Karlos Zurutuza

Bildts-era, hizkuntza gutxitu baten barruko gutxiengo linguistikoa

Itsasoa zena lokazti elkor eta haizetsu bilakatu zuten duela 500 urte Holanda hegoaldetik iritsitako desjabetuek, eta lur emankor gero. Patata, artoa eta garia eman ohi ditu polderrak, besteak beste, bai eta Europako hizkuntza bitxienetako bat ere: bildts-era. 6.000 hiztun ditu.

Het Bildt itsasoari irabazitako lurra da, Frisiako kostaldean
Het Bildt itsasoari irabazitako lurra da, Frisiako kostaldean (Ellen FLORIS)

Egun haizetsu bat Frisia iparrean, 1935eko udaberrian. 38 urte bete berri dituela, Dirk Gerryts de Jong inprimatzaileak bere ametsetako proiektua gorpuztu du: historian lehendabiziko aldiz, bere ama-hizkuntzan idatzitako egunkari bat.

Egon badaude hizkuntza txikiagoak, edota exotikoagoak, frikatiboagoak, guturalagoak… Ados, baina Dirk-en lurraldea ere ez da makala. Duela 500 urte itsasoari irabazi zioten haren arbasoek: artoa eta garia, tipula, munduko patata ekoizpenaren %5 eta berezko hizkuntza bat eskaini dizkio munduari. Eta, ez dugu ahaztu, Bildtse Post izeneko egunkari bat. Inprimatzaile haren birbiloba, Gerard de Jong, dugu bere azken editore-burua.

«Hizkuntza babestea gai zentrala izan da beti gure etxean», diosku De Jongek. Pasai Donibanen topo egin dugu berarekin, portuaren bokaleraino eramango gaituen paseoan (amaieran azalduko dugu hau).

43 urteko De Jong palmondo legez hazi zen lur horretan. Kokots sendo baten eta ezkerrerantz erortzen den ile horiaren jabe ere bada gizona. Itsasoari lurra kentzearena azaltzea eskatu diogu.

Gerard de Jong, hainbeste maite duen Donibane Pasaian. (De Jong Bilduma)

Hegoaldeko desjabetuak

Dioenez, Holandako hegoaldetik iritsitako desjabetuen armada baten lana izan zen, 1505ean. Nekez irudikatu dezakegu itsasoa lekuz mugitzea baina lan titanikoagorik. Lehendabizi, hamalau kilometroko dike bat altxatu zuten; jarraian ura atera eta dena lokatzez bete zuten, eskorgaz eta palaz, euri eta elur azpian askotan, haizetearen pean beti. Berrogeita hamar urte behar izan zituzten itsasoari Oñatirena bezalako zabalera lapurtzeko. Frisiar kostaldean erantsita geratu zen.

Antza, frisiarrak ere lur berrira bertaratu ziren. Holanda hegoaldeko aldaera apenas ulertzen zuten, beraz. Elkarrengandik ikasi behar izan zuten denek, oinarrizkotik hasita: ogia eta esnea, euria, lokatza, itsasoa, haizea, pala…

Hizkuntzak bizilagunari ulertu behar izatean sortzen dira beti, eta bildts-era ez da salbuespena.

De Jongek dioenez, jatorrizko nortasun bat ere garatzen hasi zen orduan, bizi-baldintza gogor haiek zizelkatuta. Het Bildt izan zen lehen polder modernoa, eta halaxe gogorarazten digute bere muga zuzenek. Mondrianen koadro baten itxura atera diogu, betiere Rothko baten gris, urdin eta okreen paleta erabilita. Egun ere, Holandako argirik «garbiena» duela diote, eta horrek, jakina, makina bat margolari erakarri ohi du. Rembrandt bera, esaterako, bertako Santa Ana parrokian ezkondu zen. 2005ean, hain justu, elizaren bere zirriborro bat aurkitu zuten.

Argi ederra oso, eta haize egoskorra. Bildts elezahar batek dio egun batez eten egin zuela, eta horrek sekulako nahasmendua sortu zuela bertakoengan. «Gogoan dut egun hura», dio abestiak. Het Bildt-en, alabaina, inork ez du uste mirari hori benetan gertatu zenik. XIX. mendearen bigarren erdian, patata eta tipulentzako leku babesgabe hari hainbat poema eta ipuin idatzi zizkion Waling Dykstra-k. Okin harenak izan ziren enklabeko hizkuntzaz idatzitako lehen hitzak. «Bertako biztanleak ez ziren frisiarrak sentitzen, bilkertstarrak baizik», azpimarratu du De Jong-ek. Gizakiek zizelkatutako paisaia hark berezko nortasuna eman zien bertako seme-alabei, bai eta haien seme-alabei ere. Jende zuzena omen da, egia mingarriena apaintzen ez duen horietakoa; beren lurrari eman zioten izena bezain zintzoa (“Bildt”-ek “lokazti” esan nahi du). Edonola, jende hura ez zuten beti justiziaz tratatu. XX. mendearen hasieran, ezkerreko ukabila eta Holandako lehen nekazaritza-sindikatua altxatu zituzten.

