Ane Urkiri Ansola
Elkarrizketa
Reyes Karrere
Bera Berako entrenatzaile ohia

«Irabazitako lehen liga hura bizitzako helburua betetzea izan zen, harrotasunez»

Reyes Carrere (Donostia, 1966) entrenatzaile zela irabazi zuen Bera Berak aurreneko liga, bai eta sasoi berean hiru garaikur altxatu ere. Hamar urte geroago, taldea 9. liga irabaztear da eta honen bilakaera errepasatu du Carrerek NAIZekin.

Reyes Carrere, Donostian.
Reyes Carrere, Donostian. (Gorka Rubio | Foku)

Kirola beste modu batera bizi izan du Reyes Carrerek azken urteetan, Donostiako Udaletxean zinegotzi eta EH Bilduko bozeramaila izan baita azken legealdian. «Ikusi dut diru-laguntzen irizpideak nolakoak diren eta gauza asko aldatu egin behar dira. Administrazio honetan [Udala] irizpideak diskriminatzaileak dira. Argigarria da Bera Beraren kasua: nahiz eta tituluak irabazi, horrek ez dio diru gehiago ematen, administrazio honetan behintzat».

Bera Bera da, hain zuzen ere, elkarrizketa honen muina. Hiru etapetan taldearen entrenatzailea izan zen Carrere, eta azken zikloa Superkopa, Kopa eta Liga irabazita itxi zuen. Klubaren lehen liga izan zen, eta hamarkada bat igaro da ordutik, hamarkada loriatsua.

Bera Bera liga irabazteko borroka betean dago. Azken hamar urtean, bere 9. liga eskuratu lezake.

Argi dago, Bera Bera momentu honetan Euskal Herriko talderik onena da, ez soilik Donostia edo Gipuzkoakoa. Edozein modalitatetan, gizon edo emakume izan. Bilakaera hor dago, proiektua sendotuta dagoen erakusle da. Pozteko talde bat da.

Proiektua aipatu duzu. Horretan ere erreferente da?

Atzera bota behar dugu begirada. Duela 17 urte edo, proiektu berri bat gauzatu zen. Mahai gainean jarri genuen eta hori izan da altxorra proiektua egonkortzeko. Guk ez genuen arnasa motzeko proiektu bat, Itxakorena izan zitekeena moduko bat. Itxakon hutsune batzuk agerikoak ziren, eta ez soilik Itxakon.  Eduki zuten diru sarrera potente bat momentu jakin batean, eta momentuan irabazteko proiektu bat egin zuten, arnasa motzekoa. Guk bide luzekoa nahi genuen.

Amaia Ramirez, Ana Carrere eta hirurok proiektua lantzen hasi ginen, eta hiru zutabe indartsu jarri genituen: profesionala izan behar zuen, soldata duineko kontratuekin estruktura guztian; ahalik euskaldunena izatea, horretarako Euskal Herriko harrobiari adi egon behar genuen eta epe luzerako apustua egin, gero proiektuko oinarriak izan zitezen. Hortik atera dira, esaterako, Esther Arrojeria eta Alba Menendez. Eta hirugarrena, ahalik eta lehiakorrena izatea, goi mailakoa, helburuekin. Hiru puntu horiek orekatu egin behar ziren. Gorabehera asko izan genituen, baina niretzat hori izan zen sekretua.

Oraindik ere eusten al zaie hiru zutabe horiei?

Bat, agian, ez. Harrobia beti dago; gero gakoa da nola lantzen duzun, ze pazientzia daukazun, zer nolako apustuak egiten dituzun... Aukeraketa bat egin behar duzu, eta denak zilegi dira. Niretzat hiru zutabe horiek orekan mantentzea funtsezkoa da, epe luzeko proiektua nahi baduzu.

Euskal Herriko talderik onena dela aipatu duzu. Agian Europan urrats bat gehiago ematea falta da?

