Maider Iantzi - Iraitz Mateo

Zortzi ikuspegi propio arratsalde kolektibo bat ontzeko prest

Finaleko zortzikotea, aurkezpen ekitaldian.
Finaleko zortzikotea, aurkezpen ekitaldian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Larunbat honetan jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Bilbon. Gogotsu daude zortzi finalistak, momentua bizi nahi dute gehienek eta oholtza gainean zein azpian ematen diren aldaketak argazkitik haratago ere sumatzea nahiko lukete.

 

OIHANA BARTRA ARENAS: «EZ NUEN PENTSATZEN HAIN POZIK EGONGO NINTZENIK FINALEAN KANTATZEKO»

Bilbo, 1984. Hamar aldiz hartu du parte Bizkaiko Txapelketan, lehenengoz 2014an kantatu zuen finalean, bigarren finala du gaurkoa.

Miribillako plaza ez da berria zuretzat. Zer moduzkoa izango da itzulera?

Oso pozik eta gogotsu nago finalerako, txapelketa hasiera pixka bat errezeloz hartu nuen, baina pixkanaka eman diot buelta gorputzaldiari eta orain gogotsu nago. Uste dut nahiko desberdina izango dela, aurreko finaletik jada ia hamar urte dira eta uste dut final honi beste modu batean egingo diodala aurre.

Orain arteko ibilbidean nola sentitu zara?

Laurdenetan asko sufritu nuen, asko-asko, saioan bertan nire buruarekin elkarrizketa itsusiak izan nituen. Aldiz, finalaurrekoan pila bat disfrutatu nuen, sekulako giroa egon zen, oholtzan oso talde polita geunden… Oso bestelako sentsazioa izan nuen Lemoan, gusturago eta aldarte hobearekin egon nintzen.

Nolakoa izan da prestaketa?

Aurten txapelketa bizi izan dut txapelketatik urrun, ez naiz saio batean ere egon, ez dut jarraitu. Nire burua txapelketaren beldurretik babestu nahian bezala egon naiz, sentitzen nuelako beldur moduko batekin nindoala txapelketara; agian horregatik lehenengo saioko sentsazio hori: berriro hemen, eta berriro sufritzen… Nire helburua aurtengoan ahalik eta gutxien eragitea zen, eta babesten eta distantzia hartzen aritu naiz horretarako. Beste batzuetan izan dudan aurretiazko sufrimendu hori gutxitu nahi nuen, eta pixka bat lortu dut: nahiz eta laurdenetan saioan sufritu nuen, aurreko asteak hobeto eraman ditut distantzia horri esker.

Posible da urruntzea?

Gero eta zailagoa da. Pixkanaka bola handitzen doa eta leku gehiagotan dago presente, jendeak ere galdetzen dizu... Zaila da distantzia hori hartzea.

Lemoako saioan gai sozialak eta Euskal Herrian lekututakoak izan ziren nagusi. Garrantzitsua da?

Niretzat hori da garrantzitsuena, gauza askori kantatu ahal diegu, baina niretzat behintzat bertsotan aritzearen funts handienetakoa gure kezkei kantatzea da, eta hausnarketa kolektibo batzuk egitea batzuetan oholtza gainean.

Azken finalaurrekoa zen, nolako plaza izan zen?

Gozada bat izan zen, sartu eta pasilloa egin eta oholtzara igotzerakoan sumatzen zen halako giro bat, sekulako animoak, aurpegi ezagun pila bat… Haizea alde nabaritu genuen hasieratik, eta batzuetan zaila izaten da sortzen diren espektatibei erantzutea;. Beti ez da horrela izaten, baina nik uste dut bertsotan ere asmatzen joan ginela pixkanaka eta giro horrek ere lagundu zuela saioa hobetzen, denon arteko zerbait izan zen, oso polita.

Finalean argazki berri bat, historikoa, gainera.

Oso pozgarria izan da, lehenengo aldiz emakume gehiago egongo gara oholtzan eta niretzako kantatzeko ere kristoren gozada izango da saioa, zortzikote ederra izango da. Lehenengoz horrelako argazki bat egotea oso inportantea da, eta oso polita aldi berean.

Etxean kantatuko duzu. Zer ematen dio Bilbori finala bertan egiteak?

Niretzat garrantzitsua da Bilbon izatea, beste momentu batzuetan bertso munduan hain presentzia handia ez daukan gune horretan egiteak ematen dio sinbolismo bat. Horrelako ekitaldi garrantzitsu bat euskaraz eta horrenbeste jende batuko duena Bilbora ekartzea inportantea da.

Zein aldarterekin igo nahiko zenuke oholtzara?

Momentuz daukadan sentimendua poza da, poz handia daukat, ez nuen pentsatzen hain pozik egongo nintzenik hemen kantatzeko. Poz hori hara eramatea eta han sentitzea nahiko nuke. Jendeak esaten didanean txapelketan “disfrutatu”, beti esaten diet ezetz, baina oraingoan banoa gozatzera, eta saio on bat egitera, noski, grina horrekin ere banoa. Momentuz poza da dudan sentimendurik handiena.

 

JONE URIA ALBIZURI: «‘TERRENAL’ BAINA IDEOLOGIKOTIK KANTATU NAHI NUKE, GOGOZ NAGO GAUZAK ESATEKO»

Algorta, 1990. 2008an parte hartu zuen lehen aldiz Bizkaiko Txapelketan, eta zazpigarren finala du. Azkenekoan, buruz burukoa jokatu zuen.

2021ean Bizkaiko Txapelketa, iaz Nagusia eta berriro Bizkaikoa, zer moduz daramazu txapelketen kateatze hau?

