Maite Ubiria

Mugimendu abertzalearen geroari buruzko inkestaren emaitzak plazaratu ditu Bagirak

2023 eta 2024ko Aberri Egunen artean mugimendu abertzalearen egungo eta etorkizuneko erronkei egokitzeko Bagirak plantan eman duen dinamika aurrera doa. 1.500 herritarrek erantzun duten inkestaren emaitzen berri eman dute, ostiral arratsaldean, Baionan eginiko agerraldian. 

Bagira dinamikaren batzorde eragileko kideak, azaroaren 3an, Baionan eginiko agerraldian.
Bagira dinamikaren batzorde eragileko kideak, azaroaren 3an, Baionan eginiko agerraldian. (Guillaume FAUVEAU)

Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga kari eginiko Aberri Egun arrakastatsuaren ostean Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak aitzina begira dituen erronken gainean inkestari bide eman zion Bagira dinamikak.

Udaberrian hasi eta uztail hondarrean luzatu zen galdeketa horrek utzitako irakaspen nagusiak plazaratu dituzte Bagirako kideek azaroaren 3an Baionan.

Lehenik eta behin, aipaturiko inkestan 1.500 lagunek parte hartu izana goraipatu dute Atalante zineman eginiko agerraldian parte hartu duten ordezkariek.

«Mugimendu abertzaleak elkartzeko eta gibeltasun eta gogoeta tarte baten hartzeko gaitasuna erakutsi du, oinarrizko gaien inguruan gogoetatzeko eta etorkizunerat baturik proiektatzeko», adierazi du, horren harira, Bagira prozesuaren gidaritza batzordeko kide den Txomin Povedak.

Erantzuleen profila anitza izan dela nabarmendu ostean, inkestaren emaitzek «mugimendu abertzaleak kohesio argia duela erronka handien inguruan» agerian jarri dutela azaldu du.

Oinarrizko adostasun maila altu hori azken urteotan Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak eremu zabalean jokatzeko erakutsi duen gaitasunarekin lotu dute inkestaren egileek.

Ildo beretik, dinamika horiei esker lortu diren behin-behineko antzinamenduek atxikimendu handia lortzen dutela agerian utzi du, haien esanetan, inkestak.

«Gatazkaren ondorioen konponbidean hozka bat gainditu dela Ipar Euskal Herriko presoen askatzearekin» defendatzen dute inkestan parte hartu duten herritarren gehiengo zabal batek.

Edonola ere, «gatazkaren konponbide integrala lortzeko bidean, inkestaren erantzuleek euskal preso politiko guztien askatzeko lehentasunezko helburu izaten jarraitzeko garrantzia azpimarratzen dute, baita arrazoi politikoen gainean lantzeko premia ere».

Abertzaletasunaren oinarri historikoak eta balore berriak

Abertzaletasunaren betiko oinarri historikoei atxikimendu maila handia erakusten diete, bestalde, inkesta bete duten herritarrek.

Betiere internet bidez zabaldu den galdeketa Ipar Euskal Herri mailan egin dela aintzat harturik, erantzuleen %87,5ak autodeterminazio eskubidea babesten du, %80,7k autonomia eta %68,3k independentzia.

Oinarri horiekin batera beste hainbat gai «ezkerreko abertzaletasunaren korpus ideologikoa aberastera» etorri dira azken urte hauetan.

Hala, «sozialismoari soilik ez ekologismoari eta feminismoari lotzen da abertzaletasuna».

Bestalde, inkestan parte hartu duten lagunentzat abertzaletasuna «aktibismo anitza eta eraldatzailearekin» bateragarria da.

«Engaimendu iraunkorra eta diskurtso eta praktika arteko koherentzia» dira balore gisara aipatzen diren beste ezaugarri nagusiak.

Autonomia estatus baten aldarrikapena

«Ekintza instituzionala gero eta inportanteagoa dela eta beste borroka moldeekin osagarria dela» pentsatzen du gehiengo batek.

Egungo egoeratik abiatuta, Euskal Hirigune Elkargoa indartzea eta bere bilakaera bultzatzea ezinbestekotzat jotzen dute galdetegiari erantzun dioten herritarrek.

«Estrategia anizkoitza defendatzen dute», lehenik eta behin gaur existitzen den erakundearentzat ahalik eta gaitasun mailarik altuena aldarrikatuz. Handik aurrera, «autonomia estatus berezia» hobesten dute Ipar Euskal Herriarentzat.

Era berean, Euskal Herri mailan «instituzio bati buruzko desmartxa berrabiatzea» aldarrikatzen dute.

Euskara, borroka sozialak, laborantzako lurren defentsa, etxebizitza, klima aldaketa. Horiek dira inkestan parte hartu dutenek zehaztu dituzten bost lan eremu nagusiak.

Izan ere, generoen arteko berdintasunare aldeko borroka edota belaunaldien berritzea eta gazte dinamikak sustatzea ere aipatzen dituzte erronka nagusien artean.

Bilerak herriz herri emaitzak partekatzeko

Ondoko asteetan Bagira dinamikak «trukaketa denborak» antolatuko ditu inkestaren emaitzen gainean eta, handik harago, mugimendu abertzaleak hartu beharreko norabideei buruz mintzatzeko eta adostasunak lantzeko.

Bagira prozesuaren gidaritza batzordeak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleko militante guztier gonbidapena luzatu die, Baionatik, bilera horietan parte hartzeko.

Bide batez, hainbat data zehaztu dituzte egutegian. Hala, lehen hitzordua azaroaren 7an, 19.00etan, eman dute Baionako Biltxoko elkartean.

Lartzabalen, Ortzaizen, Maulen, Senperen, Ziburun eta Donapaleun bilkurak antolatu ostean bira horri amaiera emanen diote abenduaren 7an, Uztaritzen.

Alta, egutegi horretan beste hitzordu garratzitsua nabarmendu dute: abenduaren 2an, Hazparnen Xuti Gazte-ren eskutik antolaturiko Gazte Eguna.

2024ko Aberri Eguna, Uztaritzen

Gazte Egunaren ostean, hurrengo hitzordu nagusia urtarrilaren 27an, larunbatarekin, iraganen da. Data horretan Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen jardunaldiak antolatuko ditu Bagirak.

Erran bezala, Bagira dinamika 2024ko Aberri Egun «herrikoi eta aldarrikatzaile batekin» amaituko da. Hitzordua 2024ko martxoaren 31n, igandearekin, Uztaritzen izanen da.