaltzaindiak eta Ikastolen Elkarteak antolatu dute ekimena, Orereta ikastolak proposatutako ideiari jarraiki; euskara batua eta haren bultzatzaileak omendu dituzte gaur goizean. 7.000 lagun inguruk eraki dute katea, eta amaieran, bost ekitaldi egin dituzte euskararen batasunaren bidean «itzal handia» izan duten hamabost bidegile oroitzeko.

10.30etarako Errenteriako Lehendakari Agirre etorbidean prest zeuden Orereta ikastolako haurrak, koloretazko zapiak eskuan zituztela. Pixkanaka hasi dira ikasle gehiago iristen Koldo Mitxelenaren eskultura parera. Ziburuko ikastola, Lautadakoa, Ondarrukoa, Baztangoa edota Andra Mari ikastolakoak izan dira horietako batzuk. Plaza ingurua musikaz girotuta zegoen, eta baita ibilbide osoa ere, errepidean gora eta behera baitzebilen auto bat bozgoragailuarekin.

Egunari hasiera Errenteriako Zumardian eman diote, ekitaldi baten bidez. Bertan, Euskaltzaindiako, Ikastolen Elkarteko eta Errenteriako Udaleko ordezkariak zeuden, ikastoletako ikasle eta gurasoekin batera. Orereta ikastolak hartu du hitza, batasunaren bidean egindako lana balioan jarri dute, euskararekiko duten konpromisoan berresteko. «Eskuz esku, euskara batua sortu zutenei aitortza egiteko» baliatu nahi izan dute ekimena, ekitaldian kontatu dutenez.

Ikasleak dira gaurko protagonista, eta horregatik, euskararen transmisioan jarri dute arreta. Eta haurrek ere hartu dute hitza, euskara kolore askotakoa dela, eta koloreztatzen jarraituko dutela kontatu dute. «Euskara guztiona da, herri egiten gaituena, batu euskararen katera!», egin dute oihu bukatzeko.

Koldo Mitxelena parean abiatu dute katea, eta adin zein herri ezberdinetako haur, gazte, irakasle zein herritarrek osatu dute Pasaian barrena Donostiara iritsi arte, tarteka euri tantaren bat ere izan dute bidean.

Txillardegi gogoan, liburutegia aldarri
Giza-katea Donostian amaitu da, ekitaldietako bat Plaza Berrian egin da, eta bertan elkartu dira Orioko, Irurako eta Beasaingo ikastolako ikasle eta irakasleak. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izan dute gogoan, eta Txillardegik liburutegia behar duenaren aldarria bertan izan da, baita horren sustatzaileak ere.

Musikarekin eman diote hasiera ekitaldiari, Zurriola Ikastolakoek abestu dute, ondoren, «Txillardegik behar du liburutegia» bertso sorta kantatu dute eta Fito Rodriguezek hartu du hitza jarraian. Gazteei Txillardegi «ez ahaztu eta gogoratzeko» eskatu die, eta euskararen alde jardundako aiton-amonak eta gurasoak omendu ditu: «Orain zuei dagokizue, haiek bultzatu zuten euskara, irakatsi zuten, zuei eustea dagokizue».

Amaitzeko, Orioko ikasleek hartu dute hitza: «Gaurkoan Euskal Herriko hainbat txokotatik etorri gara euskara batua sortu zuten haiei aitortza egitera. Euskara batuak batzen gaitu, baita hizkuntza bera osasuntsu mantentzeko nahiak ere. Hizkuntza gauza bizia da, egunero elikatzen eta indartzen duguna».

Hizkuntza errepide, zubi, senda edota errio bat izan daitekeela azaldu dute, eta batez ere, «atzoko bidea, gaurkoa eta biharkoa» dela. Ikastolak batzen dituela eta euskararen zein ikastolas alder festen biden herria egiten jarraituko dutela esan dute. Donostiako Plaza Berria bete eta TikTok bat grabatzeko dantza eginez amaitu dute goiza.