Lau urtero, hirutan txapelketa tokatzen zaigu Euskal Herrikoan sartzen garen bizkaitarroi behintzat, hau zikloko hirugarrena da, eta beti iristen gara apur bat nekatuago, txapelketan esposizio handiagoa jasanda ez zara hain fresko heltzen, baina aldi berean ‘rodaje’ handiagoarekin, ez zaitu hain sorpresan harrapatzen. Nire ziklo pertsonalean, duela bi urte Bizkaikoan oso pozik bukatu nuen, Euskal Herrikoan ez hainbeste, lanarekin gustura baina emaitzarekin ez hain pozik, eta bi horien memoriarekin harrapatzen nau honek.

Prestakuntza berezirik egin duzu?

Modu bereziren batean ez dudala prestatu esango nuke, azkenean astean pare bat aldiz elkartzen gara bertso eskolakoak, eta han entrenatu eta hortik kanpo buruak eramaten nauen lekuetara eramanda entrenatzen ari naiz, ez naiz beste munduko ezer egiten ari.

Santurtzin jokatutako finalaurreko hasierako agurrean, ebakuntza gela eta zesarea aipatu zenituen. Eragin dizu amatasunak?

Bizitzan gertatzen zaigun guztiak eragiten digu kanturako, ez nuke nahi gaizki aritzen banaiz aitzakia bat izatea. Bada jendea haurdunaldian edo erditze ostean memoriak ezberdin funtzionatzen diona edo kontzentratzea gehiago kostatzen zaiona, ez da nire kasua. Egia esan, gustura ari naiz bertso eskolan eta egin ditudan plazetan ez dut sentitu horrek burua beste norabait eraman didanik. Esperientziak eta esperientziak daude, erditzea erraza izan ez zen bezala, ostekoa nahiko erraz joan dela esango nuke, eta zentzu horretan niri ez dit suposatu ez fisikoki ez mentalki desgaste handi bat, beste kasu batzuetan suposatu dezakeena. Gustura ari naiz eta ez dit eragiten modu nabarmen batean, ez bada esperientzia metatutik.

Finalaurrekoa koska handi samarrarekin irabazi zenuen.

Saioan bertan eroso eta gustura aritu nintzen, zentzu horretan lasai eta pozik noa finalera nahiko nukeelako gorputzaldi horrekin berriz topo egin. Emaitzarekin agian ez nago hain ohituta, nik puntu sail handia izan nuen eta gero tarte handia egon zen. Batzuetan tarte oso handiak iruditzen zaizkigu 50-60 puntukoak, ohituta gaudelako dena 10 puntu baino gutxiagoan jokatzen, eta harrigarrienak 10 puntuko aldeak dira, enpate praktikoak direlako. Bertsoz bertso eta epailez epaile hasten bazara pentsatzen, 10 puntu ez dira ezer eta 50 ere ez dira horrenbeste, baina asko iruditzen zaigu. Hala ere, ez nuen horrelako alderik espero.

Buruz burukoa berriro dastatzeko gogoz?

Bai, noski. Inoiz probatu gabe nengoenean ere gogoa nuen buruz burukorako, nik uste dut hara goazen gehienok, ez bada denok buruz burukoan kantatzeko gogo handia izaten dugula. Nik jada probatuta dut eta gezurrik ez dut esango, berriro ere probatuko nuke, oso oroitzapen ona daukat eta horretarako motiboak ematen saiatuko naiz. Kontziente naiz, zaila izango da; orain arte ere kostatu zait sartzea, hortxe egon izan naiz urte batzuetan.

Zortzikoteari dagokionez, bost emakume eta erdal eremuko bi bertsolari.

Asko aipatu da bost emakumerena, uste dut lehenengo aldia dela historian emakume gehiago garena; gehituko nuke aurten gertatu dela baina nik sentsazioa dudala pasatu zitekeela lehenago ere. Poztekoa da behingoz gertatu izana. Finalean erdia baino gehiago garen bezala, finalaurrekoetan herena ginen, ematen du finalak dena konpontzen duela, baina finalaurrekoetan zazpi emakume ginen eta bost pasa gara finalera, horrek zerbait esaten du. Bestalde, nik askotan aipatzen dut erdal guneetako bertsolarion kontua, hartzen badituzu finalak edo plazan dabilen jendea, nahiz eta zazpi probintzia aldarrikatzen ditugun, geografikoki asko murrizten da. Pozten naiz Oihana sartu delako, bereziki euskaldun eta arnasgune ez diren lekuetako bi bertsolari gaudelako; hala ere, zortzitik bi ez da asko. Eta hor ere gauza bera, finalerdietan hiru geunden eta bi pasatu gara.

Zertarako gogoz zaude?

Gustatuko litzaidake lasai kantatzea eta lasai heltzea esateko modu ezberdin edo originalei. Kasu honetan bakarkakoak konkretuak izaten dira normalean, eta ez da egoten aukerarik norberak nahi duen gai bat plazaratzeko; hala ere, jardun nahi dut apur bat ‘terrenal’ baina ideologikotik kantatzen. Ez dadila izan estetika hutseko bertsoaldiak kantatzeko saio bat, batzuetan sentsazio hori izaten dut txapelketan. Gogoz nago gauzak esateko, ea aukerarik dudan.

 

XABAT GALLETEBEITIA ABAROA: «ESPERIENTZIA MODURA, ERRONKA PERTSONAL MODURA ETA IKUSKIZUN MODURA BIZI NAHI NUKE»

Lekeitio, 1986. Zazpigarren Bizkaiko Txapelketa du eta bosgarren finala.

