Amaia U. Lasagabaster

Lana eta anbizioa, bi horiekin bere bizitzako ametsa bete duen ume lasartearra

Realarekin debuta egin eta zazpi urtera, Iraia Iparragirrek futbola utziko du azkenaldian izandako lesioek eraginda.

Iraia Iparragirre taldekideek eskaini dioten agurraren erdian.
Iraia Iparragirre taldekideek eskaini dioten agurraren erdian. (Jon URBE/FOKU)

Zazpi urte bete dira Iraia Iparragirrek Realarekin debuta egin zuenetik. Ez da denbora asko, baina futbola erabat aldatu da. Lasartearrak denboraldi amaiera honetan utziko duen Reala ere ez da Oviedon 2016ko apirileko egun hartan jokatu zuen bera. Bilakaera horren lekuko eta erantzulea izan da Iraia.

Hogei urte zituen Zubietara heldu zenean, futbola gustuko zuten ume gipuzkoar guztien  ametsa betez. Nola ez zuen ba izango Iraiak amets hori, «lantegi» zuri-urdina egunero ikusita? Lasarten jaioa eta hazia; «alboko ikastolan ikasi nuen. ‘Hor bukatu nahi dut’ esaten nuen eta hor bukatu dut», ametsa egia bihurtuz.

Bertara heltzeko egin zuen bidea Realeko aldagelan aurkitu zituen taldekideen berbera izan zen: Lehen ostikadak parkean eta ikastetxeko patioan, beste kirolen tentazioa –eskupilota bere kasuan–, lehen urratsak futbol federatuan eta, azkenik, Reala. Ozta-ozta, futbola uzteko erabakia hartuta baitzeukan Garbiñe Etxeberriaren deia jaso zuenean.

Zubietan bere neurrira egindako aldagela eta proiektua aurkitu zituen. Euskaldunak ez ziren hiru jokalari baino ez zeuden taldean –aurreko urtean etorritako Chini Pizarro eta Iraiarekin batera fitxatutako Nuria Mendoza eta Paola Soldevila–, baina denek, horiek ere bai, ondo zekiten zein gogorra zen Lehen Mailara heltzeko bidea. Tolosan, Lagun Onaken, Mariñon, Oiartzunen... edota lasartearraren kasuan bezala Ostadarren edota Añorgan futbolarekiko grinaz gozatzeko aukera izan zuten jokalariak ziren, baldintzek eta exijentziak bat egiten ez zuten kategorietan gogortuak. Eliterako txartela lortzeko modu bakarra zen.

Behin helduta, gauzak ez ziren arrosa kolorekoak, baina kluba jada hasia zen egungo egoerara ekarri duen bidean pauso sendoak ematen. Eta hori ere primeran etorri zitzaion lasartearrari, ez bakarrik futbolaren profesionalizazioaren onurez gozatu ahal izan duelako bere ibilbidearen azken txanpan, baizik eta baliabideak hobetzearekin batera, exijentzia eta anbizioa ere handitu direlako. Alegia, Iraiaren izaeraren zutabeetako bi, berak nabarmendu duenez. «Oso exijentea naiz nire buruarekin –adierazi zuen atzo Zubietan emandako prentsaurrekoan– eta nik uste dut gaur naizena izatea lortu dudala exijentzia handia izan dudalako». «Lana, sakrifizioa, transmititu ditudala uste dut, anbizioa izatea eta beti gehiago lortu nahi izatea, batzuetan saririk ez dagoela jakin arren», gehitu zuen.

Elitean sendotzen

Osagai horiekin guztiekin  elitean sendotzen hasia zen taldearen oinarrizko partaide  izatera heldu zen. Jokalari saiatu eta lehiakorra, klubaren historiako mugarri handienetako baten egileetako bat izan zen. Hegalaren jabeak Realak 2019an Kopa altxa zezan lagundu zuen. Bide berari ekin zion hurrengo denboraldian; pandemiaren ondorioz Liga bertan behera geratu zenerako, lau taldekidek bakarrik zituzten Iraiak baino minutu gehiago jokatuak.

20/21ean okertu zitzaion ibilbidea. Ez Lucia Rodriguezen etorrerak titulartasuna garestitu zuelako, horri aurre egiteko kapaza izan baitzen minutu dezente jokatuz, 2021eko otsailean orkatila hautsi zuelako baizik. Eta ezinezkoa da lesio hori lasartearraren erretiro goiztiarretik –27 urte besterik ez ditu– bereiztea. Lesionatu eta hiru hilabetera bueltatu zen zelaira, baina aitaren batean ebakuntza-gelatik pasatu behar izan zuen eta urrira arte ezin izan zuen berriro jokatu. Zorigaitza ez zen orduan amaitu, eta lau hilabete geroago, iazko otsailean, lesio bera izan zuen. Berdegunetik kanpo utzi zuen berriz denboraldi honen hasierara arte eta ordutik hona oso minutu gutxi izan ditu.

«Lasai» doa, hala ere; hartutakoarekin «eskertuta» eta emandakoarekin «pozik». Taldeak «kapitain aukeratu» izanaz harro, «nigan sinisten zutela erakutsi zidalako», eta aldagelan berak bezala kirola ulertzeko eta Reala maitatzeko lekukoa hartuko duten jokalariak daudela sinetsita.