NAIZ

Gazte arkeologoen lana babesteko kanpaina jarri du abian Aranzadik

Aranzadi zientzia elkarteak gazte arkeologoen lana babesteko eta, bide horretatik, Euskal Herriko aztarnategi garrantzitsuenen ikerketa lanetan jarraitzeko kanpaina abiatu berri du. Webgune baten bidez ekarpenak egin eta zenbait aztarnategi ezagutzeko aukera zabaldu du, tartean Irulegikoa.

Aranzadiren indusketa bateko irudia.
Aranzadiren indusketa bateko irudia. (ARANZADI)

Aranzadi zientzia elkarteak dozenaka indusketa arkeologiko bultzatzen ditu udaran zehar. Horien artean ikusmin handikoak badira, Zalduako erromatar hiria edo Irulegiko Burdin Aroko herrixka esaterako, eta horietan ikerketa lanak egiten jarraitu eta aldi berean arkeologo gazteen lana bultzatzeko kanpaina jarri du abian elkarteak.

Ohar bidez azaldu dutenez, baliabide berriekin, arkeologo gazteen lantaldeak handitu eta elkartean Antzinaroko ikerketa-lanetan aurrera egiteko aukera izango izango luke Aranzadik eta, hala, arkeologo gazteen lana babestu eta Antzinaroko ikerketetan sakontzeko helburuarekin, dohaintzak eskuratzeko webgune bat martxan jarri duela iragarri du.

«Pertsona nahiz bestelako erakundeek ekarpena egitera animatzen ditugu», aipatu dute, eta dohaintza egiten dutenei Aranzadiko arkeologoen eskutik Aranguren Ibarreko kultur ondarea ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko direla ere iragarri dute. Honez gain, eta babesleek hala nahi badute, Euskal Herriko beste aztarnategi batzuetara bisita egiteko aukera ere eskaintzen da, tartean Irulegikora.

Aurkikuntza berriak

Mattin Aiestaran arkeologo eta Irulegiko indusketaren zuzendariaren hitzetan, «Irulegiko aztarnategia berezia da. Hemen lan ordu bakoitzak bere fruituak ematen ditu, eta laster aurkikuntza berriak egitea espero dugu. Talde on batekin eta baliabide gehiagorekin ikerketa bizkortu dezakegu», jarri du balioan.

Aurtengo indusketa kanpaina ekainaren 19tik irailaren 17ra luzatuko da, eta Aiestaranek zuzendutako taldeak «Irulegiko Eskuaren tamainako aurkikuntza egiteko esperantza» baduela iragarri dute.

Nabarmendu dutenez, Euskal Herrian «hainbat aztarnategi oso garrantzitsu daude ia industu gabe» eta horien zuzendaritza arkeologikoa Aranzadiko gazte ikerlariek daramate».

Adibide modura, Oihane Mendizabal arkeologoak Zalduako erromatar hiriaren ikerketa arkeologikoa zuzentzen duela aipatu dute, eta arkeologoaren hitzak ere bildu dituzte: «Zaldua hiri erromatarrean, nahi den guztia eta gehiago industeko eta aztertzeko dago. Guk eraikin bateko gela gutxi batzuk irekita ur-tanta bat aurkitu dugu itsasoan. Baina oraindik zenbait hektareako hiri osoa dago deskubritzeko».