Andoni Arabaolaza

Everesten gainbehera ekarri dute espedizio komertzialek

Espedizio komertzialen enpresak munduko mendi garaienean lanean hasi zirenetik, inoizko emaitza kezkagarrienak eman dira. Hamazazpi hildako izateaz gain, zabor izugarria pilatu da mendiaren kanpaleku nagusian zein magaletan.

Himalaiako udaberriko edo montzoi aurreko denboraldia amaitu berri da, eta, azken urteotan gertatzen den bezala, Everesten foku guztiak jarri dira. Beste behin, benetako alpinismoarekin (kasu batzuk salbu) loturarik ez duten informazio asko egon da. Eta horrek, egun, ez du inor ezustekoan harrapatzen.

Espedizio komertzialek munduko mendi garaienean muturra sartu zutenetik, Everest erabat aldatu da. Tira, zehaztu behar dugu eragile horiek mendiaren irudia aldatu egin dutela. Argazkiak errepikatu dira: ilara luzeak, ikara ematen dute hildakoen kopurua, oxigeno botilen zein helikopteroen neurri gabeko erabilera, zabor pilaketa handia…

Eta berriro ere egoera horren aurrean batzuk ahotsa altxatu eta hondamen horren aurka neurriak har ditzaten eskatu dute. Amaitu berri den denboraldiak utzi dituen emaitza itsusienen artean, hildakoen kopuruari azpimarra jarri zaio: Everesteko aldatsetan 17 mendizale zendu dira. Ez da errekorra izan, baina gertu ibili da.

Gai honen inguruan, Alpenglow Expedition agentziako sortzaile Adrian Ballinger-ek dio industria horrek ezin duela zenbaki horiek ametitu: «Operadore batzuek gutxiesten dituzte langileen eta bezeroen bizitzak. Eta hori salatu behar da. Argi dut tragedia horiek saihestu daitezkeela».  

Hamazazpi hildako asko direla inork ez du zalantzan jartzen. Galdera mahai gainean jarri dute: zeren ondorioz hil dira? Gai horren inguruan eztabaida dago. Everesten egon diren eskarmentu handiko mendizale batzuek diote eguraldi baldintza egokiak iragarri zirela gailur egunerako, baina hotzak eta haizeak soka finkora lotuta zeuden dozenaka mendizale ezustean harrapatu zituztela. Batez ere, hegoaldeko lepotik aurrera. Eta hain zuzen ere, ilara horietan zeuden mendizaleek prestakuntza oso eskasa zuten.

Nepalek, berriz, dio klima aldaketa izan dela “errudun” nagusia. Yuba Raj Khatiwadak, hots, Turismo Saileko zuzendariak honako hau esan du: «Denboraldi honetan klima ez da alde egon; oso aldakorra izan da. Klima aldaketaren ondorioa da, eta horrek mendietan erabateko eragina du».

Bestelako iritzia dute Everesten egon berri den Guillaume Vallot alpinista zailduak: «Xerpa bana aurretik eta atzetik dituzunean, ez dago arazorik. Baina bakarrik aurkitzen zarenean, egoera irauli egiten da eta babesgabe zaude. Gailurreko bidean ilaran zeuden bezeroek ez zuten piolet bat bera ere eskuetan!».

Klima aldaketa, Everesten ezarri den joera ekonomikoa, eskarmenturik gabeko gidariak eta mendizaleak… Antza denez, eite horiek guztiak zaku berean daude. Hildakoez gain, mendizale eta langile askok izozteak izan dituzte. Horren ondorioz, erreskateak ugaritu dira. Guy Cotter gidariak, adibidez, onartu du denboraldi oso hotza izan dela: «Inoiz bizi izan dudan hotzena. Eta hori baieztatzeko datu hau emango dut: duela 30 urte lanean hasi nintzenetik, lehen aldiz nire langile batzuek izozteak izan dituzte».

Hildako kopuruaz gain, azken urteotan protagonismo handia hartu duen helikopteroaren erabilera da beste izarra. Bezeroen segurtasuna “bermatzeko” egunero helikopteroek makina bat mendizale eramaten dituzte kanpaleku nagusitik bigarrenera. Egun, kanpaleku horrek lur-hartzeko bi plataforma ditu.