Lehen finalaurrekoan kantatu zenuen, duela hilabete pasa. Nolakoa izan da itxaronaldia?

Niretzat berezia eta inoiz bizi gabeko modu bat izan da aurten tokatutakoa. Lehenago inoiz abestu izan dut lehenengo finalerdian, baina askotan puntuen zain edo beste finalerdi batzuetako emaitzen zain geratu behar izan naiz, eta aurten, egia esan, txapelketan hasi eta lehenengo finalerdian irabazteak ematen dizun lasaitasun horrekin. Lasairi jarri ahal zaizkion kakotx guztiekin, baina tarte hau oso ongi etorri zait mentalki, baita finala prestatzeko ere.

Berrizeko agurrean, zure bizitzan aldaketa batzuk izan direla aipatu zenuen, tartean, gurasotasuna. Zer aldatu du?

Guztia aldatu du, uztailean izan ginen guraso eta aldatzen dizu bizitza kasik: lehentasunen ordenak aldatzen ditu, etxeko egunerokotasuna... Aldaketa bezala kokatzen nuen txapelketa bera ere hasieratik. Izena eman nuenerako bagenekien ondo bidean guraso izanda eta lau bost hilabeteko umearekin egin beharko niola aurre txapelketari; nahi nuen aitatasunak eman didan leku berri horretatik ikusi txapelketan ea zer dudan esateko. Pertsonalki eman dudan aldaketa gehi etxean emandakoak bertsotan zer mugitzen zuen nigan, nire bertsokeran zer mugitzen zuen jakin nahi nuen.

Gaiei heltzeko posizio interesgarriak ikusi genituen Berrizen.

Azkenean, horrelako gertakari bat pasatzen denean zure bizitzan, buelta asko ematen dizkiozu buruari, eta zurrunbilo horretan aldatzen dira gure eskema mentalak eta gaiekiko dugun posizioa ere bai kontu askotan. Ez dut ezer bereziki prestatu, baina sumatzen dut inoiz baino argiago dudala zer esan nahi dudan; gai edo gatazka batzuen aurrean sentitzen dut badudala zer esana eta iritzi bat izan nahi dudala, eta ez bertsotara eramateko bakarrik. Gustatzen zait gaur egun mugitzen gaituzten gatazken eta bestelako kontuen inguruan hausnartzea eta beste batzuekin partekatzea.

Ez omen duzu edozerekin konformatu nahi.

Txapelketa hau gogotsu hartu dut hasieratik, baina erlatibizatzeko beharrizana izan dut, eta ez dut esango emaitzak ez didanik axola, baina agian bai inoizko gutxien. Horri kendu barik denbora asko eskaini diodala txapelketari, eta gogotsu nagoela. Baina nire lehentasunak aldatu dira, eta eragina du horrek txapelketan. Nire buruari baimendu nahi diot anbizio puntu bat txapelketarako. Izena emateak zama eta sakrifizio bat zekarren, eta bueltatu nahi diot nire buruari eta ingurukoei.

Bosgarren finala duzu, zu oholtzan zaudenetik eman dira zenbait aldaketa finaletan.

Ni egon naizenetik finalik ez da errepikatu, nahiz eta urte batzuetan egon den nukleo bat errepikatu dena. Uste dut Euskal Herri mailan ari direla aldaketak gertatzen, eta Bizkaian are modu adierazgarriago batean. Ni aldaketa horien tartean eroso sentitzen naiz, nahiz eta batzuetan deseroso egon aberasteko modura ulertu izan dut, pribilegiatu sentitzen naiz parte izateaz. Norberarentzat ere aukera handia da hori bizitzea eta aldaketa horien tartean ere norbera aldatzea beste gauzekin batera.

Aurtengo zortzikotean herrikide bat ere baduzu…

Ez dut esango aurreko finaletako zortzikoteekin ez nengoenik gustura eta pozik, baina egia da aurtengoak bereziki pozten nauela. Lemoako finalerdia bertan bizi izan nuen, nahiz eta erdia kanpoan entzungailuetatik jarraitu umearekin nintzelako. Saio osteko oroitzapen oso ona eramango dut txapelketatik, kasik nire saioarena baino gehiago hor bizi izan nuen momentuarena: Aissa finalean sartuko zela jakin nuen momentuarena, eta zortzikotea osatu zenekoa. Batzuk lagunak ditut, lagun handiak hainbat, beste batzuk aurtengo txapelketan gehiago ezagutzen ari naiz… Uste dut denek dugula elkarrekin ‘feeling’ ona. Kanpora begira uste dut ilusioa sortzen duela zortzikoteak, baina barrura begira ere uste dut badela pizgarri bat.

Zein aldarterekin iritsi nahiko zenuke oholtzara? Zertarako gogoz zaude?

Nahiko nuke Berrizera joan nintzen tenple eta konfiantza horrekin joan Bilbora. Momentuz mantentzen dut orduko energia, nahiz eta txapelketak faktura pasatzen duen eta amaitzeko gogoa ere badaukadan. Nahiko nuke konfiantza eta tenple horrekin joan. Jakinda asko espero dela zortzikote horretatik, jakinda agian ez dugula eskainiko jendeak espero duen saio borobila; baina horretarako ere prestatuta nago, azkenean, final bat da, lehiatzera ere bagoaz.

Finala esperientzia modura bizi nahiko nuke, erronka pertsonal modura, eta ikuskizun modura. Hiru dimentsio horietan, uste dut horretarako aukera ematen duela zortzikoteak zein arratsaldeak berak, eta nahiko nuke aipatutako hiru dimentsio horietan bizitzea.