Horretarako diru gehiago behar duzu. Posible da egitea? Bai. Baina kontuan hartu behar dugu Bidasoak, Europako Kopa irabazi zuenean, diru iturri asko zituela eta ezin diogula Bera Berari hori exijitu, emakumezkoen talde bat izanda. Hamar urtean bere bederatzigarren liga lortzear dago, eta ez da gutxi. Esadazu une honetan nork daukan marka hori. Kontuan izan behar dugu emakumezko talde bat dela eta, beraz, bai administrazioek, bai gizarteak gutxiesten du taldea. Zergatik? Bera Beraren garaipenak oso merkeak dira, gero etekin politikoak ateratzeko.

«Oso kontent bukatu nuen. Nire erabakia izan zen. Ikusten nuen desgaste pertsonal handia neukala eta taldeak behar zuela pizgarri izango zen beste pertsona bat»

Zurekin lortu zen zure lehen liga. Nola gogoratzen duzu?

Izan zen zerbait bukatzea. Nire azken denboraldia zen, nik banekien hasieratik azkena izango zela. Nire bizitza osoa eman dut liga irabazteko borrokan. Eta behin irabaztean, lasaitu moduko bat sentitu nuen, eta, gainera, hiru garaikurrak irabazi genituen: Superkopa, Kopa eta Liga. Kito. Bizitzako helburua betetzea izan zen, harrotasunez. Azken partida horretan gogoratzen dut lehia bukatu genuela etxeko jokalariak pistan zeudela, atezaina izan ezik, Darly [Zoqbi] zegoen. Bidean oinarri sendo bat jartzeko erakusgarri moduko bat izan.

Ahalik eta euskaldunenak izateak bermatzen al du ahalik eta lehiakorrena izatea?

Horregatik diot hiru oinarri horiek orekatu egin behar direla. Ez da erraza. Guk Itxakori lehenago liga irabazteko edo Europan urrats gehiago egiteko diru adina geneukan? Bai. Baina horrek suposatzen zuen kontratuak kentzea edo etxeko jokalari gazteen apustua baztertzea. Inbertitzen duzu diru hori pare bat jokalarirengan eta kirol mailan gora egiten duzu, seguru. Hori da Itxakoren eredua. Aukera bat da, baina ez zen gurea.

Aipatutako garaikurrak irabazita, bakean edo asetuta utzi zenuen eskubaloia?

Bai. Oso kontent bukatu nuen. Nire erabakia izan zen. Ikusten nuen desgaste pertsonal handia neukala –exijentzia, ardura handia...– eta taldeak behar zuela pizgarria izango zen beste pertsona bat. Nire zikloa bukatuta ikusten nuen, eta argi neukan taldeak irabazten jarraituko zuela. Jokalari onak zeuden, mantentzen ziren... Jende gaztea ere bazegoen.

Reyes Carrere, ezkerrean, bere alboan Tati Garmendia (egungo taldeko arduraduna) eta Eider Rubiorekin (jokalari ohia). (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Nola ikusi duzu kanpotik ligaren bilakaera?

Duela hamar urte liga oso indartsua zen. Orduan, Europako bigarren liga indartsuena zen Espainiakoa, Norvegiakoaren atzetik. Bosgarren geratzeko, horrek Europako txartel bat ematen zuelako, astean 8-9 lan saio egiten genituen... Zoramena zen. Orain maila galdu egin da. Gauzak oso gaizki egin dira.

Federazioaren aldetik?

Federazioaren aldetik eta baita kluben aldetik ere. Autokritika ere egin behar da, ikusteko  zergatik lortu ziren emaitza hain onak klub aldetik, eta baita Espainiako selekzioan ere; eta, ondoren, ohartarazteko zergatik eman zen gainbehera. Batetik, kluben artean maila oso altua zegoen, jokalari guztiak profesionalak ziren, diru asko irabazten zuten. Gaur egun pentsaezinak diren kopuruak: gure taldean 3.000 euro eta gehiago kobratzen zituzten jokalariek. Horrek suposatzen du, goizez eta arratsaldez entrenatu behar baduzu, entrenatzen duzula zure lanbidea delako. Jokalarien maila igotzen da, lehiakortasuna handitzen da eta, kanpotik datozenak oso onak baldin badira, denak gora egiten du.

