Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

Hiru hamarkada eta bi Tour gure herri lasterketan

Frantziako Tour hartako prestatze lanen inguruko guztia giro zakarrean gertatu zen. Ezin zen beste modu batera izan. Jada 31 urte pasatu dira eta detaileak gogoratzeko hemerotekara jo beharra dago. Bertan gauza batzuk ez dira apenas aipatzen; Donostiako parking batean izan zen sutea, esaterako, itxuraz kale borroka zena. Hiru hilabete eskas lehenago, martxoaren 29an, Bidarten ETAren zuzendaritza atxilotu zuten frantziar eta espainiar poliziek elkarlanean, lasterketaren inguruko giroa nabarmen gaiztotuta.

Antolakuntzak euskara kontuan har zezan ahalegin handia egin zen, bai eta neurri batean lortu ere, Jean Marie Leblanc zuzendari orokorrarekin negoziazio baten ostean. Naziotasuna adierazteko lan itzela burutu zen: “This is not Spain or France” aldarria nonahi agertu zen uda hartan, hormetako afixetan edo elastikoetan pegaten bitartez.

Eguna heldu zen azkenik: uztailaren 4an. Jendetza bildu zuen lasterketak, baina polemikak dena estaltzen zuen: polizien artekoa ere piztu zen, jaio berri zen Ertzaintzak parte hartzea exijitu eta lortu zuelako, Jendarmeriaren aldean, Madrilen oniritziaz.

Errepidean, aldiz, eztabaidarik ez. Jaun ta jabe zen Miguel Indurain Larraya atarrabiarra, Donostiako Bulebarreko aurreko etapatik Parisera heldu arte. Bere aro arrakastatsu horren hasieran Indurain tirabira guztien erdian zegoela burura datorkit, edo hobeto esanda, erdian jartzen genuela. Miguel ala Mikel? Espainola ala euskalduna? Presio horiei nekez egiten zien iskin berak. Errealitatea errazagoa zen agian: Miguel nafarra zen eta, hizkuntza eta ideologia aldetiko eztabaidez aparte, euskal balore asko gorpuzten zituen: gutasuna nitasunaren aurka, auzolana, esfortzua, apaltasuna, isiltasuna, eskuzabaltasuna. Ez zen batere inperiozalea bere irabazteko modua.

Garai eta belaunaldi berri baterako azterketa modukotzat datorkigu berriz Tourra, herri eta norbanako gisa guri neurria hartzeko

 

Urtebete geroago, zenbait lankiderekin batera Frantziako Tourra ‘Egin’ egunkarirako jarraitzea egokitu zitzaidan, Puy du Fou-n hasi eta Parisen buka arte. Hor sendotu ziren 1992ko zenbait uste. Antolakuntzakoen artean Euskal Herria amets eta aldi berean amesgaiztoa zen. ‘L’Equipe’ren azal zirraragarria ekarri nuen etxera bueltan, tropela Pirinioetatik pasatzean, Indurain eta Rominger dozenaka ikurrinez inguratuta. Miresmena eragiten zuten euskal zaleek zein txirrindulariek. Lasterketarentzat Euskal Herria ez zela lurralde samurra aitortzen zen, ordea, ahapeka: 1992koan Aizpurutxo aldean errepidean iltzeak agertu zirela esan ziguten. 1997ko Txirrindularitza Munduko Txapelketan lehergailua eztandarazi zuen ETAk, Guardia Zibilaren aurka, Donostian. Bitartean, Indurainek berean segitzen zuen: bere burua nabarmendu gabe erraz nagusituz, baina aldi berean ospea partekatuz.

2023. urtean berriz izango dugu Tourra hemen. Gauza batzuk ezberdinak izango dira seguru; beste batzuk, ikusiko dugu. ETAren aroa amaituta, Euskal Herria izan bada, mundu osoaren aurrean; nolako forma hartuko duen aldarrikapenak zehaztea eta zein oihartzun izango duen borrokatzea gure esku daude. Iruñerri aldean Indurain bat gaur sortuko balitz, ziur aski euskal izena izango luke eta beharbada euskalduna ere izango litzateke, baina agian ez lituzke bere euskal baloreak erakutsiko. Garai eta belaunaldi berri baterako azterketa modukotzat datorkigu berriz Tourra, herri eta norbanako gisa guri neurria hartzeko. •