Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Joseba Intxausti: Euskararen modernizazioaren alde; etenik gabeko lana bizitzaren ardatz

Herrigintzan egindako ahalegin eskerga erabakigarria izan da euskarari hauspoa emateko. Euren izena Euskal Herriaren historian letra handiz idatzi duten kulturgileez osatutako belaunaldi bat desagertuz doa. Atzo izan genuen Joseba Intxaustiren heriotzaren berri.

Joseba Intxausti, 2018an GARAri eskainitako elkarrizketan.
Joseba Intxausti, 2018an GARAri eskainitako elkarrizketan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Joseba Intxaustik azken hatsa eman du, 87 urte zituela. Historialaria, ‘Jakin’ aldizkariko zuzendaria eta euskaltzaina... segurarrak gure hizkuntzaren alde egindako lan isil eta etengabea utzi du ondare.

«Jakin Talde Historikoko kidea, historialaria, UZEIren sortzailea, euskararen historia sozialaren ikertzaile aitzindaria, euskararen batasunaren eta modernizazioaren eragilea eta euskaltzaina; bidegile bat». Hala izan zuen gogoan Lorea Agirre Jakineko zuzendariak.

Bat etorri zen Maddalen Iriarte EH Bilduko ordezkaria: «Bidegilea eta herrigilea. Gure herriaren, hizkuntzaren eta kulturaren berpizkundean funtsezko ekarpena egindakoa», goraipatu zuen sare sozialetan.

1936an jaio zen. Arantzazun egin zituen eliz ikasketak, eta Historian lizentziatu zen gero Bartzelonako Unibertsitatean, 1969an. ‘Euskal Herria’ lan entziklopedikoa zuzendu eta koordinatu zuen 1984-1985ean, Ikastolen Artxibo Historikoaren proiektuaren zuzendari-sortzailea izan zen, eta Bidegileak bildumaren ardura ere izan zuen. Batez ere bi arlori eskaini dio bere jarduna, euskararen historia sozialari eta Euskal Herriko historia erlijiosoari.

Obra digitalizatua

Guztira, Intxaustik sei hamarkadatan argitaratutako 500 dokumentu eta 11.600 orrialdetik gora ditu sareratuta Jakin Taldeak, bere obra osoa. Ia 400 artikulu argitaratu ditu guztira, eta 37 liburu kaleratu. Beste ehundik gora liburutan parte hartu du.

1956an jaio zen ‘Jakin’. 1958an hasi zen zuzendaritzan Joseba Intxausti, Kepa Enbeitarekin batera. «Oso urte gutxi igaro ziren, baina Jakin-en barruan bigarren belaunaldiko kide bezala sentitu ginen. Ikusi genuen lehenengo belaunaldi hark gehiegi begiratzen ziola gerrari. Orixe oso maitatua zen, lehenengo maisua, eta guk hori zalantzan jarri genuen. Berekin harremana bagenuen, baina iritzietan ez gentozen bat. Zortea izan genuen, zeren Euskaltzaindiak 1959an argitaratu zuen agiria, euskarazko hitzak, hiztegia bera, zeintzuk ziren argituz. Kontu egin behar duzu garbizalekeria gerra aurretik zetorrela, Sabino Aranak-eta diseinatu zuten proiektuaren barruan. ‘Euskaldunok jatortasun osoz erabilitako terminologia eta hiztegia euskararenak dira eta ez zaizkio euskarari ukatu behar’, adierazi zuen Euskaltzaindiak», kontatu zuen.

Gerra ondoko lehenengo bilera publikoa urte hartan bertan egin zuen Euskaltzaindiak Arantzazun. «Horren arrimuan, gerra ondoko umeek hartu zuten beren esku hizkuntzaren kulturgintza fase berria», gogoratu zuen, GARAri 2018an eskainitako elkarrizketan.

1964ko Baionako Biltzarrean parte hartu zuen, Jakin aldizkariko ordezkari bezala. «Monzonek eta Txillardegik antolatutako bilerara joan nintzen. Ni mandataria nintzen. Jakin-ek, urteroko bileren bitartez, egina zuen sare soziala. Seminarioetatik zetozen gazteak ziren, gerra pertsonalki ezagutu gabeak, eta premia bertsuak zituztenak euskararen kulturgintza egin ahal izateko. Horrek batasuna sortu zuen eta bilerek beren emaitzak eman zituzten, proposamenak egin ere bai. Haien berri Baionan bildutakoei ematea zen nik jasotako mandatua. Ni ez nintzen ezeren protagonista. Arantzazun egin genituen bileren ondoren, batasunaren asmo batzuk diseinatuta zeuden. Eta ez hori bakarrik, Euskaltzaindia 1959tik aurrera jada bideratzen ari zen irizpideak jaso eta geureganatu egin genituen», kontatu zuen. Aldiz, 1968an Arantzazun egindako bilkura erabakigarrian ez zen izan.