Nola etorri zen gainbehera hori? Krisi ekonomikoa izan zen arrazoi nagusia?

Krisiarengatik denak eztanda egin zuen, bai. Baina klubeko egiturek ere berdin jarraitzen zuten, eta beste herrialdeek aurrea hartu zuten. Duela 20 urte, Frantziako Federazioak bide orri bat eta baldintza batzuk ezarri zituen: kontratuak, administratzaile profesionalak, komunikaziorako pertsona bat, eta abar. Eta, gainera, berme ekonomikoa exijitzen zuen aurrekontuak egiteko garaian. Hau egin zuenean, gureak akabo. Lehen urteetan oso gaizki pasatu zuten, zenbait talde desagertu egin baitziren, baldintza horiei aurre egin ezinik. Baina gelditu zirenak indartzen joan ziren. Guk, une horretan, Frantziako Federazioaren baldintza guztiak betetzen genituen.

Lehen kontratuak %100ekoak ziren. Orain ez al dira?

Beharko lukete. Hitzarmen bat behar da. Gutxieneko soldata duin bat ezinbestekoa da, 1.200-1.400 eurokoa gutxienez. Hor dago jokalarien borroka. Kluben borroka izango da jasotzen duten dirulaguntzak bidezkoak izatea. Oso geldirik dagoela ikusten dut. Gainera, ikusten ditut jokalari batzuk, sekulako potentziala daukatenak, eta hauek denbora behar dute eta etorkizun bat ikustea, profesionalak izan daitezkeela ikustea.

«Hitzarmen bat behar da. Gutxieneko soldata duin bat ezinbestekoa da, 1.200-1.400 eurokoa gutxienez. Hor dago jokalarien borroka»

Lehen liga hartan Alba Menendez zegoen taldean, Arrojeria gutxika-gutxika sartzen hasi zen, hurrengo denboraldian egin zuen debuta Maitane Etxeberriak. Hauek dira Bera Beraren esentzia.

Jokalari oso handiak dira. Eta ikusten da nolako bilakaera izan duten. Hasiera batean, sartu zirenean, eskarmentu handiko jokalari oso onak zeuden eta hauek bigarren planoan zeuden. Eskarmentu handiko hauek utzi zutenean, gazteak jada prest zeuden lekukoa hartzeko.

Zuri harrotasun puntu bat sortzen zaizu?

Noski. Zatitxo baten parte sentitzen naiz. Ikusten ditudanean poz handiz hitz egiten dut beraiekin. Ez zen soilik nire kontua izan, zuk une horretan apustua egiten duzu baina jende gehiago dago horren atzean. Apustu guztiak ere ez dira ongi ateratzen, hori ere egia da, baina egin behar dira.

Hamar urte hauetan zenbait euskal jokalari pasa dira Bera Beratik baina bertan egonkortu ez direnak eta batzuk, Zuazon aurkitu dutenak egonkortasuna.

Jauzia ez da erraza, ez. Tarteko aukera bat izatea ona da, Euskal Herriko ikuspegi batetik. Baina hori ere planifikatua izan behar da. Inbertsio bat egin behar da eta une horretan, inbertsio ekonomiko hori ez da zurekin arituko jokatzen, beste leku batean egon daiteke. Arnas luzeko proiektu bat egiten baduzu, zure pentsamendua beste bat da.

1999. urtean hasi zinen entrenatzaile moduan.

Orduan Cristina Mayo zen emakumezko entrenatzaile bakarra, eta erreferentzia bat izan da. Urte asko egin zituen dena irabazten. Joko aldetik ere, berak sartu zuen jokatzeko modu moderno bat ligan; hutsuneetara joatea eta abar. Gero etorri dira besteak –Montse Puche, Cristina Cabeza...–, baina ez asko, oso gutxi. Oso zaila da iristea, eta berdin jarraitzen du. Orain bertan bakarra dago, Ana Seabra, Atletico Guardesekoa. 25 urte atzera botata, leku berean gaude.