 

NEREA IBARZABAL SALEGI: «BERTSO ORO EGON NAHI DUT BERTSO HORIEK KANTATZEN DITUEN GORPUTZEAN SARTUTA»

Markina-Xemein, 1994. Seigarren Bizkaiko Txapelketa, laugarren finala eta txapel bat.

Orain arteko txapelduna zara, finalera sartzeak arindu dizu zama?

Bai, lehen finalera sartzea opari bat zen eta orain nire buruari jartzen nion betebehar bat zen kasik. Eta bide horretatik finalaurrekoak bihurtu dira ez horrenbeste gozatzeko eta bai sufritzeko esparru. Behin helburu hori beteta nik uste dut finala exijentea eta luzea dela, baina langa bat pasatzera baino zerbait ematera joateko aukera gehiago ditudala, ni behintzat libreago sentitzen naiz.

Finalaurrekoan ganbarako borobila egin zenuen, zure ariketa gustukoena da?

Uste dut baietz, uste dut hobeto kontzentratzen naizela bakarkako ariketetan, erabaki denak zure gain daudelako; ni libreago sentitzen naiz, eta sentitzen dut inor ez dudala kaltetzen bide horretan, eta beharbada hor aitortzen diot neure buruari askatasun gehiago ofizioetan baino; ofizioa elkarrizketa bat da, eta erabakiak elkarrekin inprobisatzea oso zaila da beti. Lemoako kasuan gainera, gaia entzun eta berehala bide hori okurritzen zitzaidan maiuskulekin, beharbada gertutik eta pertsonalki ere pasatu dudalako antzerako prozesu bat, uste dut emakume askok janariarekin harreman gatazkatsu hori badugula.

Zazpitik bostek kantatu zenieten elikadurarekin izandako harreman gatazkatsuei.

Hori ere ederra izan zen, Ibaik ere antsietatez jatearen bidea hartzea, ez zedin genero marka bat besterik izan. Uste dut emozio asko kudeatzen ditugula elikaduraren bitartez bakoitzak ahal duen moduan, eta argazki esanguratsu bat izan zen.

Poz kolektibo bat gailendu zen ondoren.

Momentu oso zoro eta oso eder bezala gogoratzen dut, argazki bat betiko iltzatuta geratuko dena, ekipo horren argazki hori. Ordura arte negarrari eusten egon nintzen eta Aissa esan zutenean jada ezin nion emozioari eutsi, Josunerekin ere berdina sentituko nukeen. Ze ondo hain saio ona egin dugula eta eztabaidaezina dela emaitza hau.

Aldatu da finaleko argazkia.

Bizkai barruko lurraldetasunean, generoan.. prisma horiei beti begiratzen diegu eta nik sentsazioa dut lan asko egin dela gai hauetako bakoitza sendotzeko, eta azkenean, zorionez, islatu egiten direla horrelako emaitzak. Argazki hau guganaino iritsi da aurretik beste batzuek, eta tartean Onintzak berak, bere belaunaldiak eta aurrekoek, askoz horma gogorragoen kontra tope egin izanagatik, baina hor eutsi izanagatik halere. Horregatik heldu gara gu honaino.

Zoragarria da argazki hau, eta aurrerantzean ere aldatzen jarraituko du beste zentzu batzuetan, eta agian ez ditugu aldaketak aipatu behar izango. Baina nik uste dut beti aipatu beharko ditugula, beti faltako direlako gorputzak, diskurtsoak… euskalgintzari falta zaizkion eta irabazi behar dituen lur horiek denak irabazi behar dituelako bertsolaritzak ere.

Bertsozalea gogotsu dago?

Nik hala pertzibitzen dut. Urtero sentitzen dugu, nik uste dut bertsozaleak beti erantzuten diola ondo txapelketari, eta ni pertsonalki horrek lotzen nau txapelketara. Txapelketa bestela maila pertsonalean oso exijentea da buruz eta osasunez, eta nolabait konpromisoa da bertsozaleari urtean behin espektakulu masibo eta eder bat eskaintzearena, eta poz horren parte izatearen gogoak lotzen nau ni behintzat. Urtero sartzen diren izen berriek ekartzen dute beren publikoa, ekartzen dituzte bere diskurtsoa, giroa eta gaiak hartzeko modua; beti da berria eta beti da harrigarria. Gero plazaz plaza ere bada, baina txapelketa beti da argazkirik handiena eta hor sortzen diren emozioak ere biderkatuta sentitzen dira.

Larunbaterako helbururik?

Gogoz nahiko nuke hor egon, bertso oro egon nahi dut bertso horiek kantatzen dituen gorputzean sartuta. Uste dut azken urteetan ikasi dudala kantatzen pilotu automatikoarekin batzuetan, eta hor ez duzu bertsoa berdin sentitzen eta ez da berdin iritsarazten, urduritasunarekin batzuetan oso erraza da pilotu automatikoa jartzea eta ez konektatzea bihotzez eta tripaz esaten ari zarenarekin. Nahiko nuke une oro hor egon, eta ahalko balitz berriro buruz burukoa jokatu, hori ere oso pozik egingo genuke. Eta ez nuke nahi ahal dela errazkerietan ibili, nahiz eta batzuetan ez dagoen beste erremediorik.

 

ONINTZA ENBEITA MAGUREGI: «ORAIN DISFRUTATZEN DUDAN MODUAN EZ NUEN DISFRUTATZEN 30 URTEREKIN»

Muxikan sortu zen, 1979an. Lehenengoz 2006an probatu zuen Bizkaiko finala eta harrezkero guztietara sailkatu da. 2018ko txapelduna da.

