NAIZ
Bilbo

Andoni Agirrezabalak Zazpi Kale Saria jaso du Bilboko Liburu Azokan

Andoni Agirrezabalak Zazpi Kale Saria hartu du ostiralean Bilboko Liburu Azokan ‘Etxe berdea’ (Erein) haren lehenengo lanarekin. Igandera arte luzatuko den azoka honek gazte talentu berriak hauspotu nahi izaten ditu sari honen bitartez.

Asier Muniategik, azokaren koordinatzaileak, saria eman dio Andoni Agirrezabali.
Asier Muniategik, azokaren koordinatzaileak, saria eman dio Andoni Agirrezabali. (NAIZ)

Erein argitaletxean editore dihardun Uxue Razquin harrituta geratu zen ‘Etxe berdea’ originala bere eskuetara heldu eta irakurri zuenean, are gehiago gazte batek idatzitako estreineko lana zela jakinda. Argitaratzekoa, zalantzarik gabe.

Hala kontatu du Razquinek ostirala eguerdian 2023ko Bilboko Liburu Azokan Andoni Agirrezabala alegitarrari (gazte hori) Zazpi Kale Saria emateko ekitaldian. ‘Etxe berdea’ misteriozko eleberriak ondo merezi izan du literaturan gazte talento berriak saritzen dituen aipatu Zazpi Kale Sariak.

Liburua, laburbilduz, irakurleari erakusten zaion dokumentu luze bat da, non herri txiki batean izan den eta ikertzen ari den gertakizun trajiko baten inguruko testigantzak agertzen diren, bata bestearen atzean, bakoitza lekuko ezberdin batena, denak beraz ahots eta ikuspuntu edo eritzi ezberdinekoak... Eta izen barik! Auskalo nork dion hori, nork bestea. Auskalo nola gertatu den gertatutakoa.

Andoni Agirrezabala Izagirrek Biologia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta irakasle izateko prestatzen ari da. Unibertsitate garaian, hain zuzen Bilbon igarotako urteetan, hurbildu zen literatur mundura; harrezkero idazten du.

Hau ez da Bilboko Liburu Azokan eman den sari bakarra. Aste honetan, esaterako Unai Elorriaga idazleak eta Juan Luis Arsuaga paleontologoak aurtengo  Zilarrezko Lumek jaso dituzte.

Unai Elorriagaren ‘Nosotros no ahorcamos a nadie’ saritu dute; alegia, ‘Iturria’  liburuaren itzulpena. Liburu honek 2019ean Kritikaren Saria jaso zuen. Juan Luis Arsuaga palontologoaren ‘Nuestro cuerpo: siete millones de años de evolución’ lanaren aurkezpenak, gainera, jendez lepo bete zuen Bidebarrieta kulturgunea.