«Orduan Cristina Mayo zen emakumezko entrenatzaile bakarra eta erreferente bat izan da. Oso zaila da iristea eta berdin jarraitzen du. 25 urte atzera botata, leku berean gaude»

Gogoan duzun anekdotarik?

Asko. Hasieran, batez ere; entrenatzaile laguntzailea gizon bat zen eta dena berari kontsultatzen zioten. Bestalde, amorru asko ematen zidan elkarrizketetan edo prentsaurrekoetan, inoiz ez zidatela galdetzen –Juan Carlos Elorza eta Iñaki de Mujika kenduta–, eskubaloiko taktikengatik, beti galdera soilak... Ni ez nintzen emakumea, ni entrenatzailea nintzen.

Reyes Carrere, Bidebietan, 2011-2012. denboraldian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Garaikurrak irabazteak bai eman dizu berme bat aho horiek ixteko?

Bai, irabazteak beti jartzen dizu beste plano batean, baita final askotara iristeak ere. Horretarako zuk zure lana egin behar duzu. Nahasten zuten, ni emakume nintzenez, jokalarien laguna izan nintekeela, eta ez. Estrategia bat dago, taktika bat lantzen da, besteek bezala... Hori, bai, behin eta berriz aldarrikatu behar izan dut. Emaitza guztiak lan horren mende daude. Eta nire sentsazioa da gaur egun ere hori aldarrikatu egin behar dugula.

«Gaur gaurkoz, Bera Bera talde sendoena da, orekatuena. [...] Aurkaria Elx da eta talde deserosoa izan da betidanik Bera Berarentzat. Hiru partidatara, Bera Berak aurrera egin beharko luke»

Aktualitatera bueltatuz. Rocamoraren Elxen aurka arituko da gaur Bera Bera, finalerdietako joaneko partidan. Nola ikusten duzu kanporaketa?

Gaur gaurkoz Bera Bera da talde sendoena, orekatuena, alternatiba gehien daukan taldea. Ondo ikusi nuen Kopan, aurretik ere ondo ikusten nuen. Lider bakarra ez daukan talde bat da. Esther Arrojeria dago, Kopan Elke Karsten asko gustatu zitzaidan... Zenbait jokalari azaltzen dira lehen lerro horretan, ez dago lider definiturik eta hori oso ondo dago, aurkarientzat zaila delako. Jokatzen ere oso ondo dabil. Elx aurkari deserosoa izan da betidanik Bera Berarentzat, oso desatsegina... Hiru partidatara, Bera Berak aurrera egin behar luke. Nire nahia hori da, baina, horrez gain, oso ondo iritsi da maiatzera.

Gakoa beti esaten da defentsan egongo dela. Zure garaian ere hala zen? Defentsa indartsua eta kontraerasoa?

Bai. Joko alaia, bloke defentsiboa eta abiadura. Geldikako erasoan arintasuna bilatzen genuen. Egia da horretarako jokalariak behar dituzula. Beste aldetik, aitortu behar dut niri horrelako jokoa gustatzen zaidala. Publikoa aspertzea baino gauza txarragorik ez dago. Joko alaia egin behar da, arriskuak hartu... Oinarri horiek oraindik ere mantentzen dira. Orain kanpoko jaurtiketa gehiago dauka –Mariane Fernandes, Elke Karsten– eta horrek beste alternatiba bat ematen dizu. Talde heldua da, eta sartu diren jokalari gazte batzuk ere oso ondo sartu dira.

Dena pentsatua zegoen?

Guk egin genuen estrategia oso bat horretara iristeko. Entrenamenduko partidak hori pentsatuz egiten genituen: 5 minuturo, gehienez bi gol jaso behar ziren. Eta 5 minuturen faltan, partzialak zure aldekoa behar zuen, gehienez bi gol jasota. Bermatzen genuen jendeak barneratzea azken bost minutu horiek oso garrantzitsuak zirela, nahiz eta 10 goleko errenta eduki. Ze oso garrantzitsua da nola bukatzen dituzun partidak; eta presioa hor egiten genuen, minutu horietan partidak erabaki daitezkeelako. Hori guztia kalkulatua zegoen.