Nola zaude? Zer etortzen zaizu finalari begiratzean?

Oso pozik nago lehenengoz bost andrek kantatuko dugulako finalean. Bestalde, ikusten dut final bat oso lagunartekoa, elkarrekin asko kantatu izan dugun jendea elkartuko gara eta horrek ere ilusioa egiten dit.

Lemoako finalaurrekoko argazkiak ederki islatzen du laguntasun hori: guztiok besarkatuta ageri zarete.

Halako detaile txikietan ikusten da gauzak beste modu batera egin ahal direla. Kontziente naiz lehia bat dagoela; nahiz eta asko maite duzun jendea egon, irabazi nahi duzu, edo ahalik eta postu onena lortu, humanoa, saihetsezina da hori, baina ez da berdina sentsazioa edukitzea ez nautela gehiago zapalduko edo gozoagoak izatea gauza batzuk. Lehian egoteko modua aldatzen doa, gorputzak aldatzen doaz. Edozein izanda ere aurrera egiten duena, poza sentitzen da eta poz hori transmititzen da.

Aurrera egin dutenetako bat, Aissa Intxausti, ikasle izan zenuen.

Bai, Lekeitioko eskolan. Berak barre egiten du, baina asko gogoratzen naiz berekin eta bere klasekideekin, nire lehen aldia izan zelako eta oso ume naturalak zirelako. Gogoratzen naiz Aissak kristoren gogoa zuela bertsotarako. Ez zuen inor eta eguerdietan arinago joaten nintzen berarekin entrenamendu txikiak egiteko. Oraindik gordeta dut oparitu zidan bonboi kaxa. Ilusioa sentitzen dut Aissarekin. Josune [Aramendi, Lemoan kantatu zuen] ere hazten ikusi dut, eta azken agurrean aipatzean hunkitu egiten naiz. Ez dakit zenbat urtez egon gara eusten, eta atzetik etorri dira beste neska batzuk. Bertso sistema ez da erabat garbia, matxismoa bada, eta saiatu naiz egia transmititzen, gauza politak eta ez hain politak.

Hasierako agurrean umorez kantatu zenuen zure belaunaldiak txapelketa utzia duela eta zure buruari galdetuz ea zertan ari zaren hemen. Baduzu erantzunik?

Ez. Gogoa ere egongo da, ez diot nire buruari muga handirik jartzen. Orain ikusten dut ze final gelditu den, eta hau agertokitik bizi izateko geratu behar nuela diot, arrazoi horrek balio dit momentuz.

Txapelketaren zer balantze egiten duzu oro har? Eta zure lanarena?

Orokorrean esango nuke kristoren maila dagoela eta ziklo aldaketa bat dagoela. Aurpegi berriak daude, asko egon gara urte askoan hor, eta jende gaztea doa sartzen. Aissa finalera sartzea ez da kasualitatea.

Pertsonalki, irailean edo urrian ez zen nire momentu onena, tibia eta peronea apurtu nituen; ezkerreko hankarekin hasi nuen udazkena, baina gero sartzen joan naiz, ilusioa hartzen. Errehabilitazioa amaitu dut eta nahiko ondo noa. Halere, oraindik edukitzen dut mina asko ibiltzen banaiz.

Lemoan saio ona egin nuen. Korapilo handi bat egin zitzaidan pasatutako uda amaiera eta udazkenagatik. Emozionalki gauza asko dakartza sei aste gurpildun aulkian egoteak, muga guztiak onartzeak. Lehen ariketan, zortziko handian, korapilo hori sentitu nuen, baina lasaitu nintzen eta gero nire burua ondo aurkitu nuen, gustura bertsotan. Penatxoa geratu zitzaidan bakarkakoa ez nuelako biribildu nahiko nukeen moduan eta kostatu zitzaidalako ekartzea. Baina pozik, nire buruarekin oso gustura irten nintzen.

Ganbaran hunkitu eta biluztu zinen. Ze zintzo!

Nerea Ibarzabalek esan zuen bezala, zenbat anorexia eta gure buruaren kontrako borroka dauden! ‘Sinzerizidio’ edo biluzte ariketa orokor bat egin genuen bakarkakoan, hor ikusten da gure borrokak zeintzuk izan diren sistema zikin honetan eta horrek zenbat zaildu duen publikoarekin eduki dugun harremana, plazan egon behar horrekin, guk onartzen ez dugun gorputz batean jendearen aurrean egon beharrarekin. Emakumea zara, espazio publikoan zaude, eta gizarteak behin eta berriro esaten dizu ez dela egon beharko zenukeen lekua; isilik, etxean egon beharko zenukeela. Denak dauka oinarri bat, eta bitartean, sufritzen egoten gara.

Zein asmo dituzu Miribillan?

Miribillan, denon moduan, ederrena nahi dut denontzat, eta niretzat, irabaztea. Kontziente naiz ze maila dagoen eta han egotea jada ederra izango da zirkunstantzia askogatik, zortzigarren eginda ere.

Zein eragin izan du zugan 2018ko txapeldun izateak?

Txapeldun izatea beti da ederra, solemnitatea ematen dizu, autoritatea esaten dituzun gauzak ez hartzeko desoreka pertsonaltzat, eta jendaurrean segitzen duzu berdina izaten. Lasaitasuna ere eman zidan. Irabaziko du beste batek, baina behin behintzat irabazi nuen, horra heldu izanaren poz hori daukat.

Zer harreman duzu gaur egun bertsoarekin?

Plazan inoizko ondoen eta gusturen nabil. Orain disfrutatzen dudan moduan ez nuen disfrutatzen 30 urterekin. Autoexijentzia utzi eta leku bakoitzean dagoenarekin gozatzen ikasten ari gara.

 

AISSA INTXAUSTI ABURRUZA: «JENDEA ASKO POZTU DA NIGATIK, ETA HORREK EMOZIONATZEN NAU»

Lekeitio, 1996. 2016an parte hartu zuen lehenbizikoz txapelketan. Aurten, finala probatuko du.

Finalista «sorpresa» izan zara. Zu ere harrituta?

Santurtziko puntuazioak ikustean, aukera txiki bat ikusi nuen. Barruan nintzela jakitean, “ai ama!” izan zen lehenengo erreakzioa. Ikara, poza, publikoa bero-bero, nire inguruko denak negarrez, ni baino emozionatuago.

Nola joan zen finalaurrekoa?

Orokorrean saioarekin pozik geratu nintzen, bereziki zortziko txikiagaz eta hamarreko txikiagaz. Ondoan Josune Aramendi betitik bertso eskolako kide izandakoa nuen, elkarrekin ibili gara entrenatzen. Beste kideak ere oso lagunak tokatu ziren. Kartel ideala zen pertsonalki, eta gainez ez egitea nuen erronka. Sarrerak agortuta zeuden eta ikaraz joan nintzen, kontzentratuta kantatzeko asmoz. Puntuak entzun aurretik, Josuneri esan nion: «Saioan egon naiz eta disfrutatu dut, pozik nago».

Josune Aramendi, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Ibai Amillategi, Oihana Bartra eta zu, etxekoak, batera entrenatzen ibiliak tokatu zineten.

Agur kolektiboa ere planteatu genuen [barrez]. Lagunartean baina txapelketan gaude, esaten nion nire buruari. Nahikoa mentalizatu nintzen, bertsoz bertso nirea egiten saiatuz. Banekien babestuko nindutela, kide oso onak dira eta horrek laguntzen du saio ona egiten eta kontzentratzen.

Zure estiloa erakutsi zenuen. Hizketan sartzen diren elementuak sartu zenituen: «Dena OK, ojo...».

Zalantza egin nuen, baina “sartu egingo dut” erabaki nuen; gazteon hizkera aldatzen doan heinean, bertsokera ere bai.

Azaroaren 25a zen, bost emakume lehenengoz finalaurreko batean. Finalean ere bost izango zarete.

Horren parte izateak ilusioa egiten dit. Onintza oso emozionatuta dago horregaz. Bederatzi final daramatza eta negar batean ikusten nuen. Bera entzuten, momentuan konturatu nintzen horren garrantziaz. 10 urte neuzkala nire irakaslea izan zen eta Miribillako oholtza beragaz konpartitzea oso polita izango da. Jendea pozik ikusteaz ere hunkitzen naiz. Mezu pila bat jaso ditut. Jendea asko poztu da nigatik, eta horrek emozionatzen nau.

Zer iruditu zaizu txapelketa?

Polita orokorrean, eta gaiak bereziki onak. Gai-jartzaile taldeak kristoren lana egiten du, asko zainduz. Oso lan gaitza da eta oso eskertuta nago eurei. Sarrera salmenta ere oso ondo joan da eta publikoa oso esker onekoa izan da. Ia saio denak ikusten joan naiz eta gozatzen ari naiz urduritasun puntu horretaz. Kideekin batzen gara, hainbat bertso eskolarekin. Afariak eta ‘kedadak’ egiten ditugu, bestela egingo ez genituzkeenak.

Zein helburu dituzu finalari begira?

Finalak ez egitea gainez, “ai ama 4.000 pertsona!”. Agian behin izango da bizitzan, eta behintzat disfrutatu ahal izatea desio dut. Nahi dudana kantatu ahal dut, jende pila izango dugu entzuten eta animatzen. Bertan, oholtzan egotea, hori nahi dut. Kristoren erantzukizuna da hainbeste jenderen aurrean mikroan jartzea. Gogoa dut disfrutatzeko, nahiko nuke ez egotea pasatuta. Lehen finaletan deskolokatuta ikusi ditut kide batzuk, urduri egon naiz lagunengatik, eta ez nuke nahi hori pasatzea. Lehen txapelketan baino askoz lasaiago ari naiz eramaten; konfiantza puntua irabazi dut eta hori izan da klabea. Orain arte ez diot nire buruari ipini helburu bat, inoiz ez dut eduki lehiakortasun puntu hau, gai izango nintzenik ere ez dut sinetsi, baina aurten ariketa hori egin dut: «Aissa, harrotu, la puta ama zara», nire buruari sinetsarazi diot ahal dudala. Ahal dudana baino helburu handiagoa ipini dut. Orain arte beti ikaraz joan naiz: «Ea ez dudan erridikulurik egiten». Aurten nahiago dut ondo egin.

Bertsolariak gainbaloratuta daudela idatzi duzu «Bertsolari» aldizkarian.

Neska, txikia, ilehoria, aurreiritziz pixka bat tuntuntzat hartua izan nintekeen, baina mikro bat eta oholtza bat jarri eta jendeak jakintza bat aitortzen digu. Ez du zertan; denak ez gara Amets eta Maialen. Bakarkakoetan espero da txapelketan diskurtsiboki maila bat, eta nik ironikoki idatzi nuen ‘Bertsolari’-n: trankil, ez dugu jakin behar dena egiten.

Onintzak kontatu dit bertsotarako grina berezia sumatzen zizula txikitan.

Umetan ondokoari bertsoak egiten nizkion. DBHn Markinara joan nintzen, Nerea, Josune eta Xabat [Galletebeitia] ezagutu nituen, eta motibatuta ibili nintzen. Gero egia da unibertsitatera arte ez duela izan presentzia handirik bertsoak nire bizitzan. Unibertsitate garaian bertsoagaz lotutako beste mundu bat, askoz informalagoa, ezagutu nuen, bertso poteoak, ostegunak, militantziagaz lotuta, eta txapelketak sarrarazi ninduen bertsolaritzara 2016an. Bertsozale Elkartean hasi nintzen ordezkapenak egiten. Bertso irakasle ere aritu naiz, eta orain elkarteko zuzendaritzan nago. Batzuetan ‘frikitzen’ naiz. Faseka doa, baina beti dago hor.

 

GORKA PAGONABARRA AGORRIA: «PROMESAREN ETIKETA IZAN DUT, BAINA PLAZARA ZOAZ ETA EZ ZAUDE HAIN FUERTE»

Durango, 2000. Finalista gazteena da, baina badu esperientzia, hala izan zen 2021ean ere. 2018an ere parte hartu zuen Bizkaiko txapelketan eta 2022an, Euskal Herrikoan ere bai.

Pozik dago Miribillan kantatzeko «aukera eder hau» duelako, bigarrenez gainera. «Egun oso intentsoak dira», sentimendu asko ditu barrenean bueltaka: poza, urduritasuna, beldurra... «Hor daude, baina denak bere lekuan, neurtuta momentuz».

Helburu berezirik jarri diozu zure buruari finalerako?

Duela bi urte handitxo gelditu zitzaidan finala, nire burua kanpoan ikusten nuen. Aurten konfiantza gehiagogaz nago, eta gustatuko litzaidake bertan sentitzea eta ariketaren batean niretik uztea; iritzi aldetik, dena delakotik.

Hasierako agurrean aipatu zenuen joan den txapelketan finalean sartzeak ez zenekiela on egin ote zizun. Gaztea izanik ondorenera garatutako segurtasun faltak, plazan ere demostratu beharrak... Zer eragin izan du zugan?

Sorpresaz sartu nintzen, poza ikaragarria izan zen, baina gehiegizko garrantzia eman nion. Gero kostatu zait berriro nire burua topatzea eta kokatzea, onartzea finalera pasatu arren bertso txar pila kantatu behar ditudala oraindik. Adibidez, Euskal Herriko txapelketara pasatu ginenean, hor nahiko bolada txarra izan nuen, 2022ko udazkenean hiru-lau saio kateatu zitzaizkidan zeinetan ezin nuen bertso bat ondo josi, tartean izan zen Euskal Herriko saioa, eta nahikoa sufritu nuen. Kostatu zitzaidan final oste hori, eta hein horretan bigarrenez finalean egotea bada nire autoestimuarentzat opari txiki bat.

Gazteenaren titulua ere badaramazu. Zer ekartzen dizu?

Promesaren etiketa hori izan dut, fuerte datorren gazte horrena, baina gero plazara zoaz eta derrepente ez zara hain ona. Kostatu zait hori ulertzea eta kudeatzea. Bertsotan ondo egin nahi duenak lan asko egin behar du. Balio izan dit ikasteko eta beste heldutasun bategaz ailegatzeko.

Lehen saioan kantatu zenuen, Berrizen, eta txukun aritu zinen.

Finalerako nire helburua, bertan egon eta niretik zerbait uztearena, Berrizen lortu nuela esango nuke. Beldur eta zalantza puntu batekin nintzen, inoiz ez da jakiten nola joango den, baina egun hartan nire alde erabili nituen nerbioak. Orokorrean, ofizioetan, hanka sartze batzuk eginda ere, dakidanaren zati handi bat erakutsi nuen. Ez nuen aparteko kolperik eman, baina bertsoz bertso nahiko saio politak osatu nituen.

Nola prestatu zara?

Betikoa da, inork ez daki zehazki zer egin behar den txapelketa prestatzeko &esc;[dio irriz]. Bertso eskolak egin, jendaurrean egin beharreko ariketak behin eta berriz entseatu, akatsak atera eta horiei begira berriro egin... Nire kontura ere saiatzen naiz irakurtzen eta buruan bertsoa presente edukitzen etengabeko bilaketa horretan.

Zein harreman duzu bertsoekin? Zer moduz zabiltza plaza aldetik?

Garaiaren arabera ilusio gehiago edo gutxiagogaz, baina orokorrean ilusio eta poz handiagaz ibiltzen naiz plazarako aukera dagoenetan. Oso karu dago plazarako sarbidea, bertsolari on asko dago eta oso gaitza da lekutxo bat egitea. Hortaz, poz handia sentitzen dut plazak agertzen direnean, baina bestetik, arriskua izaten da saio gutxiko garai batzuk eduki eta desengatxatu eta desmotibatzekoa. Hala ere, ez dut bertsoa uzteko burutaziorik izan.

Nola ikusi duzu txapelketa oro har?

Txapelketa guztietan pasatzen den bezala, ez dago pozik denentzat, zortzi leku daude eta bidean geratzen dira pena batzuk. Final laurdenetan jendea orokorrean oso urduri ikusi nuen, berea ematetik urrun samar. Hor pena batzuk hartu nituen eta nire buruari esan nion “ea finalaurrekoetan horri buelta ematen diogun”. Hor gehiago eman genuen guretik. Pertsonalki, justu bederatzigarren eta hamargarren geratu dira Aitor Bizkarra eta Txaber Altube lagunak. Intentsoa izan da ospakizuna, jakin dugu batzuen penak sendatzen eta besteen pozak ospatzen. Ezinbestekoa da taldea bertsotarako, lagunen pozekin poztea.