Frisia, Kanada, Tanzania

Hizkuntza-mapa batean, bildts-era eta bere 6.000 hiztunak uharte ttipi bat dira Frisia barruan. Hizkuntza gutxitu baten barruko gutxiengo linguistikoa da, beraz. Gaskoia ere antzeko zerbait zen XX. mende hasiera arte euskal itsas portu honetan.

Frisiera eta nederlandera bi hizkuntza germaniar diren arren, lehenengoa ingelesetik gertuago dago; bigarrenak, berriz, ezaugarri gehiago ditu batera Alemania iparrean entzuten diren aldaerekin.

Beñat Garaiok, soziolinguista eta hizkuntza biziberritzearen ikertzaile gasteiztarrak, ondorengoa gogorarazi digu: «Hizkuntza gutxituak, erakundeen onarpen edota babes nahikorik ez dutenak, patois dira Frantzian edota dialetti, Italian. Baina hizkuntza bete-beteak dira bretoiera edo sardiniera, esaterako; horretaz ez dago zalantzarik ere», azpimarratu du adituak. Dioenez, frisiar gramatikak osatzen du polderraren hizkuntzaren oinarria, baina Holanda hegoaldeko antzinako hitz asko ere aurki ditzakegu, bai eta berezko beste elementu batzuk ere. «Aldaera hutsa da? Hala bada, zein hizkuntzarena? Dialekto batzuen dialektoa? Erantzuna sinpleagoa izan daiteke: hizkuntza mistoa da», diosku Garaiok.

Bildts-era ez da, inondik ere, munduko hizkuntza misto bakarra. Han daude kapadoziera (greziera eta turkiera), Kanadako mitxifera (frantsesa eta algonkinera) edo Tanzaniako ma (bantua eta kushitera). Gertuagoko adibide bat bilatu nahian, gasteiztarrak erromintxelaren kasua ekarri du gogora, euskararen oinarri gramatikala eta kalo lexikoa nahasten dituen mintzaira. Hizkuntza misto gehienen artean zerk bereizten du bildts-era? Bada, idatzi ere egiten dela. Egunkari bati buruz ari ginen, hain zuzen.

Bildtse Post-a sortu eta bost urtera, errotatibak gelditu ziren. Herrialdeko gainerako egunkariekin gertatu zen bezala, naziek ere propaganda sartu nahi zuten, baina polderrean ez zeuden horretarako prest. Ordainetan, argindarra, tinta eta paper hornidura moztu zien Berlinek. Horrela, beste bost urte behar izan ziren egunkaria etxeetara iristeko. Azaleko titularra ingelesez atera zuten orduan: «Welcome to our liberators».

Gerryt Dirks, bere familiaren proiektu nagusia eskutan duela. (De JONG BILDUMA)

Dirk Gerryts 1966an zendu zen, eta haren seme Gerryt Dirksek hartu zuen lekukoa, egunkaria polderreko hamar mila biztanleen artean banatu zedin. Internet agertu baino hamarkada batzuk lehenago, munduarekiko erakusleiho bakarra zen askorentzat, beren hizkuntzan gainera. 1972an, Sytse Buwalda izeneko ekintzaile batek bildts-erazko lehen ikastaroak antolatu zituen. Baina frisiar hizkuntzaren ahalduntzeak haren derrigortasuna ere ekarri zuen eskolara. Erresistentziarako deia egin zen polderrean, makina bat protesta izan ziren haizeteen pean, Bildst Post-ek hauspotuta denak. Azkenean, bildts-era ere ikasgelara ekartzea lortu zen.

Bigarren Mundu Gerraosteko Bildtse Post astekariaren lehen azala (De JONG BILDUMA)

Baina erroten aurkako borroka izan ohi da. 2013an, 513 urtez eskualde autonomoa izan ostean, polderra eskualde frisiar batek irentsiko zuela iragarri zuten. Bildkertstarrak beldur ziren euren nortasuna galduko ote zuten. Horren aurrean, Holandako Barne Ministerioari eskaera bat aurkeztu zitzaion bildts-era eskualdeko hizkuntza gisa onartzeko. Sinadurak denbora errekorrean bildu zituzten; zutabe eta artikulu ugari argitaratu ziren, eta irrati publikoak ere Het Bildt-etik eman zituen albisteak, aste oso batez. Baina ministerioak «garestia» izango zelakoan zegoen. Ez zen bidezkoa.

Arjen Dijkstrak, 2016an zendutako poetak, une kritiko hura harrapatu zuen bertso labur hauetan:

 

’n Taal

ailand

der’t gyn

dyk om

lait

(«Hizkuntza bat/irla/dike batek/inguratu gabea”)

’n Dam

tun ’t fer-

drinken

hoeft as

hart

(«Presa bat/itomenaren/kontra/bihotza/bezain beharrezkoa»)

Manhattan, Bagdad, Pasaia

Gerryt Dirks 2000ko urriko ostiral batean hil zen. Bere semeak urteak zeramatzan lanean administrazioan eta inprimategian, beraz, Gerard bilobak hartu zuen agintea orduan.