Zaborra

Helikopteroak aipatu ditugunez, aurreratu behar da kanpaleku nagusietan pilatzen den zakarra jaitsi ordez, oso nekatuta dauden mendizaleak erreskatatzen dituztela. Azken urteotan, hainbat eragilek (agintariak, mendizale nepaldarrak eta erakundeak tarteko) dirulaguntzen premia aldarrikatu dute munduko mendi garaiena garbitzeko. Garbiketa lan horiek egiteko dirua jaso bada ere, zortzimilakoen informazioan aditua den Alan Arnettek bere buruari galdetu dio ea non dagoen diru hori: «Jaso dute, baina ez dakit non dagoen. Gogoratu behar da Sagarmathako kutsadura kontrolatzeko indarrean dagoen erakundeak mendizale bakoitzari zerga ezartzen diola hondakinen kudeaketa finantziatzeko».

Zaborra nonahi ikusi da Everesten. Laugarren kanpalekuan hartu diren irudiak oso adierazgarriak dira, baita Khumbuko glaziarrean altxatzen den oinarrizko kanpalekukoak ere. Eman diren baimenen errekorrari (478) esker, 3.000 lagun elkartu dira kanpaleku horretan. Thamserku Trekking agentziaren zuzendari Lhakpa Sonam-ek zera aipatu du: «Mendizaleen gorotza eta pixa ez dira ondo gestionatzen. Eta hori guztia Everesteko ingurumenarentzat zein ibarretan bizi diren herritarrentzat mehatxu handia da. Izan ere, pixa eta gorotza Dudhkosi ibaira iristen dira. Luxuzko karpa erraldoiak altxatzeko egiten diren zuloek ere kezkatzen gaituzte. Ez badugu ezer egiten, hamar urteren buruan kanpaleku nagusia desagertuko da. Nepalgo gobernuak neurri zehatzak hartu behar ditu; besteak beste, baimen kopurua mugatu».

Bestalde, agentzia komertzialen artean nolabaiteko gerra piztu da. Urte asko daramatzaten talde batzuek gogor salatu dituzte merkeagoak diren operadoreen jarrerak. Cotter gidariak baieztatu du low cost-ean oinarritzen diren agentzia horiek oso jarrera desegokiak izaten ari direla: «Egitura eta logistika eskasa dutenez, kanpalekuetan uzten dugun tresneria lapurtzen digute. Hori gertatu zait laugarren kanpalekuan. Espedizioa antolatzen duen buruzagiak gai honetan ardura handia du egoera horiek gerta ez daitezen. Agentzien artean ezberdintasun asko daude; merkeagoak diren Nepalgo batzuk ez dira txarrak, baina xerpa bat dolar pilo bat patrikan duen mendebaldeko bezero batekin bakarrik aurkitzen denean, kosta egiten zaio esatea gailurra zapaltzeko asmoa burutik kendu eta atzera egin behar duela».

Bien bitartean, aipatu ditugun 478 baimen horien inguruan batzuek aurreratu zuten jendetza pilatuko zela gailurraren ingurumarian. Ohikoak diren ilarak berriro ikusi dira, baina Everest eskalatu dutenen kopurua ez da hain ikusgarria. Iturri ez ofizialek diote 600 igoera izan direla; erdia baino pixka bat gehiago mendiko langileek eta gidari nepaldarrek sinatu dituzte. Hortaz, duela lau urte izan zen errekorretik urrun geratu dira; 2019. urtean 876 gailur izan ziren.

Bide batez aipatu behar dugu 600 horietatik bi bakarrik oxigeno gehigarria erabili gabe igo direla. Sajid Sadpara pakistandarra eta Mateo Isaza kolonbiarra izan dira protagonistak.

“Neurriak eta neurriak”, lema hori aldarrikatzeko gero eta ahots gehiago altxatzen ari dira. Duela urte batzuk eskatu zen Everest igotzeko baimena eskatzen duenak garaiera handian eskarmentua izan behar duela. Txinak, adibidez, gai hori indarrean du; mendizaleari gutxienez bere kurrikulumean zortzimilako bat edukitzea exijitzen dio. Baimenak mugatu eta osasun agiriak indarrean jar daitezen ere eskatzen da. Baina horrek guztiak diru-sarreretan eragina du, eta, badirudi Nepal ez dagoela prest neurri horiek hartzeko.