NAIZ

Arantxa Urretabizkaiak 111 Akademiaren Saria jaso du

Arantxa Urretabizkaia idazle eta kazetari donostiarrak jaso du aurten 111 Akademiaren Saria. Urteko literatura uztako lanik onenaren saria ‘Azken etxea’ eleberriak eman dio.

Arantxa Urretabizkaia, hunkituta, saria jasotzeko ekitaldian.
Arantxa Urretabizkaia, hunkituta, saria jasotzeko ekitaldian. (Jon URBE | FOKU)

Amasako Hika txakolindegian egindako ekitaldian jaso du Arantxa Urretabizkaia idazle eta kazetari donostiarrak 111 Akademiaren Saria. Sariketa honetan, aipatu akademiako kide diren literatura zaleek urteko euskarazko literaturak eman duen lan onena hautatzea dute xede eta, aurtengoan, Urretabizkaiaren ‘Azken etxea’ izan da hautatua.

Zehazki, 114 akademiakidek hartu dute parte sariketan, urtarrila eta apirila bitartean burutako hiru bozketa txandetan. Urretabizkaiaren lanak Anjel Lertxundiren ‘Desertuan behatxuloa’ saiakera izan du lehiakide azken bueltan.

Epaimahaiak balioan jarri du egileak hasieratik aurkeztu dizkiola irakurleari oinarrizko pertsonaiak eta protagonista: azken etxea erostea erabaki duen emakumea. «Baina narrazioak aurrera egin ahala, idazleak zenbait errezel, bata bestearen ondotik, biltzen ditu ezusteko ikuspena agerian utziz, irakurlearen jakin-mina pizturik eustea erdietsiz, protagonistaren inguruan misterio gandu bat hedatuz eta haren jomuga azalduz». Horrez gainera, Urretabizkaiak elkarrizketarik gabeko kontakizuna osatu duela ere aipatu dute, «baina horrek ez dio irakurleari trabarik egingo narrazioaz gozatzeko, egilearen maisutasunari esker».

Hogeita zazpigarren edizioa du aurtengoa Euskal Herriko irakurleek ematen duten sari honek. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena (gerora 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal irakurleari literaturaren plazan hitza eta protagonismoa eman asmoz. Azken edizioetan, Eider Rodriguezen ‘Eraikuntzarako materiala’, Pello Lizarralderen ‘Argiantza’ eta Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’ obrek eskuratu dute saria.