Bartzelonan zen bitartean, 1964tik 1970era, talde batek eraman zuen Jakin. Torrealdaik 1967an hartu zuen zuzendaritza, harik eta aldizkaria debekatu zuten arte, 1968-69an. «Gero, itzultzean, tokatu zitzaidan Jakin-en zuzendaritza berriro hartzea. Zer egin? Legea errespetatuz formula bat aurkitu ala baimena lortzen saiatu. Baina baimena eskuratzeko saiakerek ez zuten fruiturik eman. Hortaz, lankidetzan egindako liburua osatzea erabaki genuen. Horrek balio izan zigun –eta oso garrantzitsua izan zen gerorako– orduan frantziskotarrak ginen denok elkarrekin lanean hasteko, eta fraide munduan Jakin-en inguruko taldeari nortasuna emateko. Elkarrekin bizi izan ginen idazle etxean. Gero, batzuek frantziskotar segitu zuten, beste batzuek ez, baina denak ere euskalgintzan aritu ziren, eta elkarrekin; fenomeno bitxia da», zioen.

Garai zailak

Euskara batuaren alde jarri zen aldizkari bakarra izan zen Jakin, eta garai zailak bizi izan zituzten. Izan zen kiderik baja eman zuena, mehatxuak ere izan ziren tartean... «Euskara batua eliz jendearen artean sortu zen, baina ez haien artean bakarrik. Oso beharrezkoa izan zen eliz mundutik kanpokoen ahalegina, ikastolena edo kazetaritzarena. Hauek ez dira Elizarenak, nahiz askotan Elizaren babes juridikoa behar izan zuten lanean jarraitu ahal izateko. Jakin ez zen izan, inondik inora, batasunaren aldeko indar bakarra, baina batasunaren kontua bazetorren eta horren inguruko eztabaidak bete-betean harrapatu gintuen».

Jakin Taldeko kide bezala –Joan Mari Torrealdai eta Paulo Agirrebaltzategirekin batera, Joxe Azurmendi ezin izan zen bertan izan–, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuen 2018an. Segurarraz, «gure historiaren eta euskalgintzaren alde bizitza osoan» jardun izana nabarmendu zuen atzo Eider Mendoza diputatu nagusiak.

Belaunaldia

Euskarari hauspoa eman dion belaunaldiko kide da, beste hainbatekin. «Euskarari dena eman dion belaunaldi oso bat joaten ari zaigu», egin zuen gogoeta, EH Bildu koalizio subiranistako kiden Pernando Barrenak.

Bai Elizarekin, bai agintari politikoekin kritikoa zen. Ahoan ez zuen bilorik Intxaustik. Sutsuki defendatu zuen euskara, kemen bera erakusten zuen hizketan. «Gure agintari klaseak ez du gure hizkuntza serio hartu. Hartu duen bakarra Eliza izan da-eta! Zatika, denbora baterako, eta zeregin mugatu batzuetarako bakarrik egin dute. Agintaritza horrek ez du behar bezala kontuan hartu. Eta gero, kanpotik etorri dira erasoak, larriagoak, noski, eta mintzatzaile ahulari zuzen-zuzenean egin diote eraso. Fernando III.ak, 1239an, Errioxako euskaldunei beren prozedura judizialetan euskaraz egiteko eskubidea aitortu zien. Non zegoen, horren ondoren, hemen bertako gure agintari aberats klase indartsua? Ez zuen erantzun. Oso zaila da herri baten askapena pobreekin bakarrik lortzea. Pobreak normalean galtzaileak dira. Orduan herrietan ahotsik egon balitz erregeari hala esango ziona: ‘euskaraz nahi ditugu zure dokumentuak, herritarrek hobeto uler dezaten’...», adierazi zuen.

Frantziskotarra izanak ordena utzi zuen gero. Elizaren jarrera euskararen aurrean nola bizi izan zuen galdetuta, hauxe erantzuna: «Oso kritikoa naiz Eliza Erromatarrak egin duen hizkuntz politikarekin. Baina esan behar dut gainerako guztien aurretik egon zela Eliza, doktrinak argitaratzen, eta abar... Halere, ez aski. Gustatuko litzaidake ekialdeko eliza kristauek egin zuten politika hemen Erromako Elizak baliatu balu. Baina horrelakorik ez zen egon. (...) Elizaren barruan, euskaltzaleak direnek estropezu egiten dute proposamen berrien aurrean. 60ko 70eko eta 80ko gure borroka izan da egon bazegoen tradizio mugatuaren eta sortu behar zen tradizio berriaren artekoa».

Euskara batuari hainbatek egotzitako ‘artifizialtasunaz’, hauxe esan zuen: «Hizkuntza guztiak dira naturalak eta artifizialak. Belaunaldi bakoitzak egiten du bere hizkuntza artifiziala. Eta horrek irauten baldin badu eta jendearen ahotara iristen bada, azkenean, naturala da. Hizkuntzak beti aldatuz doaz, batzuetan hobera eta besteetan txarrera. Ez aldatzea da hizkuntza baten kalamitaterik handiena».

Euskararen etorkizunaz kezkati zen. «Miraria daukagu. Penintsulako gainerako hizkuntzak III. eta IV. mendean desagertu ziren. Non geratu dira hizkuntza haiek? Historiatik dakarkigun karga gainetik kenduko dugula eta hizkuntzaren etorkizuna segurtatuta dagoela pentsatzea... ez dut ikusten hala denik, nahiz balorazio positibo guztia duen egindako lanak. Eta harrituta nago eta gozatuz nabil, egoera iraul dadin herrian zenbat ekimen egiten diren ikusita. Nahikoa al da? Ez dut uste», esan zuen.