«Kazetaritzako ikaslea nintzen eta 21 urte besterik ez nituen. Nire ikasketak alde batera utzi eta, ordu gutxiren buruan, Holandako editore buru gazteena bilakatu nintzen», gogoratu du De Jongek, duela hogei urteko harridura keinu bera eginez.

Astekariak 1.700 harpidedun inguru zituen orduan. Polderreko berriak izaten ziren, bai eta hortik kanpokoak ere. Manhattanen bizi zen bilkertstar batek azaldu zien beretarrei nola erori ziren bi dorre haiek. Gertakizunak milioika irakiar eta afganiarren bizitzak betiko eraldatu zituen, eta, haietako batzuk polder haizetsu hartara iritsi ziren. Hura ere albiste izan zen, jakina. Zer sentsazio emango lioke espazio minimalista hark Kabul edo Bagdadeko bazar bihurrietatik zetorren norbaiti?

Munduko egunkari askorekin gertatu bezala, Internet ere Rubikon gaindiezin bilakatu zen polderreko prentsarentzat. Gazte jendeak ez zuen egunkaria erosten, ez eta harpidetza egiten ere. «Erakundeen laguntzarik gabe eta proiektuari eusteko publizitaterik gabe, gelditu egin behar izan genuen», dio De Jong-ek.

Bildtse Post-aren azken alea

2021eko ekainaren 30ean inprimatu zen Bildtse Post-aren azken alea.

«Borroka amaitu ostean nekea nagusitu da. Ez dago atzera bueltatzerik», idatzi zuen bere aitak, azken editorialean. De Jong-ek harro begiratzen dio 86 urteko kazetaritza jardunari, baina eztarriko korapiloa saihetsezina da unea gogoratzen duen bakoitzean. Arnasa ere berehala berreskuratu du: «Itxi eta berehala, eskualdeko administrazio berriak hizkuntza-koordinatzaile lanpostu bat atera zuen lehiaketara, elkarbizitza eta tokiko hizkuntzen sustapena kudeatzeko. Neure burua aurkeztu nuen eta, azkenean, niri eman zidaten», dio editore ohiak.

De Jongek ikastaroak eta jaialdiak antolatzen ditu; poesia eramaten du ikasgeletara frisieraz eta bildts-eraz; erakundeei finantzaketa-aukerei buruzko aholkuak ematen dizkie eta Gobernu zentrala konbentzitzen saiatzen da haren periferiarekiko komunikazioa nederlanderaz soilik gauzatu ez dadin. Eta ezin ahaztu 2017an lortutako sari hura: Europako hizkuntza gutxituen programa bati esker, bi hilabeteko «egonaldi sortzailea» lortu zuen Pasai Donibanen.

Kale bakarreko herri honetan, 1843an Victor Hugok uda igaro zuen etxetik metro gutxira, bildts-eraz idatzitako lehen eleberriaren hazia landatu zen. Blau fan dagen, griis fan ônrust («Eguneko urdina, larritasunezko grisa») 2022ko azaroan plazaratu zen. Liburu azalak, hain zuzen, Pasai Donibaneko argazkia dakar.

«Lokatzetako langilea» da oroigarri nagusia polder hartan (Ellen FLORIS)

Sierd Lautenbag izeneko margolari bat dugu protagonista. Bere koadro arrakastatsuenak tradizionalenak ere badira, eta polderraren klixearekin bat egiteak min handia ematen dio. Aldi berean, bere etxean arrotz sentitzen da, eta dena atzean uzten saiatuko da. Maitasun-harreman liskartsu bat izango da motorra.

Norberaren sustraiak errotik atera daitezke? Hori dugu eleberriaren abiapuntu eta ardatza. Liburuaren izenburua bertako atsotitz bati zor zaio, polderraren zeruak segundo bat baino ez baitu behar urdinetik grisera aldatzeko.

«Carpe diem-en ideia unibertsala besterik ez da», diosku egileak, Pasaiako badia itsasora zabaltzen den puntu horretan.

Ardura handia bezain astuna omen da. De Jongek dioenez, literatur tradizio bat sortu nahi duen saiakera batek kontrako efektua ere lor dezake. «Ehun mila lagunentzako nobela bat idatz dezakezu nederlanderaz, baina ez duzu sumatuko, inola ere, 6.000 hiztuneko komunitate linguistiko baten begirada zorrotza», aitortu du egileak.

Hizkuntzari oxigenoa ematearen garrantzia berretsi du, «beti korrontearen kontra arraun egin behar bada ere». Are gehiago zure oinak olatuak inoiz hausten ziren lekuan hondoratzen badira.