
Ostegun honetatik aurrera, lan luze baten emaitza den ‘EGEO (Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak)’ gramatika, karrera akademiko baten laburpena nolabait, unibertsitate publikoaren Euskara Institutuaren webgunean egongo da eskuragarri. Proiektu honetako babesleak Euskara Institutua, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa eta Jaurlaritza izan dira. Aurkezpenean egon dira: Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea; Patxi Goenaga, euskaltzain osoa eta lanaren egilea; Itziar San Martin, Euskara Institutuko zuzendaria; Miren Azkarate, euskaltzain osoa eta Euskara Institutuko zuzendari ohia; eta Beatriz Fernandez, UPV/EHUko ikertzaile eta gramatikaren editorea.
Gramatika berri honen aurkezpenean, Eva Ferreira unibertsitateko errektoreak aipatu duenez, «hemendik aurrera, EGEO interesa duten lagun guztien eskura egongo da. Gramatika honek berebiziko garrantzia du euskal gramatika ikasketen barruan, eta berriro ere Euskal Herriko Unibertsitateak euskararekin eta euskal kulturarekin hartu duen konpromisoaren beste pauso bat da. Euskara indartzeko eta garatzeko gure unibertsitatea ez dago bakarrik baina, zalantzarik gabe, erakunde erabakigarrienetako bat da eta jarraituko du izaten etorkizunean ere».
Ezaugarri teknikoak eta nori zuzendua
Goenagaren jardun akademikoaren hasieratik egon da arazo teorikoen inguruko kezka. Hortaz, hizkuntza deskribatzeaz gainera, han eta hemen gogoeta teorikoak egiten du. Osagaiak deskribatu nahi dituen gramatika da EGEO eta osagai horiek dira gramatika honen kapituluei izena ematen dietenak.
EGEOk perpaus lokabe eta bakunari buruzko hamar kapitulu ditu: 1) Perpausa; 2) Izena eta izen sintagma; 3) Adjektiboa eta adjektibo sintagma; 4) Zenbatzailea eta zenbatzaile sintagma; 5) Determinatzailea eta determinatzaile sintagma; 6) Izen predikatua; 7) Egiturazko kasuak; 8) Aposizioak; 9) Aditza eta aditz sintagma; eta 10) Aditz Inflexioa.
Lan honen dimentsioari buruzko ideia bat emateko: paperera ekarriko bagenu, liburu batean A4ko tamainako orrialde batera, 12 puntuko letrarekin, 500 orrialde inguru izango lituzke.
Unibertsitatearen arabera, EGEO gramatika bereziki lagungarria gerta daiteke euskal gramatikan trebatzen hasiak diren unibertsitateko ikasleentzat. Eta unibertsitateko ikasle horiek belaunaldi berrietakoak direnez, Z belaunaldikoak (1995–2000) eta ostekoak, hots, teknologia digitala, interneta eta sare sozialak oso umetatik ezagutzen dituztenak, EGEO eskura izatea sakelako telefonoan (edo bestelako gailuetan), eurengana hurreratzeko estrategia aproposa delakoan daude.
Beste alde batetik, gramatikagintzan eskarmentua duten hizkuntzalariek irakasteko lanabes gisa balia lezakete EGEO edo besterik gabe Goenagarekin tarteka sintaxiari buruzko balizko elkarrizketa bat izateko.
EGEO da Sareko Euskal Gramatika (SEG)-rekin batera sarean dauden euskal gramatika bietako bat, eta biak argitaratu dira UPV/EHUko Euskara Institutuaren babespean. Itziar Lakaren ‘Basque Grammar’ ere badago, ingelesezkoa, Euskara Institutuaren webgunean eskura hau ere.
Lan luze baten emaitza
Patxi Goenaga da EGEO gramatikaren egilea, euskal gramatikagintza modernoan ezinbesteko erreferentea izan den hizkuntzalaria. Azpeitiarra, 1948an jaioa, UPV/EHUko Euskal Filologiako Katedraduna jubilatu arte; Euskaltzaindiako Euskaltzain Osoa da gaur egun.
‘Gramatika bideetan’ argitaratu zuen hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran (Erein, 1978) eta gramatika sortzaile, hots, Noam Chomskyren orduko eredu teoriko berria ekarri zuen euskarara eta euskararen analisira. Harrez gero, gramatika proiektu handi batean baino gehiagotan engaiatua ibili da Goenaga: batetik, Euskaltzaindiko Gramatika Batzordearen proiektu guztietan, hala nola, Euskal Gramatika: Lehen Urratsak (EGLU) eta Euskararen Gramatika (2021) izenekoetan; bestetik, Sareko Euskal Gramatika (SEG), deritzanaren editorea izan zen Pello Salaburu eta Ibon Sarasolarekin batera.
«Hemendik aurrera, gramatikaren sarbidea libre izango da: euskaldun ororen esku gelditzen da. UPV/EHUren leloarekin bat egin dute egileak zein editoreak EGEOrekin: ‘Eman Ta Zabal Zazu’. Inon euskaldunik bada, sarerako sarbidea badu behintzat, EGEO irakurtzeko aukera izango du», aipatu dute unibertsitatetik.
EGEOren edizioa JATS (Journal Article Tag Suite) XMLrekin egina dago, hots, artikulu zientifikoak argitaratzeko erabili ohi den edizio estandar bat. Estandar tekniko honi esker, argitaratzen den edukia aldatu eta ustiatu daiteke.

Identifican a la navarra María Luisa Eugui entre los fallecidos en el accidente de Adamuz

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete
