
Hiztegietan aurkitzen diren definizio gehienen arabera, Twitterreko edozein txio izan daiteke aforismoa, eta ez da hala Aritz Pardina idazlearen iritziz. Bere ustetan, aforismoak filosofia egiteko modu bat ere jaso beharko luke. Aforismoen bidez osatu du bere lehen liburua den ‘Ibai ahoak’, Balea Zuria argitaletxearen saiakera sailean.
Bizitzaren eta bizi esperientzien inguruan idatzi du, beti ere filosofiaren betaurrekoetatik. Izan ere, Friedrich Nietzscheren presentzia liburu osoan sumatu daiteke, eta Pardinak azaldu du ez dela kasualitatea. Filosofiako gradua ikasi zuen, eta Nietzsheren inguruko Gradu Amaierako eta Master Amaierako Lanak egiten zebilela eskuz idatzitako testu laburrak idazten joan zen. Lan akademikoak amaitutakoan, idatzitakoarekin zerbait egin eta argitaratzera ausartu zen, Balea Zuria argitaletxearekin egin zuen urrats hori. Jose Ramon Makuso editoreak adierazi du Pardinaren hitzetan ez dagoela «artifiziorik», edukia lantzen duela azaldu du eta «bidaia liburu bat» dela: «Geldiuneak egiten ditu, eta irakurlea letretan iltzatuta geratzen da».
Lau atalek eta hitzatzeak osatzen dute liburua. Lehendabiziko atala lengoaiaren ingurukoa da, lengoaiak betetzen duen funtzioaren gainean hitz egiten du, sentimenduek duten garrantziaz, eta Nietzcheri erreferentzia eginez lehendabizi sentimendua dagoela definitu du. Atal hau idazteko, pertsonaia bat irudikatu du idazleak, «filosofo heroikoa», bere filosofiako ikaskideengan inspiratu da pertsonaia irudikatzeko, eta deskribatzera ausartu da: «Lenguaia aldrebestuz hitz egiten dute, ideiak oso garbi ez dituen jendea da eta, ondorioz, lengoaiaren bidez nahasten du».
Bigarren atalak denborari egiten dio erreferentzia. Musika irakaslea eta gitarra jolea ere bada Pardina, eta musika metafora gisa hartuta saiatu da denboraren inguruan hausnartzen. Bizitzak duen abiadura, isiltasunaren garrantzia edota musika entzuteko moduak nola aldatu diren izan ditu hizpide. Hirugarren atalean ezagutzaren inguruan idatzi du ikuspuntu integratzaile batetik. «Ezagutza guztia ez da zientifikoa», adierazi du, eta nabarmendu arteak balio handia duela. «Aintzira batera doan uraren gisan irudikatu dut ezagutza, leku ezberdinetatik iristen da», kontatu du.
Filosofia eta aforismoak
Laugarrenean filosofiaren historia laburra jasotzen saiatu da. Arrazionalismoak mendebaldean hartutako indarraren ondoren «eszeptizismoa nola nahastu den erabateko erlatibismoarekin», azaldu du. Eta egilearen iritziz «zerbait erlatiboa dela esateak ez du zentzurik erlazio horiek jasotzen ez badira».
Halabeharrez egin behar izan zuen hitzatzea, izan ere, ingurukoei liburu bat idazten ari zela kontatu eta aforismoak zer diren azaltzeko zein ulertzeko zailtasuna zegoela sumatu zuen. Horregatik, hiztegi ezberdinetan kontsultatu zuen definizioa. «Bakar batek ere ez ninduen asebete», esan du, baina azkenerako, alemanierazko batean irakurri zuen berezko esanahiarekin lotura gehien izan zezakeena. Horregatik aforismoak zer diren azaltzeko azken atala gehitu dio: «Gure eredura hurbiltzeko proposamena da, eta ondoren, adibideak ematen ditut definizioa gezurtatzeko».

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du Miribillan bildutako euskararen komunitateak
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia
