Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

Frontenis edo pala motza, zintzo jokatu edo etxekalte

Udaletako, aldundietako eta Nafarroako Parlamentuko eserlekuak banatuta daude 2027ra arte, baina lau urte hauetarako jokaleku politikoa -benetan ziklo berria izango al da?- ez da uztailaren 23ko gauera arte irudikatuko. Edo geroago, Pedro Sanchezen apustuak porrot eginez gero, PSOEk norantz jotzen duen ikusi beharko delako. Nafarroan beste inon baino lehen ikusaraziko luke, Espainiako Gobernua Nafarroakoaren ondoren zehaztu beharko baita.

Etxeko lanak eginda iritsiko da EH Bildu ataka horretara, ekainean oso nota ona lortuta. Duela bost urteko gainbehera (neurri batean, 2011n irekitako garai berrira egokitzeko zailtasun logikoaren ondorioa) gainditzen asmatu du. Gazteen abstentzioaren arriskua ere garaitu du. Nafarroan, Araban eta Bizkaian sendotu da, eta Gipuzkoan EAJri aurrea hartu dio.

M28ko emaitzak baieztatu duenez, bere jatorrizko sektore politikoak ez ezik boto-emaileen segmentu berriek ere ulertu eta babesten dute EH Bilduren estrategia. Kongresu eta Senatuan garatutakoa barne, eta garrantzitsua da hori, espainiar gobernagarritasunean konpromiso batzuk hartzeak zenbait kontraesan ekar ziezazkiokeelako. Ez da gertatu, euskal gizartearen gehiengoak argi duelako erronka nagusia garai honetan eta munduaren zati honetan olatu erreakzionarioa geldiaraztea dela, Trumpengandik Melonirengana, Bolsonarorengandik Feijoo-Ayuso-Abascalengana.

Hortik aurrera, jakina, Estatuko uztailaren 23ko emaitza ez dago bere esku. Baina ezkerreko independentismoa lasai joango da hauteskundeetara, ondoren sor daitekeen agertoki bakar bat ere ezezaguna izango ez zaiolakoan. Orain arteko gehiengoa berretsi ezkero, Madrilgo paretaren aurrean frontenisean jokatzen jarraitu ahal izango du, erraketa eskuan eta erritmo erosoagoaz. Eskuinak irabazi eta larruzko pilota hautatzen badu, giharrak eta tresnak ere baditu erronka horri aurre egiteko, kaskoa buruan eta pala eskuan. Partida gogorragoetan jardun du eta krisialditik aukera berriak urratzeko gaitasuna izango du.

Horrelako historia luzea atzean izanda, EAJri ere perspektiba eta lasaitasuna ez litzaizkioke falta beharko, baina maiatzaren 28ko emaitza txarrak antsietate-erasoa eragin dio, PSErekin egindako akordio orokor eskasean islatzen dena. Urduritasunak argitasun faltarekin du zerikusia, izan ere, indefinizioa lehenagotik dator. Bere buruzagiek hilabeteak daramatzate «Sanchez edo Feijoo» galdera sinpleari erantzun garbirik eman gabe. Oso adierazgarria da hori.

Aitor Esteban PPrekin trapitxeo-garaiak errepikatzeko prest dagoela dirudi. Gogoratuko duzue: «Si me quieres Mariano, da meños leña y más grano», eta horrelakoak, duela ez urte asko. Baina PP hori Ayusorena da gaur egun, eta Vox izango du ondoan, nahiz eta Andoni Ortuzar hipotesi faltsua planteatzen ari den: ultraeskuina alde batera utziko duen gehiengo eskuindar zibilizatu demokrata bat egon daitekeela.

Harrigarria da pentsatzea 2023ko euskal gizarteak akordio horri babesa emango liokeela, eskubide sozialen, berdintasunaren, Euskal Herriaren eta euskararen aurkako eraso etengabea baino ezin dezakeelako ekarri. Bide horretan EAJk ez du uztarik bilduko Feijoorekin, gehiago ustelduko da. EH Bildurena baino kinka larriagoan daude jelkideak, sakonagoa da beren hautua: beren larrua salbatu nahian etxekalte? •