Naroa Apaolaza

‘Kristalezko begi bat’ etenik gabe lau haizeetara zabaldua, Klasikoen Irakurketan

Etenik gabeko Klasikoen Irakurketaren XVI. edizioan Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren ‘Kristalezko begi bat’ liburua izan da protagonista. Goiz osoan zehar 200 pertsona ezberdin Bilboko Arriaga Antzokira hurreratu dira eleberri honen pasarte txiki bana irakurtzeko.

Oihane Ozaeta NAIZ Irratiko kidea, irakurraldian.
Oihane Ozaeta NAIZ Irratiko kidea, irakurraldian. (Marisol Ramirez | FOKU)

Miren Agur Meabe idazleak eman dio hasiera goizeko 8.00etan etenik gabeko irakurraldiari. Bere atzetik, 200 pertsona inguru pasa dira Arriaga Antzokiko foyerreko atriletik ‘Kristalezko begi bat’ liburuaren pasarte txiki bana irakurtzeko, klasikoari esangura berezi bat emanez. Mundu osoko euskal etxeetako kideek ere, diasporatik, ekitaldian parte izateko aukera izan dute.

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatu du aurten ere klasikoen irakurraldiaren XVI. edizioa. Antzokian zehar Zazpi Kaleetako euskaltegiko kideak handik hona ibili dira irakurleei harrera egiteko eta ekitaldia zuzentzeko. Aurtengoa urte berezia da Bilbo Zaharreko kideentzat, euskaltegiaren 50. urteurrena baita.

Miren Agur Meaberen liburua sentimenduz beteriko liburua da, ‘euskarazko literaturaren feminizazioa’ izendatu duten fenomenoaren adibide bezala sailkatu daitekeena. Edizio honetan ‘Kristalezko begi bat’ aukeratu dute emakumeak omentzeko; hain zuzen ere, euskal literaturari begirada berriak eskaintzea lortu duten horiek. Idazlea goiz osoan aritu da antzokitik irakurleak emozio handiz entzunez eta giroaz gozatuz.

Bilbotarrek ekitaldia zuzenean jarraitzeko aukera izan dute Arriaga Antzokiko kanpoaldean ezarri duten pantaila erraldoiaren bitartez. Bertatik igaro direnak kuriositate handiz begirada bat botatzen zioten pantailari. Eguraldi onari esker, asko kanpoaldeko eskaileratan eseri dira irakurraldia patxadaz jarraitzeko. Sasoi honetan Bilbo ezagutzera etorri diren turista asko ere harrituta geratu dira lekuko giroarekin.

Bitartean, barrualdean, segidan zetorren pasartea irakurri behar zutenen artean urduritasuna nabari zitekeen. Azken minutuetan aurrean zuten papera berrirakurri eta bere buruan pasartea entseatzen aritu dira antzokiko lehen pisuko eserlekuetan jesarrita. Bertan, kameraz inguraturik, pasartea irakurri eta amaitzean irribarre txiki bat botatzen zuten irakurleek, aurreko momentuko urduritasunaren arrastorik gabe.

Asko izan dira atriletik pasa direnak; Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Aldundiko langileak, kazetariak –tartean NAIZ Irratiko Oihane Ozaeta–, euskal idazle eta bertsolariak, artistak eta Bilboko institutuetako eta Bilbo Zaharreko ikasle eta irakasleak, besteak beste. Aurpegi ezagun askok Meaberen liburuari ahotsa eman diote, irakurritako pasartea neurri batean bere eginez.

Elkarlana da ekitaldiaren oinarria, elkarlanak jendea batu egiten duelako. Bide beretik, hainbeste jende Arriaga Antzokian batu duena euskara da, euskal literatura. Miren Agur Meaberen hitzetan hizkuntza herriaren arima da eta ostegun honetako ekitaldia horren adierazgarri izan da.