NAIZ

Euskadi Irratiak udako programazioan murrizketak egitea gaitzetsi du langile batzordeak

Jakinarazi dutenez, uztailaren 3tik irailaren 3ra, Euskadi Irratiak ez du gaueko albiste emankizunik eskainiko, 01:00-04:00 bitartean. Astelehenetik ostiralera, 14:00etako eta 19:00etako albistegien iraupena murriztuko da eta baita asteburuko albistegien iraupena ere.

Sede de EITB en Bilbo.
Sede de EITB en Bilbo. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Miramongo Euskadi Irratiko langile batzordeak eta erredakzio kontseiluak irratiak udako programazioan murrizketak egiteko zuzendaritzaren erabakia eta «erabilitako irizpideak» gaitzestsi ditu ohar baten bidez. «Zuzendaritzak aurrekaririk gabeko erabakiak hartu ditu, alde bakarrez», jakinarazi dute.

Baieztatu dutenez, uztailaren 3tik irailaren 3ra, Euskadi Irratiak ez du gaueko albiste emankizunik eskainiko, 01:00-04:00 bitartean. Astelehenetik ostiralera, 14:00etako eta 19:00etako albistegien iraupena murriztuko da eta baita asteburuko albistegien iraupena ere. Eguerdiko kultura albistegiaren bigarren emisioa eskainiko da arratsaldez. «Zuzendaritzak plantillaren kontratazio mugei eta erredakzioko barne antolaketari egotzi die programazio murrizketa», adierazten du oharrak.

«Gaueko albistegi laburrei dagokienez, nabarmendu nahi dugu Euskadi Irratiaren trinkotzean eta euskararen normalizazioan ezinbesteko urratsa izan zela, duela lau hamarkada, euskal gizarteari 24 orduko euskarazko informazio-zerbitzua eskaintzea», azpimarratu dute langileek. Zentzu berean, eskaintzen duten zerbitzua defendatu dute. «Irrati publiko, jeneralista eta euskaldun bakarra garen heinean, nahitaez behar dugu orduz orduko informazio-zerbitzua, baita gauez ere, eta zuzendaritzaren erabakiak helburu horretan atzera egitea dakar».

Erredakzioak egingo duen lanean izango dituen ondorioak ere aipatu dituzte. «Erredakzioaren barnefuntzionamenduan oinarrizko egitekoa dute albiste emankizun laburrek eta neurriak etena dakar informazioaren katean zein lan produkzioan, batez ere asteburuetan. Hartutako erabaki horiek beste urrats bat dira azken urteetan irratiak jasan duen murrizketen eta zeregin aldaketen bidean. Eta deigarria da eskaintzaren prekarizazioak bat egitea inoiz lortutako audientzia emaitzarik onenekin».

Hori-dela eta, zerbitzuari «eustea» eskatu diote zuzendaritzari. «40 urteko eskarmentuak erakutsi digu behin galtzen duguna ez dela sekula berreskuratzen. Ondorioz, zuzendaritzari zein EITBren Administrazio Kontseiluari 24 orduko informazio zerbitzuari eustea eskatzen diogu, zein beste edozein programazio ez murrizteko behar den plantilla bermatzea. Oinarrizko zerbitzuari eutsi eta hura handitzea bateragarria da Euskadi Irratiak dituen eginkizun, erronka eta birmoldatze-premia berriekin».