Zortzikotearen argazki berria da. Aissak sorpresa eman du, Aitor [Etxeberriazarraga] eta biok aurrekoan eman genuen bezala, eta aurten konfirmatu. Bertsolari diferenteak gaude eta ederra izango da bakoitzak bere tonu berezia atera ahal izatea. Ez dut gehiago esateko; esateko dudana saiatuko naiz errimatuta esaten.

 

AITOR ETXEBERRIAZARRAGA GABIOLA: «NIRE ILUSIO HANDIENA DA PAPER ON BAT EGITEA PLAZETAN JARRAITU AHAL IZATEKO»

Gernika-Lumo, 1993. 2018an parte hartu zuen lehenengoz txapelketan eta 2021ean finalista izan zen. 2022an Txapelketa Nagusian kantatu zuen. Hirugarren egin zuen Berrizen eta kolokan egon zitekeen. Baina erregular ibili zen eta eustea lortu zuen.

Lehendabiziko finalaurrekoa kantatuta, urruti samar ikusten zuen finala, baina egunez egun martxa hartzen eta mentalizatzen joan da.

«Bat-batekotik asko dauka bertsoak, eta horretaz aparte txapelketak psikologiatik eta emozioetatik asko dauka. Niri loan eta gosean ez dit eragiten. Normalean urduritasunak tripan nabaritzen ditut eguna gerturatu ahala. Oraingoz ondo nago, gorputzaldi onarekin, atseden hartuta eta gogotsu», adierazi digu.

Nola joan zen Berrizen kantatu zenuen finalaurrekoa?

Saiora etortzea kostatu zitzaidan, ez nagoelako ohituta finalerdietako tentsio batekin hasten txapelketa. Hau hirugarren txapelketa dut, eta nire bizitzako lehenengoetako saioa zen. Oraingoan, lekua topatze horretan zortziko handian urduri hasi nintzen, baina hortik aurrera gustura.

Zortziko txikian gustura ikusi zintugun Abarkasekin.

Osoen edo biribilen hori irten zitzaidan. Beste ariketekin ere nahiko gustura geratu nintzen. Momentu batzuetan sentsazioa izan nuen gaian kokatzerakoan korrontearen kontra nenbilela. Batzuetan dena alde tokatzen da; besteetan, igeri joan behar izaten da bila. Hori da txapelketa.

Ganbarako lanarekin konforme gelditu zinen?

Bai. Ez zen bereziki landua neukan gai bat, nik aukeratua, baina gaia entzunda ezin kokatu nenbilen, ez nuen topatzen helduleku solido bat sakon eta dentso kantatzeko. Orduan, boteprontoan, denbora aurrera zihoala ikusita, Olentzeroren gorabeheretan sartu nintzen. Joskerarekin, bertsoaren etorriarekin gustura geratu nintzen, baina heldulekua bera ez dakit errepikatuko nukeen.

Nola prestatu zara? Zertan egin duzu ahalegina?

Hiru urtean hiru txapelketa jokatu ditut lehenengo bider, eta aurrekoaren neketik guztiz lasaitu barik harrapatu nau honek. Lehiatzen ibili behar horretan ilusioa topatzea pixka bat kostatu zait. Ez zen hainbeste entrenamenduaren nekea, baizik eta berriro lehiara atera behar izateko neke bat. Saiatu naiz doinu desberdin batzuekin, bakarka ere neurri motza aukeratu nuen, desafio txiki batzuk jartzen nire buruari.

Nola bizi duzu lehia?

Ez dut kontsideratzen bereziki txapelketa zalea den pertsona naizenik, baina ulertzen dut bide zuzena dela plazetan egoteko. Bereziki aurreko Bizkaiko finaletik, eta Euskal Herriko txapelketan egindako lanarekin ere nahiko konforme geratuta, nire bertso agenda handitu egin da, oso-oso gustura nabil, gozatu dut. Nire ilusio handiena da paper on bat egitea, behintzat beste hainbeste plazetan jarraitu ahal izateko. Agian bi urte barru ezberdin ikusiko dut txapelketa bera. Baina orain helduleku handiena edo solidoena da badela plazara heltzeko modu bat.

Zer diozu txapelketaren ibilbideaz eta finalaz?

Finalerdietan hartu du txapelketak eskatzen zen beroaldia, eta final guztiz polita gelditu zaigu. Zortzikotetik bost dezente batzen gara bertsotarako, kasualitatez edo ez, Aramaion ibili gara elkartzen. Gorkarekin [Pagonabarra] ere badaukat ‘feeling’ berezi bat, lehenengoz elkarrekin sartu ginen eta bigarrenez elkarrekin gatoz. Zortzikote oso-oso polita ikusten dut, sentitzen dut jendearen eta bertsozaleen partetik oso gustura jaso dutela, poztasunez. Ardura hori gure gain hartu, eta ea benetan ez den karteleko final polita bakarrik.

Zein helbururekin joango zara zu?

Ez dut helburu berezirik markatu, nahiko nuke behintzat igarri dadila ez dela lehenengoz nagoen plaza bat, badakidala non nagoen. Entrenamenduetan eta plazetan sentitzen naizen bezala sentitu nahiko nuke bertsotan.

Zer oroitzapen duzu aurreko finalaz?

Ez nuen bereziki sufritu, baina pandemiako finala zen, hotzagoa, musukoarekin. Protokolarioagoa izan zen eta ez nuen bereziki jai baten sentsazioa bizi. Horren guztiaren barruan, nahiko gustura kantatu nuen. Sentsazio horretatik eta pandemiako final bat ez den horretan zerbait biribilagoa lortu nahiko nuke orain.