Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Borborraldia

Azken egunetan bi hitzaldi tokatu zaizkit herri euskaldunetan erdaraz. Bietan zekiten ia partaide guztiek euskaraz. Batean hizlariak galdetu zuen ia baten batek ez zuen ulertzen eta pertsona bakarrak altxatu zuen eskua, errateko kostatzen zitzaiola baina ahaleginduko zela. Elebitan ekin zion, baina gaztelania gailendu zen agudo. Erraztasun handiagoa zuela aitortu zuen. Bigarren hitzaldian agurrak eta eskerrak bakarrik aditu nituen euskaraz. Bukatzean luntxa egon zen, eta euskaraz solastatu nintzen denekin, nahiz eta baten batekin tiraka izan; bata, euskararen aldera eta bertzea, erdararenera.

Etorri berriengan jartzen da batzuetan fokua, euskara ikasten ez dutela eta. Baina ez dute deus ezberdinik egiten aurkitzen dutenera egokitzea baizik. Emantzat ditugun gauza batzuk ez dira halakoak. Berriki, gazteen mahai-inguru batean, nagusiki gaztelaniaz bizi den beasaindar euskaldun bat (familia euskaldunekoa, D eredukoa) eta euskaraz bizi den tuterar bat elkartu ziren. Tuterakoak kontatu zuenez, gertatu izan zaio herrikideek bertakoa denik ez sinestea. Baina bertakoa da, baita gurasoak ere.

Bertze pasarte bat: bazkari batean, herri euskaldun batean, ondoko mahaikoak gaztelaniaz ari zirela-eta «zer itsuski egiten duen» aipatu zuen lagun batek. Pentsatu nuen zenbatetan egiten duen berak gauza bera. Sarri irensten dut «egin euskaraz» errateko gogoa, ez dudalako uste bidea hori denik. Etxeko ttikiari bakarrik erraten diot, jakinda ez dela justua, bera ere dagoenera egokitzen baita, etorri berri gisa. Euskara ez da inoiz inportanteena... falta dugun arte. Horregatik, gutxien dutenek izaten dute kontzientzia handiena eta herri euskaldunetan gutxituak garela ahanzten zaigu. Gure eskualdean, Bortzirietan, euskararen udaberria piztu nahi izan du Borborraldiak. Gaur bukatuko da ekimena Beran besta batekin. Etorri! •