Nerea Lauzirika
Elkarrizketa
Maia Iribarne eta Paxkal Irigoyen
‘Bañolet’ filmaren zuzendariak

«Asmatu dugun mundua berria eta fikziozkoa da, baita aski absurdoa ere»

Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoyenek Durangoko Azokako sormen beka irakazi zuten 2020ko abenduan, ‘Bañolet’ proiektua burutzeko. Telesaila behar zuen hasieran, lau zatiko filma izan da, azkenean. Zenbait emanaldi eskaini dituzte dagoeneko eta beste hainbat dauzkate aurretik.

Filmaren pasarte baten irudia.
Filmaren pasarte baten irudia. (BAÑOLET)

Bañolet filmaren estreinaldia zinemetara heldu da, azkenean. Paxkal Irigoyen Etxeberrik eta Maia Iribarne Olhagaraiek zuzendu dute, baxenabartarrak biak ala biak, eta Xofaldiak eta Kanaldudek ekoiztu. Durangoko Azokako hirugarren sormen beka irabazi zuten 2020ko abenduan eta horri esker lortutako 15.000 euroko laguntzarekin burutu dute proiektua.

Eskaini dituzue emanaldi batzuk dagoeneko, nola joaten ari da dena?

Maia Iribarne: Bikain, jendea hurbildu egiten da. Bereziki hunkigarria izan zen lehena, parte hartzaile ainitz agertu zirelako, emaitza ikusteko gogoz eta, beraz, aski hunkigarria izan zen. Orain arte, kontent gaude.

Film proiektu parte hartzailea da. Zertan datza zehazki formatua?

Paxkal Irigoyen: Maiak eta biok idatzi dugu gidoia eta bion artean eraman dugu filma. Baina, aktoreetako batzuk lagunak ditugu eta filmaren gibeleko behar guztietan ere lagunak izan ditugu. Figurante, aktore eta teknikarien artean kasik berrehun bat pertsona bildu gara.

Filma lau kapitulutan dago banatuta. Zer dela eta?

P.I: Hasieran lau kapituluko telesail bat egiteko asmoa genuen. Azkenean, dena batu eta filma egiten bukatu dugu, lau zatitan.
M.I: Bai, lau kapitulu horiek lotzeko ere grabatu ditugu sekuentzia batzuk, beste denak baino urte bat berantago. Ainitz aldatzen joan den formatua izan da. Hala ere, Paxkalek esan duen bezala kapitulu horiek antzematen dira, filma egituratzen baitute.

Filma fikzioa da, estetikoki oso errealista bada ere.

M.I: Agian kutsu hori ematen dio gure ohiko lekuetan grabatuta egoteak, gure inguruko jendearekin. Baina, asmatu dugun mundu hori arrunt berria eta fikziozkoa da, baita aski absurdoa ere. Gure herrien edo errealitatearen kutsu bat izan badezake ere, biziki transformatu dugu eduki hori.

Zein pisu dauka musikak narrazioan?

M.I: Garrantzi handia. Gure proiektuaren oinarrietako bat izan da hastapenetik eta filmarekin batera proiektu musikal bat atera dugu aurrera paraleloan, «Bloñ» izenekoa. Hastapenetik gogoa genuen musika biziki presente izatea irudiarekin batera. Nahi genuen Bañoleteko egunerokotasunean hari narratibo musikal bat izatea.

Filmak haurren istorioak kontatzen ditu. Zer ematen du ikuspuntu horrek?

P.I: Proiektua ez dugu egin haurren begiradatik, baizik eta jokotik. Haurrek parte hartzen dute filmean eta guk jokoa erabili dugu beste egoera batzuk aipatzeko eta rolak ere aldatu izan ditugu beste galdera batzuk ere sartzeko.

Emanaldi gehiago antolatuko dituzue?

M.I: Ez dakigu, pentsatzen dugu gehituko dela baten bat. Baina, maiatzean bukatuko eta gero ikusiko dugu filmak zein etorkizun ukanen duen.

Urtebetean garatu behar izan zenuten proiektua. Nolakoa izan da ibilbidea?

M.I: Bekak hastapen argi bat markatu zion proiektuari eta egiazki bururaino eramatea eragin zuen, alde horretatik bikaina izan zen. Beste alde batetik, erronka handia ere izan zen, urtebetean zer erakutsi prestatu behar genuelako. Horrek halako presa bat eragin zuen. Durangon erakutsi genuen hori pentsatzen dut bazela emaitza bat gerora gibeltasun gehiagorekin eskutan hartu duguna. Azkenean, beste urte batez luzatu dugu prozesua eta, gure ustez, onerako izan da.