Elkarrizketa
Sara Olaizola
Queens Leagueko eta Oiartzuneko jokalaria

«Arau asko dira eta pixka bat eromena da, baina oraingoz behintzat gustatzen ari zait»

Sara Olaizolari (Irun, 1997) «interesgarria» iruditu zitzaion Queens Leaguen izena ematea; batez ere, «atzetik duen negozioagatik». Futbol tradizionalarekin alderatuta, arauak desberdinak dira eta horrek ematen dio «emozioa» jokoari. «Beti duzu irabazteko aukera», nabarmendu du irundarrak.

Sara Olaizola Queens Leagueko partida batean berdegunera ateratzen.
Sara Olaizola Queens Leagueko partida batean berdegunera ateratzen. (Sara OLAIZOLA)

Sinetsi ezinik» zegoen Sara Olaizola Queens Leagueko El Barrio taldean jokatzeko hautatu zutenean, eta oraingoz «gustura» dabil. Hori bai, asteburuetan Bartzelonara joan behar du, eta hori «nahiko gogorra» egiten ari zaio. Gerard Piquek sortutako txapelketa, ikuskizun aldetik, «erakargarria» dela adierazi du, «batez ere gazteentzat eta haurrentzat».

Olaizola ezaguna da Realean bi denboraldi jokatu zituelako ere; 2018-2019 eta 2019-2020 sasoietan, hain zuzen ere. Talde txuri-urdinean emandako garaiak «maitasunez» gogoratzen ditu, baina ez zuen zorte handirik izan, ez zituelako minutu asko jokatu: «Ez nuen lortu konfiantzarekin jokatzea». Gerora, futboleko mapatik desagertu zen, eta ia bi urtez egon zen Madrilen, lan arrazoiengatik eta futbolean aritu gabe. Denboraldi honetan Oiartzunera itzuli da, eta Lehen Maila Nazionalean jokatzen du.

Lehenik eta behin. Denerako astia ematen dizu?

Nahiz eta oraindik bakarrik bi aste egin ditudan Queens Leaguen jokatzen, intentsoa izaten ari da. Goizean Kutxan egiten dut lan, arratsaldean nire aitari esku bat botatzen diot  Donosti Cupean –Donosti Cupeko zuzendaria da– eta ostiraletan Bartzelonara bidaiatzen dut, larunbatean partida jokatzeko.

Nola izaten dira joan-etorriak?

Orain arte ostiraletan joan izan naiz, lanetik atera eta segituan. 17.00ak aldera hartzen dut hegazkina, hara iritsi eta jarraian entrenatzera joaten gara. Ostiral arratsaldeetan entrenatu, partida larunbatean jokatu, eta bueltako hegaldia orain arte behintzat igandetan hartu izan dut. Goizeko 5.00etan esnatzen naiz hegazkina hartzeko. Nahiko gogorra izaten ari da.

Nolatan eman zenuen izena Queens Leaguen? Zerk erakarri zintuen?

Jakin nuenean [Gerard] Piquek Queens Leagueren alde apustu egingo zuela interesgarria iruditu zitzaidan. Txapelketa jarraitzen hasi nintzen, ez partidengatik, baizik eta atzean zegoen negozioarengatik. Jakin-mina nuen ea jende askorengana iritsiko zen ala ez. Nire lagunekin hitz egin nuen, eta ikusi nuen Twitterren hautaketa-prozesu bat ireki zutela. Egia esan, izena eman nuen asmo handirik gabe, banekielako jende askok parte hartuko zuela.

Hautatua izateko egin behar zen bideoa bidali nuen, baina ez nuen uste aukeratuko nindutenik. Eta mezu elektronikoa bidali zidatenean esateko Draftean parte hartzeko aukeratua izan nintzela ez nekien oso ondo zer egin –Draftean klub bakoitzeko presidente bakoitzak hamabi jokalari hautatu behar zituen bere taldea osatzeko. Guztira 120 jokalari izan ziren hautatuak–.

Beraz, ezustean harrapatu zintuen.

Bai, gainera, ez nuen argi Draftera joan ala ez, igande batean zelako eta larunbatean afari bat nuelako. Azken momentura arte zalantzan egon nintzen, baina joan nintzen eta aukeratua izan nintzenean ezin sinetsita nengoen.

