NAIZ

Sainte-Solineko urtegiaren kontrakoek pairatu zuten polizia-bortizkeria salatu dute Baionan

Poliziaren bortizkeria salatzeko elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Baionan. Bi pertsona larriki zaurituta daude erietxean Sainte-Soline herrian (Deux-Sevres) eraiki nahi duten urtegiaren kontra protesta egiten zuten manifestarien aurkako oldarraldiaren ondoren.

Baionako Suprefeturaren aurrean ostegun iluntze honetan eginiko elkarretaratzea.
Baionako Suprefeturaren aurrean ostegun iluntze honetan eginiko elkarretaratzea. (Guillaume FAUVEAU)

Joan den larunbatean mobilizazioa egin zuten Sainte-Soline herrian eraiki nahi duten urtegiaren kontra. Poliziak bortizki erantzun zion 30.000 lagun inguru bildu zituen ekimenari.

Are, Fiskaltzak ikerketa agindu du larriki zauritu zen gazte baten gurasoen ezarritako salaketari bide emanez.

Bestalde, ‘Le Monde’k plazaratu duen albistearen arabera, sorosle eta polizien arteko elkarrizketen grabazioak agerian jarriko luke segurtasun indarren dispositiboaren arduradunak oztopatu zuela zaurituen artatzea, besteak beste, anbulantziak bertaratzea bi oren luzez berandutuz.

Frantziar Gobernuak hiru mila polizia bidali zituen mobilizazioari aurre egiteko, manera baketsuan protesta egin nahi zutenen kontra bortizkeria handia erabiliz.

‘Bassines Non Merci’, ‘Confederation Paysanne’ eta ‘Les Soulevements’ antolatzaileen arabera, bi orenetan lau mila granada jaurti zituen poliziak, 200 zauritu eraginez, haietako 40 larriak.

Manifestari batek begia galdu du eta egun, beste bi oso larri zaude, erietxean. Haietako bat hil eta bizi arteko egoeran jarraitzen du.

«Poliziaren bortizkeria salatzeko eta biktimei sustengua erakusteko», hiru eragileek frantziar Estatu osoko prefeturen aitzinean elkarretaratzeak deitu dituzte ostegun honetarako.

Euskal Herrian Baionako suprefeturaren aitzinean iragan da mobilizazioa, arratsaldeko 19.00etan, ELBk eta Ostia sareak ere deiturik. Bestalde, Biarnoko Oloroen iragan den mobilizazioan parte hartzeko, Maule eta Atharratzetik hamarka herritar abiatu dira baita ere.

Euskal Herritik joanak

Hain zuzen, Euskal Herriko bi eragileetako kideak Sainte-Solineko mobilizazioan izan ziren larunbatean.

ELB Gazteko kide batek Mediabask eta Kazeta hedabideei adierazitakoaren arabera, «ur erreserba erraldoi horiek hondamendi ekologikoa dira».

Frantziar Estatuak %70ean diruztaturik, lurrak idortzen dituztela deitoratu du emazte gazteak, eta baita «jarraitutasun ekologikoa hautsi, desberdintasunak indartu eta laborantza intentsiboa lehenetsi ere». «Ura, lurra bezala, ondasun amankomuna da», aldarrikatu du.

Ostia sareko kide batek azaldu duenez, urtegi handi horiek batez ere «pestizidak eta ongarri kimikoak erabiltzen dituzten laboreak» ureztatzeko dira. «Beste laborantza eredu bat defendatzen dugu, munduko merkatura begira ez dena», gehitu du.

Larunbateko gertakariei begira, Emmanuel Macronen Gobernuaren «bortizkeriaren aldeko apustua» salatu dute euskal ordezkariek, «babesteko ezer ez zegoenean, oraindik husturik zegoelako».

Oroitarazi dutenez, Deux-Sevresen urtegi handien proiektuak 15 ur erreserba instalatzea aurreikusten du, sei milioi metro kubikoko edukierarekin. «Eztabaida blokeaturik dago, baina ez da hor amaituko», azaldu du Ostia sareko kideak.