Zer esan zizuten Oiartzunetik? Arazorik ez?

Ez, azkenean partida bakarra galdu dut. Orain dela hiru aste Eibarren kontra jokatu genuenean, ligako azken partida zen eta ez genuen ezer jokoan. Orain dela lau astekoa, adibidez, Oiartzunekin igande goizean nuenez partida, biak jokatzeko aukera izan nuen. Larunbatean Queens Leaguekoa eta igandean Oiartzunekoa.

Hasieran zenituen espektatibak bete dira? Ala bestelakoa izatea espero zenuen?

Ez nituen espektatiba asko, mutilen liga ez dudalako jarraitu. Oso ondo dago, eta partida motzak dira. Egia da arau asko direla eta pixka bat eromena dela, baina oraingoz behintzat gustatzen ari zait.

Queens Leaguen jada bi jardunaldi jokatu dituzue, [elkarrizketa egin baino lehen]. Nola doa txapelketa?

Lehen partida irabazi genuen, baina penaltietan. Queens Leaguen partida bat berdinketan amaitzen bada, penaltiak jaurtitzen dira. Hala, penaltietan irabazten baduzu, bi puntu lortzen dituzu eta galtzen baduzu, bat. Bigarren partida azken segundoetan irabazi genuen. Gainera, partida horretan azken bi minutuetan golak bikoitza balio zuen, eta, gola sartu genuenez, galtzetik irabaztera pasatu ginen. Amaiera emozionantea izan zen.

«Gazteentzat eta haurrentzat errazagoa da 50 minutu irauten duen partida bat jarraitzea, 90eko bat baino»

Arauek egiten dute erakargarri txapelketa. Esaterako, zati bakoitzeko azken bi minututan dado bat jaurtitzen da eta jokoaren arauak aldatzen dira; besteak beste, bik biren kontra jokatuta edota hiruk hiruren aurka... Ikuskizun aldetik oso erakargarria da, ezta?

Bai, batez ere gazteentzat eta haurrentzat. Ohituta gaude dena motzagoa izatera eta uste dut haientzat errazagoa dela 50 minutu irauten duen partida bat jarraitzea, 90eko bat baino. Arauena ere desberdina da, eta beste kirolekin alderatuta dibertigarriagoa ere izan daiteke.

Kanpotik, behintzat, jokoak badu emozioa. Barrutik, baina, nola bizi duzue?

Arraroa da, futbol normalera ohituta nagoelako. Azkenean oso desberdina da. Baina egia da beste emozio puntu bat ematen diola. Ez da partida arrunt bat; beti duzu irabazteko aukera, 2-0 edo 3-0 galtzen joan arren. Esan duzun moduan, bik biren kontra jokatzen dituzten bi minutu horietan hiru edo lau gol sartzeko aukera dago eta hori izugarria da jokatzen ari zarenean, ez baituzu motibazioa galtzen.

Maila aldetik, esango zenuke Espainiako Lehen Maila Nazionalaren pare dagoela?

Nire ustez, bai. Jokalari gehienok Lehen Maila Nazionalean jokatzen dugu. Hala ere, badaude areto futbolean aritzen direnak ere, baina gehienak futbol 11tik gatoz.

Jokalari berezi batzuk ere ekartzen dituzte Queens Leaguera. Hain justu, zure taldean 12. jokalaria Ana Maria Romero ‘Willy’ da. Rayo Vallecanorekin eta Bartzelonarekin ligak eta Kopak irabazi dituen jokalaria. Aurretik  ezagutzen zenuen?

Ezagutzen nuen haren izena, albiste batean ikusi nuelako BAMEa (barruko mediku egoiliar) atera zuela. Justu covid garaian izan zen, eta batez ere horregatik ezagutzen nuen. Haren aurka ere jokatu nuen, baina ez nuen asko gogoratzen, egia esan.

Berezia al da horrelako jokalari batekin jokatzea?

Bai, eskarmentu handiko jokalaria da. Goi mailako futbolean aritutakoa, eta jokatzerako garaian nabaritzen da eskarmentu hori duela.

Melanie Serrano Bartzelonako jokalari ohiak ere txapelketan parte hartu du. Izan al duzu harekin egoteko aukera?

Bai, justu lehen partida jokatu genuenean gure aurretik aritu ziren jokatzen, eta ikusten egon ginen. Izugarria da orain dela gutxi Bartzelonan jokatzen egon den jokalari bat hor ikustea.

Sara Olaizola Queens Leagueko partida bateko gol bat ospatzen. (Sara OLAIZOLA)

Paula Nuñez euskalduna zure taldean dago. Bizkerren (Getxo) jokatzen du orain. Aurretik ezagutzen zenuten elkar?

Bai, aurretik ezagutzen nuen, ni Mariñon (Irunen) nengoenean askotan jokatu dugulako elkarren aurka. Euskal selekzioarekin ere uste dut behin kointziditu genuela, eta, egia esan, oso ondo dago taldean ere beste euskaldun bat egotea, bidaiak antolatzeko errazagoa delako.

Ikusita Queens League erakargarria izaten ari dela, zer uste duzu ikasi beharko lukeela futbolak txapelketa horretatik?

Uste dut batez ere belaunaldi berrietara hobeto iristen ari direla, futbol tradizionala baino. Ikuskizun aldetik, gazteek jarraitzen dituzten streamer eta tiktoker ospetsuak bertan daude. Beraz, futboleko ligak aztertu beharko luke jende horren ligan parte hartzea; gazteengana gehiago iristen direlako, eta irismen handiagoa izateko.

Ildo horretan, zuk zer nahiago duzu. 11ko futbola edo Queens Leaguekoa?

Galdera zaila da. Esango nuke 11koa. Egia da Queens Leaguekoa errazagoa dela, partida motzagoak direlako, gutxiago nekatzen zarelako eta dibertigarriagoa ere badelako. Baina ohituta nago 11koan jokatzera eta oraingoz horrekin geratzen naiz.

Hurrengo denboraldira begira, Queens Leaguen eta Oiartzunen jarraitzeko asmoa duzu?

Segur aski Oiartzunen jarraituko dut, eta Queens Leaguen segitzea zaila ikusten dut. Azkenean larunbatero hara joatea lan eskerga da, eta esperientzia aldetik seguru merezi duela, baina ez dut uste jarraituko dudanik.

«[Realean] ez dakit eman beharko nukeen mailara iritsi nintzen ala ez, baina ez nituen minutu asko izan»

Realean bi denboraldi egin zenituen. Gainera Kopa irabazi zenuen 2019an. Zein oroitzapen dituzu?

Egia esan, jada nahiko atzean geratzen zait, baina sekulakoa izan zen, bereziki Kopa jokatzea; bueno, eta Realean jokatzea ere bai. Txikitatik nire taldea izan da eta niretzat izugarria izan zen hara iristea. Ez dakit eman beharko nukeen mailara iritsi nintzen ala ez, baina ez nituen minutu asko izan. Ez nuen lortu konfiantzarekin jokatzea, eta utzi nuenean arantza horrekin geratu nintzen. Hala ere, maitasunez gogoratzen dut eta urte politak izan ziren.

Besteren artean, Maddi Torrek eta Iraia Iparragirrek ez dute Realean jarraitzen. 2019an Kopa altxatu zenutenetik bakarrik lau geratzen dira taldean. Belaunaldi aldaketa gertatzen ari da Realean?

Bai, nire ustez, hori jada gertatu zen Kopa irabazi eta hurrengo denboraldian; Nahikari, Leire Baños, Kiana [Palacios]... taldekide asko joan ziren. Aurten baino, uste dut urte horretan egon zela belaunaldi aldaketa.

Reala utzi zenuenean, futboleko mapatik desagertu zinen. Urtebete egon zinen jokatu gabe?

Bi urte egon nintzen jokatu gabe. Gradua amaitu nuen eta lanagatik Madrilera joan nintzen. Realean ez zidaten kontratua berritu, eta pixka bat erreta amaitu nuen, jokatzeko garaian konfiantza asko galdu nuelako, eta giroz aldatu nahi nuen. Madrilen bi urte egon nintzen eta aurten hasi naiz berriro ere jokatzen, Oiartzunen.

Eta zergatik Oiartzunen?

Realera joan baino lehen Oiartzunen egon nintzen, eta oso gustura, gainera. Etxetik gertu dagoen taldea da, Mariño ere bai, baina maila baxuagoan. Ezagutzen nuen jendea zegoen hemen, eta batez ere horregatik etorri naiz Oiartzunera.